argia.eus
INPRIMATU
"Blues-a beltzena dela esatean jarrera arrazista ageri da"
1995eko otsailaren 05
Dave Kelly gitarra-jolea blues erritmoak zabalduz Euskal Herrian
"Blues-a beltzena dela esatean jarrera arrazista ageri da"
Dave Kelly gitarra-jole eta The Blues Band-eko abeslaria
Fifties-en etorrerarekin piztu zitzaion Dave Kellyri musikarako zaletasuna. Britainiar honek gogoan ditu oraindik The Everly Brothersen abestiak kantatzen zitueneko garaiak. Gitarra akustikoaz zein elektrikoaz lagunduta, baina batez ere blues erritmoko abestiak igotzen ditu eszenatokira. Asmatu du, gainera, bakarlari gisa egindako lanak, talde ezberdinetako talentuekin bateratzen. Egun, The Blues Band-ekin ari da eta Euskal Herrian izan genuen duela gutxi.
Egun hauetan hainbat kontzertu eskaini dituzu Euskal Herrian. Nolako harrera sumatu duzu?
Lehenengo emanaldia, urtarrilaren 18an, Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako kanpusean eskaini nuen eta oso ondo atera zen. Jende gazte ugari zegoen bertan; horietako zenbait ziur aski kontzertua dohain zelako, baina blues jakitunak ere sumatu nituen. Ondorengoa Bilbon izan zen. Hartan entzule berriak ezezik, nire adin ingurukoak ere hurbildu ziren. Harrera polita jaso dut eta oso gustura aritu naiz.
50eko hamarkadan hasi zenuen musikan ibilbidea. Arrebak zerikusi zuzena izan omen zuen...
Gitarra lehenengoz jo nuenean oso gaztea nintzen. Gaztetxoak ginela, ia haurrak, Everly Brothersen kantuak jotzen genituen. Hamar urte nituela ere, funtzioetan, oporretan abestu ohi genuen. Jo Ann nire arreba eta biok batera zaletu ginen blues-arekin. Justu gu bizi ginen auzunean, gainera, bazen disko denda bat, blues disko ugari zituzten eta maiz hurbiltzen ginen erostera.
Zertan aldatu da zure musika hasi zinenetik?
Aldatu da, bai. Everly Brothers taldearen eragina izan nuen hasieran, eta ordutik aurrera aldaketa dexente izan ditut. Une batean folk estilorako jauzia egin dut, beste zenbaitetan blues elektrikora igaro naiz. 60ko hamarkada inguruan nengoen taldearekin osatutako hainbat grabazio entzun ditut egun hauetan, eta nahiko kaskarrak direla aitortu behar. Nire jarrera musikarekiko asko aldatu da, zentzutu edo lasaitu egin behar izan dut. Lehen nintzena baino askoz ere profesionalagoa bihurtu naizela uste dut.
Telebista eta zinemarako ere prestatu duzu musika.
Oso esperientzia dibertigarria izan zen. 1985, 88 eta 89an egin nituen zenbait lan, baina ez gauza handirik. Ez naiz Holliwoodera iritsi, horretarako EEBBetako mendebaldeko kostan bizi behar izango nukeen. Hala ere, oso atsegina izan da honetan jardutea.
Egun, The Blues Band taldearekin zaude. Aurrez, berriz, bakarlari gisa ere aritu zinen. Zergatik aldaketa hori?
Beti parte hartu dut talderen batean eta aldi berean bakarrik aritzea konbinatu dut. Akustikoa jo edo bakarrik aritzea gustuko dudan bezala, taldean aritzea ere atsegin dut. Aspektu berdinaren atal ezberdinak dira, eta horiek lantzeak interesa mantentzen laguntzen du.
Blues-a beltzen musika den ustea oso zabaldua dago. Zer iritzi duzu horretaz?
Horrela izan zen hasieran. 30eko hamarkadaz geroztik hasi zen ez izaten espreski beltzena. Noski, sorreran blues asko beltzek egin zuten, baina planteamendu horrek jarrera arrazista ageri du. Musika musika da, eta etengabe aldatzen eta berritzen doa. Alegia, ez da museoko pieza, eta zalantzarik gabe blues-a ere ez da museoko pieza. Nik egiten dudana eta Robert Johnsonek 30eko hamarkadan egiten zuena desberdinak dira, 50etan Howlin Wolf-ek egin zuena ezberdina zen bezala. Denboraren poderioz musika aldatzen da.
Osasuntsu al dabil egungo musikaren egoera?
Ez dakit. Azken 30 urte hauetan lanbide honetan dabilen profesionala naiz eta urte onak bezalaxe izan dira txarrak ere. Gehienak onak izan direla dirudien arren, ez da oso inpresio zuzena. Hogei urteko nire seme batek talde batean jotzen du, eta berak orain dauzkan arazo berberak izan nituen nik adin hartan, lokalen falta zela.... Horrela dira gauzak. Entzutea gustatuko litzaidakeen musika asko dago. Ez dakit Euskal Herrian nola gertatuko den, baina Ingalaterran, hala Thatcherren hamar urteetan nola Majorren lau urteetan ere, norberak berea ordaindu behar izan du lana aurrera aterako bazuen. Agintariek jakin badakite zenbat kostatzen den, baina ez dute horretarako laguntzarik ematen.
Zer iritzi duzu Londres eta Ipar Irlandaren artean gauzatzen ari diren negoziazioez?
Urte askotan luzatutako guda izan da; lehenago ere hitz egin beharko zuketen alde biek. Oso pozik nago hitz egiten ari direlako, baina Londresko Gobernuak aurrez zuen jarrera, hau da, «terroristekin» ez zela elkarrizketatuko esatea, lehenago amaitu behar zela iruditzen zait. Munduaren erdiak beti esan du terroristekin ez zela hitz egingo. Gauza bera gertatu da Israelen ere, eta terroristatzat zituztenekin ari dira orain hitz egiten. Nire ustez, terrorismoaren aitzakiapean, ez dute bakea oztopatu besterik nahi.
Bost musikariren izenak doazkizu segidan: Mark Knopfler, Prince, Sinead O'Connor, Aretha Franklin, eta Jimmy Hendrix.
Mark Knopfler? Jeinua. Prince? Jeinua. Sinead O'Connor? Ziur naiz emakume honek alde onak badituela, baina ez zait gustatzen. Aretha Franklin? Zoragarria, jeinua, eta Jimmy Hendrix? Jeinua.
ARTOLA, Maite
44-45

GaiezKulturaMusikaMusika modeTaldeakTHE BLUES
GaiezKulturaMusikaMusika modePertsonakAbeslariakKELLY1
PertsonaiazKELLY1
EgileezARTOLA6Kultura