Lierni Elortza Segura Irratiko esatariari buruzkoak
Lierni Elortza: «Tregoa gisako une gozoak eskaintzen ahalegintzen gara»
Segura Irratia 1959. urtean sortu bazen ere, 1972. urtetik aurrera ari da etengabeko jarioan. Otoitzak euskaraz irratiratzea zuen helburu nagusia eta antzinako asmo horrekin lotzen duenik izan arren, egun norabidea erabat aldatu duela esan digu Lierni Elortzak.
ARGIA. Zein da Segura Irratiaren entzule arrunta?
LIERNI ELORTZA. Azterketarik ez dugu eta beraz zuzeneko harremanetatik atera ditugu ondorioak. Irratsaioen arabera jende heldua edo gazteagoa biltzen da eta partehartze zuzena izaten dute. Gure helburua goierritarrentzat kontu interesgarriak ematea da. Gure irratia eguneroko borrokan tregoa gisako une gozoak eskaintzea bezalakoa da.
A. Kilometroak-en antolaturiko saio erraldoia esperientzia bakana izango da?
L. E. Berebiziko ahalegina izan zen eta zorionez gure entzuleak ohartu ziren. Iaz Gabonetako programazio berezia ere antolatu genuen eta oraindik zehaztu gabe badago ere, antzeko zerbait egiteko asmoa dugu.
A. Zazpi urte eman dituzu jada Segura Irratian. Zein da zure eguneroko lanaldia?
L. E. Gurea oso lantalde txikia da eta ondorioz, denetarik egin behar izaten da. Egun goizeko magazina eta arratsaldeko kultur-saioek jaten didate nire denboraren zatirik handiena.
A. Zer jarri eta zer kenduko zenioke zure lanari?
L.E. Presa kenduko nioke. Gauzak tajuz egiteko betarik ez denez inprobisazioa izaten da nagusi. Gaueko saioek ere xarma berezia dutela uste dut, eta gustura ekingo nioke bati. Egunak 24 ordu baino gehiago izango balitu, lasaiago arituko nitzateke. Zoritxarrez Segura Irratiko erlojua besteak bezalakoa da.
PILI KALTZADA
55
GaiezKomunikabidIrratiaSEGURA IRR
PertsonaiazELORZA
EgileezKALTZADA2Komunikabid