argia.eus
INPRIMATU
«Donostiakoa munduko zinemaldirik onena da espainierazko filmeentzat»
2021eko uztailaren 19a
Imanol Uribe zine zuzendariari elkarrizketa
«Donostiakoa munduko zinemaldirik onena da espainierazko filmeentzat»
Imanol Uribek Urrezko Maskorra jaso du Donostiako Zinemaldian
Urrezko Maskorra oraindik esku artean duela harrapatu dugu, Madrilen. «Dias Contados» filmeak alde batera eta bestera sortu dituen iritziak izan ditugu hizpide.
«Dias contados» amodiozko istorioa dela esan duzu, ez dela politikoa. Baina, pertsonaiak eta egoerak kontuan harturik, zure aurreko euskal filmeetarara ez al zara itzuli?
ETAkidea eta drogazalearen arteko harremana aukeratu nuen unetik banekien lotura politikoa egingo zela. Baina, egia esan, alderdi politikoak ez nau batere erakarri.
Aurretik egindako filmeekiko loturarik ere ez dut ikusten. Filme haiek Euskal Herriko egoerari buruzkoak ziren, eta hau ez. Madrilen kokatua dago.
Lotura, agian, egun gertatzen ari diren gauzez hitz egiten dela izan daiteke. Besterik ez. «Mikelen heriotza» filmean bazegoen ikuspuntu politikorik, intrantsigentziari kritika bat egiten zitzaion. Kasu honetan ez. Asmoa muturreko egoera batean dauden bi pertsonaiaren maitasun istorioa kontatzea baino ez da.
Baina, maitasun istorioa kontatzeko halako pertsonaiak aukeratu izanak irakurketa hori indartu du, ez?
Erabakia hartu nuenean banekien irakurketa politikoak beste guztia jan zezakeela, pelikularen asmoa desitxura zezakeela. Baina, zailtasunen aurrean ez naiz inoiz kokildu, eta oraingoan ere ez.
Ni pozik nago Donostian jaso dudan erantzunarekin. Badakit komunikabide batzuetan besteetan baino gehiago gustatu dela, baina ez dut uste arlo politikoa gehiegi azpimarratu denik. Beste gauza bat da horrelako maitasun istorio baterako halako pertsonaia bat aukeratu izana kritikatzea. Horretan ez naiz sartzen, balorazio politikoa delako.
Zuk denetarik egin duzu. Filme politikoak, zinema beltza, fantastikoa, komedia, eta orain, berriro, kutsu errealista duen lana egitera jo duzu. Zergatik?
Pelikula bakoitza mundu bat da. Alde batetik bestera aritzen naizela esan izan didate, eta egia aitortzera, ez ditut gauzak planifikatzen. Honen ondoren, komedia erromantiko bat egingo dut, eta gero batek daki nora joko duen neure begiak.
«Dias contados» bedeinkatua izan da Madrilen, eta aldiz, kritikatua Donostian. Zer irakurketa egiten duzu honi buruz?
Nik ere itxura hori jaso dut, filmeak hobeto funtzionatu duela kanpoan Euskadin baino. Ez dakit zergatik. Agian, hain gertutik harrapatzen gaituen kontua izanik, zauriren bat edo beste ireki duelako.
Donostiako Zinemaldian azken bost urteotako lehen sariak Espainiako filmeek jaso dituzte. Nahikoa kategoria lortu al da lehiaketotan goiko muturrean egoteko edo Espainiako zinema babesteko estrategia dago atzean?
Donostiakoa munduko zinemaldirik onena da espainierazko filmeentzat. Beraz, ez da harritzekoa espainierazko onenak Donostiara etortzea, europar onenak Cannes eta Veneziara joaten diren moduan, eta saririk lortzea.
Oso modu kritikoan baloratu izan duzu Eusko Jaurlaritzak urteotan eraman duen zinemagintza politika. Nola ikusten duzu Ikusentzutekoen Fundazioaren sorrera?
Subentzioen politika antolatu zen hasiera batean, koprodukzioen sistema gero, eta hainbat froga egin ondoren orain badirudi taktika aldatuko dutela. Momentuz, dudazko jarrera da neurea. Beharbada onerako izango da, ez dakit. Itxaron egin beharko da, zer gertatzen den ikusi.
J.J. PETRIKORENA
40-41

GaiezKulturainemaFilmeakLuzemetraia
GaiezKulturainemainemaldiakDonostiako
GaiezKulturainemauzendariakURIBE1
PertsonaiazURIBE1
EgileezPETRIKOREN1Kultura