argia.eus
INPRIMATU
Luis Alberto Aranbarri: "Euskarazko herri telebistak lagundu ditzake- gu".
1995eko urtarrilaren 08a
ETB eta Herri telebisteen artekoak
Luis Alberto Aranbarri: "Euskarazko herri telebistak lagundu ditzake- gu".
Euskal Telebistatik nola ikusten da herri telebisten errealitatea?
Herri telebistek konplexuagoa egin dute telebista merkatua. ETB jaio zenean, berau zen neurriz eta eremuz euskal herritarrek ikus zezaketen telebistarik txikien eta hurbilena. Oreka hori hautsi egin da eta ETB ez da honezkero ez txikiena, ezta handiena ere. Beraz, ETBk bere mailari dagokiokeen betekizunik aproposena landu beharko du aurrerantzean. Zentzu honetan, ezin ahaztu lehen Eusko Jaurlaritzaren 1980-84ko programa, noizbait eskualde mailako programazioa burutu beharra.
Herri telebistetatik ETBk zerbait ikas al lezake?
Eraz eta moldez, tajuz eta zentzuz, herri telebistak desberdinak dira oso. Ez dirudi eredu jakin eta zehatzik dagoenik. Ondoko bost urteetan ikusi beharko legeria berriak eta herri ekimenak zer ekartzen diguten eta zein eredu finkatzen den. Oraingoz, zenbait herri telebista esperimentazio eta eskarmentu mailan besterik ez da ari.
Zein asmo du ETBk herri telebistekiko, elkarlanari dagokionez?
Sortze bereko bokazioari jarraituz, ETBk nolabaiteko laguntza eskain liezaieke euskaraz ari diren herri telebistei, baina ez horrenbeste erdaraz ari direnei, dimentsioz eta audientzi-esparruz (hiriburuetan, esate baterako) lehiakide izan baitaitezke. Honek ez ditu inondik ere ukatzen, bestalde, mundu guztiko telebista guztien artean daudekeen harreman profesionalak.
Jendea ETBrako prestatzeko balio lezakete herri telebistek?
Batere zalantzarik gabe, prentsan zein irratian gertatu izan denez eta beste edozein industri-sektoretan arrunt asko izan ohi denez.
JAUREGI, Mikel/GERRA, Ainhoa
22

Gaiez\Komunikabid\Telebista\Herri teleb\Besteak
Pertsonaiaz\ARANBERRI1