Iris Mansard jantzi-sortzaileari elkarrizketa
«Moda elite batentzat, mundu osoko 2.000 biztanlerentzat egina dago»
IRIS MANSARD
Luhusoko Harnaberria etxean aurkitu dugu Iris Mansard jantzi-sortzailea. Urte asko daramatza etxe handi horretan hariak leihoetan oihalak eta jantziak egiten. Bere izena ezagutzera eman du Euskal Herrian eta munduan zehar ere. Mundu berri batean sartu da azken hilabeteotan perfume berri bat sortuz: Dir-dir.
Nondik zatoz?
Alemaniatik nator. Duela 22 urte etorri nintzen Euskal Herrira. Lau urtez egon nintzen Parisen bizitzen Munichen bizi izan ondoren. Paris hiri oso ederra da baina jendearen arteko harremana oso berezia da. Bestalde, hiri kutsatua zen jadanik, eta infernu bat bihurtu zen niretzat. Senarrak itsaso aldera joan nahi zuen, eta Donibane Garazira etorri ginen.
Nola antolatzen duzu lana?
Hasieran ikastaldi franko antolatu nituen oihalak egiten erakusteko, eta pixkanaka alde batera utzi dut modak ere aldatzen baitira, eta produkzioan hasi naiz. Material franko baliatzen ditut -zeta, kotoia, artilea-, kalitate handikoak. Haria modu ezberdinetan landuz produktu ezberdinak egiten ditut eskuz.
Puntu berak edo eskema berak beste material batekin eginda emaitza ezberdina lortzen duzu. Eta gero kolorea sartzen delarik bestelakoa. Ezin duzu asmatu aitzinetik zer emaitza lortuko duzun nahiz eta ideia bat izan abiatzean. Aldiro ezuste bat daukazu eta egiten diren konposaketak ordenagailu batek eginen lituzkeen baino konplikatuagoak dira. Nik egiten ditut proposatzen ditudan modeloak, batzuetan serie txikitan sortzen ditut eta horretarako laguntza hartzen dut. Gehienetan modelo bakarrak, eta bezeroak Luhusoraino etortzen dira hautatzera edo modelo berezia manatzera. Sare bat antolatua dut eta bezeroak itzultzen zaizkit. Bertako jendea ere interesatzen da nire lanarekin.
Orain beste arlo batean hasi zara. Perfume bat sortu duzu.
Beste abentura bat izan da. Euskal Herrirako sortu dut gehienbat. Dir-dir lurrina aurkeztu dut eta aurkeztuko dut erakusketa batzuetan. Arras ongi hartua izan da, beraz, posible da zabalketa handiagoa egitea etorkizunean. Ikusiko dugu. Asko gustatu zait lan horretan hastea. Perfume bat ateratzeak erran nahi du produktu bat daukazula, berria nire kasuan, eta aski erraza merkaturatzeko, jantzi bat baino errazagoa. Eremu zabalagoetan zure burua ezagutzera emateko aukera duzu.
Jantzien kasuan jendeak gurekin mintzatzea eskatzen du, sortzailearekin, baina ez da beti posible izaten. Alta, perfume batekin ez zara horretara behartua. Beste batzuk arduratzen baitira salmenta lanaz.
Nola ikusten duzu mundu hori?
Ez naiz batere mundu horretakoa. Itsusikeria iruditzen zait. Baina bada gauza kezkagarriago bat, jendea ez dela gehiago janzten. Saltokiak begiratzen badituzu aski hurbiletik ohartuko zara dena berdina dela, itsusikeriak saltzen direla. Jendea gaizki sentitzen da bere larruan, eta larru horren gainetik itsusiagoa den zerbait jartzen du. Penagarria da, gorputza gordetzen da. Hondartzara joan behar da jendea nola egina den ikusteko. Gero komedia egiten da, antzokira joateko ere jendea ez da janzten. Denek jantzi bera dutela irteten dute, dirurik ez balute bezala. Zurikeria baino ez da. Dirua gordetzen da. Eritzen naiz emazte eder bat gaizki jantzita ikustean. Hori da ardo on bat hozkailuan gordetzea bezala.
Moda ofiziala eremu berezia da zure ustez.
Noski, elite batentzat egina, mundu osoko bi mila biztanlerentzat gutxi gora-behera. Baina sektore hori, jantziena, defizitarioa izan da erabat azken 15 urteotan. Penagarria da jantzi horiek osoki eskuz eginak baitaude. Lan egiteko jakitate izugarri bat da, galtzen ari dena. Gaur egun edozein atorrengatik 200 libera ordaindu behar dituzu; begiratzen baduzu nola egina den kaka bat da, eta guk eskaintzen dugun produktuari begira garesti ordaintzen dugu.
Lan egiteko modu bat desagertzen ari da. Eta horren ondoan, jantzi triste horien egiteko, ez baitira gehiago Portugalen egiten, Txinan egiten dira askotan eta horretarako kanpamenduak antolatzen dira, leku galdu batzuetan eta inguruko neskak biltzen dira lan egiteko. Asmatuko duzu zein lan baldintzak dituzten, erdi erosiak izaten dira. Hori da gaur egun sortu den esklabismo berria.
Jendeak diru franko xahutzen du hala ere, gaizki jantzia izan arren. Dotorea izateak ez du erran nahi gizonen atzetik zabiltzala. Inportantea da polita izatea. Haur batentzat inportantea da ama polita izatea. Afrikara joaten bazara ikusiko duzu emazteak zein ederrak diren. Parisen bertan afrikarrak beti jantzi ederretan dira, koloretsuak. Ongi jantzia izatea beste bat da. Nik plazer handia hartzen dut ongi landutako jantzia begiratzen. Orain gehienetan jogging-ak jartzen dira.
Beraz, saiatzen zara beste itxura bat ematen emakumeei.
Baina lan hori desagertzen ari da. Gaur egun gehien erakusten dena josteko teknika aldetik joste industriala da. Garai batean 12-15 ziren lan tresna baten inguruan, orain ezin da. Lehenago kultura izugarria zen, goi mailako jakitate bat zen edo ezagutua, ez ziren langile arruntzat hartzen. Orain jakitatea ez da partekatzen, bakoitza bere zokoan gelditu eta bizi da. Euskal kulturaren adibide ona da zentzu horretan, jendea elkartu baita, zerbait lortzen ari da.
Adierazten duzuna fenomeno orokorra al da?
Nik hunkitzen dudan mundu horrek merkatu oso zabala du, beraz politikari oso lotua da. Fraka bakeroen merkatua oso inportantea da, gauza horiek ez dira kasualitatez sortzen; ez dira inozoak, izugarrizko boterea dago gibelean. Gaur egun gauza asko ordaintzen dira oso merke baina kalitate gabekoa, eta horretarako gainera, miseriazko kanpamenduak sortzen dira. Ni ez naiz merkatu horretan sartzen, aipatu dudan guztia politika ekonomikoa da eta ez naiz sistema horretan kabitzen. Egiten dudana, eskuz egindakoa da, kalitatea da, sorkuntza egiten dut eta gustatzen zait.
Erakustokia antolatu duzu zure etxean, helburu zehatz batekin.
Neure helburu nagusia aski didaktikoa eta ludikoa izatea zen. Erosketa guztiak supermerkatuetan egiten dira, dena dago zelofan azpian. Ziur nago haur batzuek pentsatzen dutela artilea supermerkatuetan aurkitzen dela, ez zaiela burutik pasatzen ardiei kentzen zaiela. Beraz, artilea, kotoia, zeta eta material guzti horiek ukitzeko parada eman nahi nuen, eta elementu horiek landu ahal izateko tresnak ezagutzera eman nahi nituen.
Jendeak ez daki katea nola egiten den. Gertatu izan zait oihal bat prestatzea bezero batekin, koloreak hautatuz eta tresnan hariarekin oihala egiten hastea bere aitzinean, eta berantago, jantzia bukatuta bezeroa ez zen ohartu oraindik nik egin nuela dena, pentsatzen zuen oihala kanpotik ekarri nuela. Ez dute pentsatzen ahal hemen bertan egina dudala dena. Gainera, batzuentzat hori pentsatzea ezinezkoa da, langile sinple baten lana ez baita kontuan hartzen. Ez dira nik hartzen dudan plazerraz ohartzen. Galdetzen didate non dudan ordenagailua. Enpresako nagusi izan behar da, modernoa, puntako teknika ukan, ez dira langile xumeak kontsideratzen, artisautza ez da modan. Hori gehienbat Frantzian gertatzen da, beste erresumetan ez hain garbi.
Nola aukeratu duzu perfumearen izena?
Lagun euskaldun batzuekin elkartu, denen artean aritu izena bilatzen, eta hori aurkitu dugu: Dir-dir. Euskal Herria gogoratzen zuen izena nahi nuen eta orain hemen «Dir-dir anderea» deitzen naute. Oso arrakastatsua izan da, izena ongi sartu da eta denetan saltzen da.
Gero eta eremu handiagoa hunkitzen duzu.
Neurri batean. Nire produkzioa ezagutaraztea lortu dut. New Yorken ere nire lana preziatua izan da. Nire buruari gauza batzuk frogatu nahi nizkion, eta orain lan asko dut eta denbora gutxi nire sorkuntzak ezagutzera emateko. Amerikako merkatuak oso ongi hartu nau. Pretentsiorik gabe bilatzen nituen helburuak lortu ditut. Orain idatzi egin nahi nuke baina ez dut denborarik.
IXABEL ETXEBERRIA
28-32