argia.eus
INPRIMATU
Txus Congil: "Izugarrizko itxurakeria dago, droga legalak onartzen ditugu eta oso lasai gaude"

1994ko azaroaren 27a

Drogari buruzko elkarrizketa Txus Congil (Adore)-eri
Txus Congil: "Izugarrizko itxurakeria dago, droga legalak onartzen ditugu eta oso lasai gaude"
Zein da zure iritzia haxixaren legeztatzearen inguruan?
Zigortze bidea ezkorra izan da. Kontsumoa jaitsi baino, alderantziz gertatu da, eta gainera ustelkeria izugarria eragin du polizien artean, eta arlo ekonomiko eta politikoan ere. Debekatuta egotearen xarmak eskaria handitu egin du, eta drogaren kalitate txarra bultzatu.
Horren guztiaren inguruan eztabaida egin zenuten Askagintzakoek duela bi urte.
Normalizazioa izan zen zabaldu genuen mezua. Euskal Herrian eta mundu osoan drogak izan dira, daude eta izango dira; beraz, drogekin bizitzen ikasi behar dugu, baina drogamenpekotasunik gabe. Gizarteko arlo guztiek eztabaida zezaten proposatu genuen. Drogamenpekotasunari aurre egiteko hamar ordu eskaini behar badizkiogu, prebentzioari zazpi eskaini behar genizkioke, tratamenduari bi, eta kontsumoa eta salmenta arautzeari bat.
Legeztatzea ez da promozioaren sinonimo.
Legeztatzea, liberalizazioa eta azkenik promozioa izango ote den beldurra dago. Droga guztiak pixkanaka arautu behar dira, eta haxixarekin hasi behar dugu. Egia da toxikomanoen % 99k aurretik porro-ak erre dituztela, baina haxix erretzaileen artean ez dago heroina hartu izan duenik, eta heroinazaleen % 100ek bere garaian biberoia hartzen zuten. Izugarrizko itxurakeria dago, droga legalak onartzen ditugu eta oso lasai gaude, eta izugarrizko arazo eta ondorioak sortzen dituzte.
Arautzeak soilik ez du dena konponduko. Alkohola, tabakoa eta botikak araututa daude; baina guk izan dezakegun arazo pertsonala edota soziala ez du legeriak soilik konponduko. Egun daukagun sistema zigortzaileak lagundu baino, oztopatu egin du drogamenpekotasunaren aurka egin den lana.
JOXI GOIKOETXEA
21