"Normala eta humanoa iruditzen zait konfliktiboegia ez den norbait hautatzea".
1995eko otsailaren 12a
Patxi Goenagak beteko du A.Maria Labaienen lekua Euskaltzaindian
"Normala eta humanoa iruditzen zait konfliktiboegia ez den norbait hautatzea".
Patxi Goenaga euskaltzain aukeratu berria
Euskaltzaindiak azken bolada honetan hizkuntzalaritzaren inguruan finkatu ditu premiak, eta ildo beretik ulertu behar dela bere hautaketa esan digu Patxi Goenagak. Euskaltzain oso, Antonio Maria Labaien zenak utzitako lekua betetzeko moduan da.
Aipatua duzu lehen bozketan hautatua izateko aukerak zenituela. Kandidatu ofiziala al zinen?
Gero ikusi den bezala, uste dut sektore handi baten kandidatoa behintzat baietz. Euskaltzaindiak dituen asmoak ofizialtasunetik baldin badoaz eta horiek ofizialak direnek markatzen badituzte, baietz esan liteke.
Euskaltzain osoen artean, gero eta gehiago dira gramatika, linguistika eta soziolinguistika arloetan dabiltzanak; literatura ingurukoak ez al dira bigarren maila batean geratzen ari?
Azken bolada honetan Euskaltzaindiak gehiago jo du hizkuntza beraren inguruko azterketak lantzen dituen alorretik. Noski, geroari begira bestela ere izan daitezke gauzak. Baina momentu honetan apustu horren alde egiten badu, premiak bide horietatik ikusten dituelako izango da.
Lustrea emango dioten izenekin jokatzea baino, besterik begiratu behar du Euskaltzaindiak. Gaur egun literaturan puntan egon daitekeen jendea aukera zezakeen eta oso ondo egongo zen, baina pertsona horrek ez badio Euskaltzaindiari ezer ekartzen... Espainiako Real Academia de la Lenguan, esaterako, orain pisu handiagoa du literatura bidetik ari den jendeak. Espainolak, baina, ez ditu euskarak dituen premiak normaltasun aldetik eta beraz, luxuzko zerbait izan daiteke Akademia horrentzat honelako figurak izatea.
Txillardegik oso salaketa gogorrak egin ditu. Zer iritzi daukazu?
Txillardegi asko estimatzen dut, bere literatur lana... Txillardegi behin baino gehiagotan hautatua eta baztertua izan da. Jakina, erabakia hartzen dutenen artean zenbaitek oso garbi izan dezake halako profila duen hautagaia behar dugula. Baina ez da soilik hori izaten, oso normala eta humanoa iruditzen zait arazoak sortaraziko ez dizkion bat hautatzea Euskaltzaindiak, konfliktiboegia izango ez dena behintzat. Eta ez dut uste Txillardegiren kasuan zein beste batzuetan bere politikagatik izan denik, bestelako arazoak daudela uste dut.
«Gramatika bideetan» liburua idatzi zenuenetik zein aurrerapen ikusten duzu arlo horretan?
Ikara emateko modukoak. Eta hori da arazoa. Gramatika sortzaile eta inguru horretan egundoko aldaketak egin dira eta hor dagoen erronka da ea nor den gai teorien garapenari jarraitzeko. Ikusi besterik ez dago garai hartan merkatuan zer zegoen eta azken hamar urteotan zenbat jendek egin dituen tesiak...
Zertan saiatuko zara hemendik aurrera?
Ahal dudana egiten. Lehengo martxari segitu beharko diot. Espero dut laster Unibertsitateko Errektoreordetzako kontuak utzi eta galdutako denbora berreskuratuko dudala.
Euskaltzaindiak 75 urte bete ditu. Une honetan zein premia larri ikusten dizkiozu?
Euskaltzaindiak argi izan behar du zein diren egin beharreko lanak, ikerketak... Leioako Batzarrean azaldu bezala, Euskaltzaindiak zientzia eta era berean `politika' egin behar ditu. Esaterako, «arazi» eta «erazi»ren modukoekin erabaki bat hartzen da eta erabaki hori politikoa da. Bi arlo horietan bideak garbi izan behar dira eta, noski, bata bestearen euskarri da. `Politika' egiteko, lehenik ikerketa zientifikoa egin behar da.
Azken bolada honetan aipatzen da Euskaltzaindiak ez ote daukan zor zaion dirulaguntza. Euskaltzaindiari lanerako laguntza horiek eskuratu behar zaizkiola iruditzen zait. Bekarioak izateko aukera gehiago izan beharko lituzke eta agian, ikerketarako zenbait jende liberatzeko aukera.
Euskarak dituen beharretatik atzean ibiltzea egozten diote Euskaltzaindiari zenbaitek...
Kontuan izan behar da inor ez dela Euskaltzainditik bizi. Euskaltzaindiko jendeak bere lanak ditu hortik zehar. Idazleek, irakasleek eta abar edozein huskeriarekin topo egiten dute eta erantzuna behar dutenez normala da kexatzea. Hala ere, uste dut Euskaltzaindiak bere lan erritmoa bizkortuko duela.
Nola bideratu daiteke hori?
Euskaltzaindia gaztetu egin da azken urteotan. Horrek irakurketa bat izan dezake: helburuak garbiago edukita erritmo biziagoa lor dezakeela. Batzordeak animatuz gero lan egingo dute eta euskaltzain osoen artean ere badago borondatea erabakiak proposatu eta euskara batua bultzatzeko.
Euskararen normalizazio bidean zein eremutan sumatzen dituzu behar handienak?
Morfologiaren aldetik nagusiena egina dago: aditzak, deklinabideak... Premiak bestelako morfologian aurki daitezke: hitz sorketan egunero gertatzen dira arazoak. Sintaxi aldetik ere deskribapen ona egin eta hizkuntza aberastu behar dugu.
Irakaskuntzan eta beste arloetan zein da egin beharrekoa?
Ez dakit jendea zenbateraino dagoen ongi prestatua gaiak euskaraz irakasteko. Erakundeek eta Unibertsitateak ahalegina egin beharko lukete jendea hobeto prestatzen laguntzeko. Guztiongan ere ezjakintasuna handia da. Materialari dagokionez ere zeregin handia dago.
Euskaltzainditik urrun gelditzen diren hizkuntz politikako beste kontuetan ez nuke sartu nahi, baina azpimarratu nahiko nuke euskal giroko herri batean euskaldun bat galtzea okerragoa dela erdal giroko herrietan hamar euskaldun irabaztea baino.
Araban EAJ eta UA elkartuko diren susmoak daude, EHEren salaketak... Nola ikusten duzu egoera?
Triste samarra. Neurri konkretuetan sartuta, euskara boto kontua bilakatu da. Zenbait partiduk demagogia hutsez jokatzen dute, funtzionarioen euskalduntzeaz mintzatzen dira... Eta hori, azken batean, ehuneko oso gutxien arazoa da.
Ez dut ikusi oraindik hizkuntza minorizatuek handiekiko ikustezina dutenik. Alderantzizkoa, ordea, nabaria da. Araban sortutako Veleia elkartea eta horiek daude euskararen kontra. Une honetan borroka egin behar da euskara kohesio faktore izan dadin. Alegia, nahiz eta euskaldunak gutxiengoa izan eskubide batzuk baditugula eta Administrazioak bermatu egin behar dizkigula.
ARTOLA, Maite
37-39