Andoni Egaña bertsolariak diska bat grabatu du
«Bertsolaritzak beste formato batzuk probatzeko premia du une honetan»
«Tximeletak sabelean» diskoa aurkeztuko du Andoni Egañak Durangoko Azokan
Ez zuen bi bider pentsatu IZk diskoa grabatzea eskaini zionean. Bere burua ipurtarintzat du Andoni Egañak, eta okasioa aprobetxatuz, sabelean dituen tximeletak aske uzteko modua topatu du lanean. Bere hitzetan, bertsolaritzak gizartearen erdiguneetan egon behar du eta horren ildotik, bertso-paperak instrumetu ugariren doinuetara egokitzea aukera aproposa iruditu zaio zarauztarrari.
Nolatan Andoni Egaña disko batean lanean?
IZ disketxeko arduradunak aspaldidanik ari zitzaizkidan zerbaiti heldu behar geniola esaten, eta orain astia banuenez animatu egin nintzen. Hasieran ez nuen ideia oso garbi ikusten, baina barruan sartu naizenean gauza ugari deskubritu ditut.
Zuk idatzitako bertsoak kantatuko dituzu noski.
Bertso-paperak disko formatora hurbiltzeko ahalegina izan da gogorrena. Bertso-paper jartzaileok orokorrean gai bat agortu arte idazteko ohitura dugu eta hori ezinezkoa da diskoan. Gaien aukeraketa eta tratamentua ere irizpide horren araberakoa izan da. Maitasun bertsoak dira batzuk, Lazkao Txikiri eskainitako sail bat tartean, gai sozialen bat ere ukitu dut eta beste pare bat erotikoak.
Jendeak Egañaren ironia asko estimatzen du...
Badago hori ere, ez gehiegi baina nabari da. Gertatzen da diskoa egitean aurrez idatzitakoa aldatu beharrean izan naizela zenbaitetan. Hitzak idatzi eta doinuak aukeratu ostean, Mixel Ducauri eman eta honek moldaketak egin ditu. Baina moldaketen arabera, doinuak zenbaitetan ez zidan balio neukan hitzerako.
Atzean duzun musika taldea ikaragarria da: teklatuak, baxua, bateria, gitarra, perkusioak, akordeoia, trikitrixa...
Ezer baino lehenago esan behar dut diskoaren portadan Andoni Egaña azalduko den arren, gutxienez Egañak eta Mixel Ducauk behar zutela agertu. Mixelek egin ditu moldaketa eta prestaketa lan guztiak. Kaki Arkarazo izan da teknikoa eta musikoak ere oso onak.
Itzela izan da horien guztien musikarekin batera nire bertsoak tartekatzea, bien arteko oreka topatzea ez baita erraza. Bertsoa lakarra da berez, denbora guztian errima du eta horrek irentsi egiten du zertxobait musika. Hala ere, gutxieneko oreka lortu dugulakoan nago.
«Tximeletak sabelean» da diskoaren izena. Egonezina sentitzen al zenuen?
Taulatura igo aurretik izaten den sentipena islatu nahi nuen, ezer baino lehen bertsolaria bainaiz.
Bestalde, bertsolaritzak beste formato batzu probatzeko premia du. Bertso-paperak kalitate oso onekoak izan arren, komunikabideetan irtenbiderik gabe gelditzen dira.
Ezinbestekoa deritzot bertsolaritza gizartearen erdiguneetara iristeari. Guk ideologikoki eragina izan nahi dugu eta ez izan soilik bazter batean kantuan ari diren pertsonak.
Eragina zein zentzutan?
Gu ez gara politikoak, ezta iritzi korronteak ere, baina besterik ez bada hor egon gaitezela. Esaterako, irratian zein telebistan nekez entzuten dena, tajuz musikatu ostean gehiago hedatzea.
Zein estilotako doinuak ageri dira?
Lau edo bost abestik lehengo bertso doinuak dituzte, baina moldaketak entzunez gero aluzinatzekoa da. Jose Inazio Ansorenak pare bat edo hiru prestatu ditu, Mixel Ducauk ere lagundu du... Denetarik dago eta ziurrenik hori da diskoaren ezaugarri bereziena. Izan ere, edozein diskok estilo bat jarraitzen du; nik, ordea, ez nuen hori egiterik, eta gogorik ere ez. Abesti batzuk tristeak dira, besteak alaiak. Erritmoetan ere aldaketa anitz daude.
Bat-bateko bertsogintzarekin alderatuz nolako esperientzia izan da?
Oso ona, berria eta polita. Bat-bateko bertsogintzaren aldean lasaia da. Bat-batekoan jendearen erantzuna berehalakoa da eta bestalde, ahalik eta ulergarrien egin behar dituzu bertsoak. Diskoan, esaldi sinbolikoagoak eta filosofikoagoak erabil ditzakezu. Ikaragarri gustura sentitu naiz hau egiten. gainera, uste dut Mixel Ducau bere bizitzako lehenengo hitza idazten hasia dela; eragina elkarrekikoa izan dela adierazten du horrek.
Besoak atzealdean jartzeari utzi eta kontzertuak eskaintzen hasi behar al duzu orain?
Ez, ez, nola ba! Hasteko, nire ahotsa ez da ona eta are okerrago, nire erritmo zentzua zuzeneko emanaldietan behar dena baino askoz ere kaskarragoa da. Antzeko beste esperientzia bat, ordea, gustura errepikatuko nuke.
Lehenago Anje Duhaldek eta Xabier Amurizak atera zuten diskoa. Gero, «Sei Eskale» eta orain zu... Moda kontua al da?
Ez zait iruditzen moda kontua denik, bide berriak urratzeko premia baizik. Izakera kontua ere bada, ni, esaterako, nahikoa ipurtarina naiz.
Aitortu behar dut, denbora aldetik hankasartzea egin dudala. Urriaren lehenean hasi behar nituen sentitzen tximeletak sabelean eta ez urriaren 25ean. Horrek ez du esan nahi diskoa landuago aterako zenik, baina gehiago egin nezakeen. Hurrengorako badakit hau zer den.
Lanean eszedentzia liburua egiteko hartu zenuela pentsatzen genuen...
Neronek ere horrela uste nuen. Amaitu zait, gainera, eszedentzia. Nirea bezalako bizitza erritmoarekin errazagoa izan zait diskoan aritzea, liburuan baino.
MAITE ARTOLA
40-41
Gaiez\Kultura\Argitalgint\Argitalpena\Diskoak
Gaiez\Kultura\Musika\Argitalpena\Diskoak
Gaiez\Kultura\Bertsolarit\Bertsolaria\EGAÑA1
Pertsonaiaz\EGAÑA1
Egileez\ARTOLA6\Kultura