"Mende honetako okasiorik handiena dugu Guggenheim".
1995eko urtarrilaren 29a
Arte galeriak eta Guggenheim Gonzalez de Duranaren iritziz
"Mende honetako okasiorik handiena dugu Guggenheim".
Javier Gonzalez de Durana Rekalde arte aretoetako arduraduna
Rekalde 2 aretoa ireki dela-eta jo dugu Javier Gonzalez de Duranarengana, dituzten asmoen berri jakitera. Baina zabalago ere aritu gara, arte galerien eskaintzaz, Guggenheimez eta artegintzak gurean bizi duen errealitateaz.
Ireki berri duzuen aretoa nazioarteko azken tendentzien erakusleiho eta euskal artistentzat plaza izango dela aipatu duzue. Nola jorratuko dituzue bi asmo hauek?
Rekalde galerian, orain arte, urtean behin artista gazteek beraien lanak aurkezteko aukera zuten eta artista euskaldunen hainbat erakusketa ikusteko posibilitatea zegoen. Baina jasotzen genituen proposamenak ugariak ziren eta galeriak ez zuen gehiagorako ematen.
Rekalde 2 zabaltuta, berriz, bestela joka dezakegu, lokal berri honetako espazioak aukera ugari eskaintzen baitizkigu, besteak beste erakusketen abanikoa zabaltzekoa.
Rekalde 2ren asmoa, nazioartean azken joeren inguruan egiten dena erakutsi eta ildo berean lan egiten duten euskal artistak atzerritarrekin harremanetan jartzea eta elkarlan horretatik bestela emango ez liratekeen emaitzak lortzea izango da.
Bestalde, hemen aurkeztuko diren lanak entseiu modukoak izango dira, sortzen ari den zerbaiten plaza izango da Rekalde 2. Areto izateaz gain, tailer moduan ere uler daiteke bere eginkizuna.
Hemengo eta atzerriko artisten arteko elkarlana aipatu diguzu. Baina, zer aukera dute euskal artistek nazioarteko merkatuan aritzeko?
Nazioarteko zirkuitu ofizialetan aritzeko kanalizazio bat osatu behar dela-eta arazo hau guk instituzio bezala konpondu nahi dugun zerbait da. Zentzu honetan, Rekalderen helburua ekimen pribatuak betetzen ez dituen hutsuneak ezabatzea izango litzateke, eta lortzen ari garela esan dezakegu.
Azkenaldi honetan Euskal Herrian hainbat areto berri irekitzen ari dira; zeri erantzuten dio fenomeno honek?
Lehen arte areto batek tendentzia guztiak jorratzen zituen, hau da, XIX. mendeko euskal artisten lanetatik hasi eta gaur arte. Gaur egun, aldiz, galerien erabateko espezializazioa ematen ari da, eta hau da azken finean bezeroari benetan interesatzen zaiona, erosketa bat egiteko orduan leku zehatz batera jo eta bertan gustuko duen alorreko eskaintza zabala aurkitzea. Beraz, galeria berri hauen guztien sortzearen arrazoia espezializazioan eta gaurkotzean dagoela esango nuke. Gure aretoak, baina, instituzioen aldetik zerbitzu publikoari begira antolatuak daude, eta beren funtsa modernizazioaren ispilu izatea dute.
Guggenheim museoaren aholkulari ere bazara. Zer nolako balorazioa egiten duzu orain arte emandako pausoei buruz eta zentzu honetan eztabaidatu denaz?
Nire iritzia, museo honekiko, ezin hobea da. Proiektu honetako akatsik handiena, nire ustez, informazio ezarena izan da. Ikaragarrizko zabalgune ekonomikoko proiektua izanik, garrantzitsuena amerikarrekiko negoziazioa zen, eta ezinezkoa zitzaigun gaiaren inguruan publikatzen zenari banan-banan erantzutea.
Euskal Herriak mende honetan arte munduan izango duen oportunitaterik garrantzitsuena izango da, eta Guggenheimen aurrekoaz eta gerokoaz hitz egingo dugu.
Kalean inpresio zabaldua dago museo honetan diru asko gastatzen ari dela, oinarrizko premientzako dirurik ez dagoenean.
Gauzak aldi berean eraman daitezke, baldin eta aukera historikoak Guggenheim Bilbon izatea ahalbidetzen badu. Nire ustez, Guggenheimi ezetz esatea izugarrizko akats politiko, kulturala izango litzateke. Kritika hauen guztien arrazoi nagusia zenbait pertsonaren ideologian kokatuko nuke. Nik pentsatzen dut ez dela eskala piramidal baten arabera funtzionatzen, non bat poliki-poliki handitzen doan; aitzitik, gauzak gertaera eta aukeren arabera ematen eta garatzen dira.
Guggenheim museo honek iparramerikarren kolonizazioa ekarriko al du?
Ez zait bidezkoa iruditzen jendeak gauza hauek esatea. Lehenik eta behin esan beharra dago arte bilduma hau europarra dela; beraz, amerikarrek eraman zutena Europara itzuliko da. Bestalde, Bilboko Guggenheim Fundazioak lau zutabe nagusi ditu: Bilboko Udaletxea, Diputazioa, Eusko Jaurlaritza eta New York-eko Guggenheima. Alegia, New Yorkekoak nagusitzea ezinezkoa da; %75 hemengo instituzioen esku baitago. Kolonizazioa eman nahiko balitz ere, eragotzia izango litzateke. Aipatzekoa da, halaber, museo honetako langileen %85 euskal herritarrak izango direla eta %15 iparramerikarrak, eta zuzendaria ere bertakoa izango da.
Euskal artistek beraien lanak aurkezteko aukera izango dute?
Guggenheim bezalako museo baten maila oso altua da, bertan goi mailako lanak erakutsiko dira; jatorria bigarren maila batean geratzen da. Nolanahi ere, Guggenheimen egoitza bat Bilbon egoteak inguruko komunitate artistikoarekin erlazio estua izatera bultzatzen gaitu. Honela, bertako artistek lan oso onak badituzte, nazioarteko maila altu horretara heldu ez arren, beraien lanak erakusteko nolabaiteko erraztasuna izango dute.
Nolakoa da instituzioen jarrera artearen munduarekiko?
Instituzioek arte munduan azken bost urteetan inoiz egindako ahaleginik handiena egin dute. Hain ona izan da zenbait aspektutan, negatibotzat ere joko nukeela. Kulturaren nolabaiteko instituzionaltzea eman da, artista gazte asko sari-bekei esker bizi dira sektore artistiko funtzionarial bat sortuz ondorioz.
Zer iritzi duzu Euskal Herrian egun egiten den arteari buruz?
Izugarrizko energia sortzailea dago. Gauza berriak egiteko borondate handia dago eta honen erakusgarri da belaunaldi bakoitzean bost-sei pertsona adierazgarri egotea; honelako herri txiki baterako portzentaia hau oso handia da.
URIBARREN, Lierni
41-43