«Euskaltzaindikoek askotan erakutsi dute ez dutela ni hor egoterik nahi»
1994ko urriaren 16a
Jose Luis Alvarez "Txillardegi"ri elkarrizketa
«Euskaltzaindikoek askotan erakutsi dute ez dutela ni hor egoterik nahi»
TXILLARDEGI
Kurrikulum bukaezina da Jose Luis Alvarez Enparantza «Txillardegi»rena, hau bezalako tarte txiki batean bere osotasunean aztertu ezinekoa. Euskaltzain urgazlea, euskal literaturaren historian idazlea garrantzitsua, unibertsitateko irakaslea, ETAren sortzaileetakoa eta aspaldidanik HBko partaidea, hainbat gai izan ditugu hizpide elkarrizketa luze bezain interesgarrian. Dena ezin sartuta, hona hemen emankorrena.
Leioako batzar izan berri honen ondoren, zein lehentasuni heldu beharko litzaioke?
Fonema bakarren ahoskera erraz onar daiteke, eta fonemen elkarketa batzuk ere argi daude. Azentuei buruz premia handia dago, bestela erdal azentuak sartuko zaizkigu. Alor honetan zerbait lortzea posible da.
Euskara batuaren prozesuari buruz laudorioa izan da nagusi, baina bidean ere zerbait galduko zen.
Prozesu honetan euskara batua salbatu nahi dugu eta ez euskalkiak, eta ez maite ez ditugulako. Azentuari dagokionez, bada garaia bizkaiera kontuan hartzeko, bere azentuak interesgarri eta jatorrenak direlako. Justiziazkoa eta zientzia aldetik egokia da halako protagonismoa ematea.
Hiztegiaren aberastasunean, karlistadetatik trena galdu dugunez, orain euskara ez dago gaurko teknikaren beharrei erantzuteko prestatua. Teknika berrien inguruan, egokiera semantikoa... UZEI egiten ari den lana oso garrantzitsua da.
Euskararen osasunaren inguruan, zein dira dituen arazo edo premiarik handienak?
Erabilpenaren inguruan esan daiteke berreskurapena hasi dela; ezaguera maila, berriz... Baikortasun txiki bat izateko arrazoia badago, hala ere ez da ukatu behar oso puntu bajuetatik a- teratzen ari garela.
Hirietan behintzat, Donostia lekuko, euskara lehen baino gehiago entzuten dela nabarmena da. Legazpiko Kilometroak adibide harturik, ikusten da badagoela oinarri bat, behetik badatorrela zerbait, alegia.
Kalitateari so eginez, erdarakadetara ohitzen ari gara. Lehen euskal belarria bazegoela esaten zen, eta egun jendeari ezerk ez dio minik egiten.
Ipar Euskal Herriko euskara kontuan hartzeko beharra azpimarratu du berriki Ibon Sarasolak. Hego Euskal Herriko euskaldunok, nolabait, ahaztu egiten dugula sarri Bidasoaz gaindiko hizkera.
Hegoaldean ez da ezagutzen eta literaturan garrantzitsuena izan arren, ez da estimatua. Harropuzkeriaz, ez ikusia egiten zaio. Hego eta iparraren artean harremanak estutu beharko lirateke. «Euskaldunon Egunkaria» eredu onena dugu, batasunaren bidean.
ETBri dagokionez, Bizkaia eta Iparraldekoei oso zaila egiten zaie erabiltzen den euskara ulertzea.
Euskaltzain urgazle zara, ez euskaltzain oso, ordea. Zure jarrera politikoak zerikusirik izan al du horretan?
Noski. Frankismo gogorpean, txosten oso garrantzitsuetan euskara batua lehen aldiz planteatu zuena Federiko Krutwig izan zen. Ondoren, Alfontso Irigoien iritsi arte, Euskaltzaindia umezurtz gelditu zen. Ni euskaltzain urgazle 1957an izendatu ninduten, eta beste lagun batzuekin Euskaltzaindiaren Laguntzaileak izeneko taldea antolatzen ahalegindu ginen. Hori bertan behera gelditu zen, Euskaltzaindiak politika tarteko zela ikusi zuelako, ETAkoak baikinen.
Euskaltzaindiak ezer egiteko asmorik ez zuenez, 1963an dimisioa aurkeztu nuen Xarritonekin batera, euskara batuaren bideratzea eskatuz. Ez zitzaidan onartu. ETAkook, iparraldean Eusko Idazkaritzaren inguruan komite bat sortu ondoren, euskara batuaren prozesua bideratzen hasi ginen.
Baionan euskara batuaren alde eginiko lehen kongresuan, Mitxelenak oso ondo ari ginela esanez idatzi zidan. Hori guztia ahaztua izan da, ez da aipatu ere egiten. Eta Baionako lanari segida emanez, 1968an Arantzazuko kongresua egin zen.
Euskaltzaindiak euskara batuaren kezka beti izan badu, nik barruan egon beharko nuke. Hiru aldiz errefusatu naute. Ni inoiz ez naiz izango Euskaltzaindikoa, ez dut izan nahi, ez dut ezer jakin nahi ere. Behin eta berriz erakutsi baitute ez dutela ni hor egoterik nahi. Benetan bidegabekeria izugarria izan da. Horregatik ez naiz joan Leioako bilerara.
Minduta antzematen zaizu. Hitz oso gogorrak dira horiek.
ETAkoen eta neure lana ezkutatzen ari dira, eta hori fartsa bat da, guztia Baionatik bideratu baitzen. «Euskera» aldizkaria begiratzea besterik ez dago: euskara batuaren prozesua Krutwigek hasi eta gero nik planteatu nuen, eta hori ez da sekula esaten. Lehen kongresuetan, euskara batua gogor eskatzen genuenok Aresti eta biok izan ginen. Dagoeneko berandu da eta Euskaltzaindian eta Gasteizen ateak itxi dizkidatenez, hori ez dut barkatzen. Guztia nire jarrera politikoagatik izan da, ETAkoa izan eta HBkoa naizelako. Euskaltzaindiko urgazlerik zaharrena naiz.
Egiguzu HBk botoetan jasandako galeraren azterketa edo analisia. Eta zein litzatekeen hortik itzuri egiteko hartu beharreko norabidea.
Boto-emaileak ez du irakurtzen, eta telebista, aldiz, guztiz garrantzitsua da. Telebistako zuzendarien jarrera aldatzen ez den bitartean, botoa ez da aldatuko. Euren jokaera ikusirik, egoera nekez itzuliko da. Hezkuntza, telebista... dauden bezala egonik jai dugu. Nola ez gara jaitsiko, beraz?
Euskal Herriko egoerari irtenbidea emateko ausardia eta formula berrien premia azpimarratzen ari da azkenon.
Indar harremanak nola dauden ikusirik, ez dago buelta emateko aukerarik. Formula berri bat Buesa dagoen lekutik kentzea litzateke. Eta HBrekin ez dute hitzik ere egin nahi. Telebista piztuz analfabetismo orokorra nondik datorren ikusten da.
Zer iritzi duzu presoen bergizarteratzearen inguruan?
Amore ematea da, eta ez dut uste ETAkoek hori onartuko dutenik. Preso kolektiboa batuta dago, ez dut dudarik. Nekatuta izan arren, ez dut uste amore emango dutenik.
Urriko hauteskundeen ondoren, areagotu egingo al du HBren partehartzea Gasteizko Parlamentuan?
Ez dut uste. HBko jende askok ez du bide horretan batere sinesten, neu barne, irtenbiderik gabekoa baita. Gauzak dauden bezala eta autodeterminazioa eta beste gauza batzuk argi eta garbi onartuak ez badaude, ez nuke ezertan ere parte hartuko.
Zure liburu berria autobiografikoa izango da. Konta iezazkiguzu horren nondik norakoak.
Beronek sei kapitulu ditu. Lehen atalak Euskal Herri zaharra du erro eta euskarak nola egin duen atzera. Datu ugariz, euskarak Huescan, Pirinioetan izandako presentzia azaltzen dut.
Bigarrenean, karlismoa Euskal Herrian zer izan zen kontatzen dut, gaingiroki baina gauza garrantzitsuak azpimarratuz. Hirugarren atalean euskara batuaren prozesua jorratzen dut, inoiz kontatu ez ditudan gauzak aipatuz.
ETAren hastapenei buruzkoa laugarren atala litzateke. Horretan ere sekula esan ez diren gauzak jakitera emango ditut. Ekin-en sorrera, eztabaidak, dokumentu ezezagun batzuekin; guztia ni ETAtik atera arte. Bostgarrena ezker abertzaleari buruz izango da. Azken atalean, berriz, euskara eta autodeterminazioa dira gaiak, herri honen soluzio bakar bezala
Hamaika bitxikeria ere dantzatuko dituzu, ez?
Besteak beste, ESBtik bota nindutenean aurkeztu eta ezagutzen ez diren txostenak azalduko ditut. Hortik aurrera, eta azken atala autodeterminazioa bada ere, nahitaez gaurko politikan sartu naiz.
Nola egin daiteke 500.000 lagunentzako literatura eta euskal kultura.
Badugu adibide interesgarririk. Islandian, adibidez, 230.000 dira eta sekulako produzioa dute, eta irakur zaletasun handia dago. Estonia, Lituania, Eslovenia... literatura normalizatua duten herriak dira eta herri hauetan gure eredua bilatu behar dugu, eredu nordikoa deritzana alegia. Hots, literaturak funtzio nazionala izatea.
Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle diharduzu; nola ikusten duzu?
Masifikazioa sumatzen hasiak gara. Bestalde, Joserra Etxebarria bezalako profeta bat eta Koldo Gorostiaga, euskara unibertsitatean sartzeko bultzatzaile nagusiak izan direnak kalean daudela pentsatze hutsa injustizia nabarmena iruditzen zait.
Linguistikaren ikerkuntza arloa, gero eta gehiago, fakultateek egin behar dute, Euskaltzainditik Unibertsitatera pasatu behar da. Egun gu baino oinarri hobeak dituzten ikasketak egindako jende mordoa dago.
JON ODRIOZOLA
22-26