argia.eus
INPRIMATU
«Zinemagintza latinamerikarrak ikuslearen nahi berriak asetzen ditu»
2021eko uztailaren 19a
Rolando Diaz zinemagileari elkarrizketa
«Zinemagintza latinamerikarrak ikuslearen nahi berriak asetzen ditu»
Rolando Diaz, zinemagile kubatarra
Bilboko Nazioarteko Zinemaldiko epaimahaiko kide lanean izan da gure artean, eta bide batez bere lana ikusteko eta gozatzeko aukera eskaini digu. Berarekin aritu gara, Kuban egun egiten den zinemagintzaz.
Zer maila antzeman diozu, epaimahaikide gisa, Bilboko Laburmetraia eta Dokumentalen Zinemaldiari?
Maila altua oro har. Zoritxarrez, fikziozko lanek dokumentalen kopurua gainditu dute, nahiz eta jenero bien arteko mestizajea gero eta nabarmenagoa izan. Bestetik, gehienak zinemagile gazteak direnez, gauza berritzaileak ikusteko parada izan dugu. Baliabide desberdinekin egindako munduko herrialde desberdinetako laburmetraiak eta dokumentalak ikusi ditugu eta bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Biziki interesgarria izan da epaimahaian egon izanaren esperientzia.
Zertan da Kubako arte eta zinema industria?
Baliabide faltagatik produkzio kopurua asko jaitsi da. Duela bost urte fikzioa, dukumentalak, animazioa, laburmetraiak zein luzemetraiak egiten ziren. Egun, bizpahiru luzemetraia eta zortziren bat dokumental baino ez dira egiten.
Hala ere, Institutuak bizirik darrai; «Fresa y chocolate» edota Huelvako Zinemaldian saria jaso duen «Reina y rey» filmeak lan honen eredu dira. Baliabide mailako arazo hau neurri batean gainditzeko koprodukziora jo da, eta honen bitartez, Kubako zinemagintza nazioarte mailan oihartzuna eta merkatuan arrakasta erdiesten ari da.
«Fresa y chocolate» asko zabaldu bada ere, Kubako zinemagintzak apenas du oihartzunik nazioarte mailan. Zergatik?
Egoera kontua da, eta ez dut uste Kubako zinemagintzaren arazoa bakarrik denik, hau da, EEBB alde batera, munduko herrialde gehienen arazoa da. Filme espainiarrak adibidez, Espainiako aretoetan ikusten dira soilik, eta ez dira Europara ateratzen. Kubako zinemagintzak arazo bera du.
Merkatu eta zinema industriaren irizpideak dira nagusi eta arlo hau aski ondo ezagutzen dute Iparramerrikarrek. Gainera, industria indartsua eta baliabide anitzekoa dute. Ez da erraza hauekin konpetitzea, nahiz eta egokiena, nire ustez, hori den: hots, filmeen arteko lehia osasuntsua garatzea.
Hala ere, Latinamerikako zinemagintzak gero eta harrera hobea du.
Gero eta titulu gehiago dira Latinamerikako mugak hautsi eta kanpora ateratzen direnak. Argentina, Brasil, Mexiko, Kuba edo Kolonbia bezalako herrialdeak ari dira mugimendu hau elikatzen. Mugimendu estetikoa da, ezaugarri propioak ditu eta berria ez bada ere _urteak daramatza_, sasoi garrantzitsua bizi du.
La Habanako Latinamerikar Zinemagintza Berriaren jaialdian, eredu honen garapena ikusteko aukera izan dugu. «La estrategia del caracol», «La tarea», «Fresa y chocolate», «Como agua para chocolate» filmeek arrakasta eta oso harrera ona izan dute, merezi ere merezi dutelako. Pozgarria da benetan. Ikusleak, estatubatuar zinemagintzaz gain, gauza berriak eskatzen ditu. Zinemagintza latinoamerikarra desberdina, igergaitza, beroa da eta ikuslearen eskaera berriak aski ondo asetzen ditu.
Zeintzuk dira «Fresa y chocolate» filmeak jaso duen arrakastaren arrazoiak?
Ulergaitza da. Sei aldiz ikusi nuen merkaturatu baino lehen, eta ez nuen horrelakorik espero. Tolerantziaren gaia ondo jorratzen duen filmea da, baina ez genuen espero nazioarte mailan jaso duen boom-a. Soziologoen esku utziko nuke fenomeno honen azterketa eta argumentazioa.
Hainbat jenero landu dituzu, dokumentalak barne. Aipatu izan duzunez, dokumentalak fikziozko lanen aldean alboratu samarrak daude. Zer dela eta?
Kubari dagokionez, gazteek egiten duten aukeraketa da. Beste ikuspuntu bat dutela nabari da, eta fikzioa nahiago dute dokumentalak egitea baino. Duela bospasei urte dokumentalen kopurua 40koa zen; aurten lauzpabost besterik ez dira egin. Hala ere, fikzioa lantzeko joera hau nazioarte mailakoa da.
Bestetik, Kubako zinemagintzak badu jeneroak nahasteko ohitura. «Fresa y chocolate»k, nahiz eta fikzioa den, baditu dukumentalaren ezaugarri nabarmenak, kaleko irudiak hartzeko moduagatik eta abar. Izan ere, jeneroen ortodoxia aspaldi galdu zen Kuban, eta nahasketa honek bide naturala jarraitzen du.
MYRIAM GARTZIA
44.45

GaiezKulturainemauzendariakDIAZ1
PertsonaiazDIAZ1
EgileezGARTZIA3Kultura