Mauricio Rosencof Tupamaroen buruzagi ohiari elkarrizketa
«Estradizioen auzia hautesleak eskuineratzeko erabili da»
Mauricio Rosencof, Uruguayko tupamaroen buruzagi ohia
Askapen Nazionalerako Mugimendu Tupamaroaren buruzagi ohia da Rosencof. Bizi izan dituen 61 urteetatik 13 espetxean igaro ditu. IPESek Hegoamerikako hegoal- dearen egungo errealitatea azaltzeko Bilbora ekarrita, ez dugu berarekin solasteko aukerarik galdu.
Zein aukera ikusten diozu Uruguayko ezkerrari azaroak 27ko hauteskunde orokorretan?
Uruguayko ezkerraren prozesua oso interesgarria da. 1971n Nazio Askapenerako Mugimendu Tupamaroak, Martxoak 26 Mugimenduaren bidez, eta Seregni jeneralak gidatuta, Fronte Zabala sortu zuen; ezker muturretik demokristautasunera bitarteko eremua biltzen zuen talde zabala. Orduko hauteskundeetan arrakasta izan zuen baina gero diktadura etorri zen. Orain, Fronte Zabala berriro ari da indarrez, eta azken hauteskundeetan Montevideoko Udala eskuratu zuen. Kontuan hartu behar da Uruguayk hiru milioi eskaseko populazioa duela eta erdia Montevideon bizi dela.
Montevideon berriro irabaziko bide du Fronte Zabalak. Zenbaiten ustez, hauteskunde orokorrak ere irabaz ditzake, baina inkesten arabera Sanguineti-Batalla formula gailenduko da. Edozein modutan ere, argi geratuko da hiru indar politiko nagusi daudela: Alderdi Nazionala (Zuria), Alderdi Coloradoa eta Fronte Zabala, eta edozein gobernu eraketarako horiek kontuan hartu behar direla.
Badirudi euskal herritarren estradizioak gogor eragin duela bertako bizitza politikoan.
Hala da. Ordura arte ere Uruguayko egoera politikoa gorabeheratsua zen, baina abuztu bukaera arte alderdiek zentro aldera jotzen zuten. Barne ministroak, errepresioa eta euskaldunen auzia hautesleak eskuineratzeko erabili izan du. Errepresioa oso bortitza izan zen, balak gerritik gora jaurtikitzen ziren eta dozenaka zauritu eragin zituen...
Ofizialki hiru hildako izan ziren.
Baina gehiago dira; presio handiak izan dira. Diktadura garaian ere koarteleten atxilotuak hiltzen zitzaizkienean gorpua familiari ematen zioten, baina publiko ez egiteko aginduarekin. Modu dokumentatuan ezin da jakin zenbat hildako izan ziren baina jakina da gehiago daudela. Jakin izan da, adibidez, Armadako goi mailako ofizial baten 18 urteko semea buruan emandako bi balaz ospitale militarrean zegoela, baina familiak ez du salatu. Zentzuna eta mugimendua galduta zetzan, baina gaur egun oraindik ez dakigu zer gertatu den.
Zergatik euskal herritar haiengatik horrenbesteko mugimendua?
Helburua Uruguayn historikoa den aterbe eskubidearen defentsa izan da. Espainiako gerrak pertsona asko ekarri zituen Uruguayra: Jose Bergamin, Rafael Alberdi, Galan... eta gerran borrokan aritutako beste hainbat pertsona. Eskubide hau apurtu egin da, gure ustez Espainiako Gobernuak eragindako presioei esker. Beraz, gure burujabetzari eraso egin zaio.
Zergatik horren errepresio bortitza?
Orain jakin izan da errepresio egunak baino egun batzuk lehenago Barne ministroak bilera sekretua deitu zuela Goardia Errepublikarraren unitate batean. Goardia Errepublikarra Poliziaren antzerakoa da, Montevideon kokatua eta istiluetan parte hartzeko dagoena. Montevideon Alderdi Nazionala eta Coloradoari deitu zien, hots, ohizko bi indar kontserbatzaileei, eta Fronte Zabala kanpo utzi zuen.
Bileraren helburua legebiltzarrean Goardia Errepublikarra Goardia Nazional bilakatzeko proiektua aurkeztea zen, bestela istiluetan parte hartzeko legebiltzarraren baimena behar duelako, eta aldatuz gero Barne ministroarena bakarrik. Azkenean tiroak bota zituena Goardia Errepublikarra izan zen.
Dena den, norbaitek bilera grabatu zuen eta eduki osoa prentsaurrekoan eskaini. Beraz, azken elementu honekin osatzen da errepresio bortitzaren puzlea. Atera zitzaketen estraditatuak goizaldeko orduetan, ospitalearen aurrean askoz ere jende gutxiago zegoenean; baina ez, jende gehien zegoen unea baliatu zuten, beraien interesa ahalik eta iskanbila handiena antolatzea baitzen.
Orain zertan da egoera?
Alderdiak Legebiltzarrean galderak zuzentzea eskatzen ari dira; eta Fronte Zabalak Barne ministroaren dimisioa eskatzen du, hauteskundeetan ministroak zelanbaiteko neutralitatea gorde behar du eta. Horrelako pertsona batek herriaren etorkizuna bi alderdiren eskuetan _hirugarrena baztertuz_ dagoela pentsatzen badu, ezin fio izan.
Une honetan sumendi baten gainean gaude. Armadako zenbait sektore ere Goardia Errepublikarra Goardia Nazional bihurtzearen aurka daude, horrek armada paraleloa sortuko lukeelako. Estradizioen auzia banatua zegoen eskuina Alderdi Nazionalaren inguruan biltzeko atxakia besterik ez zen. Terroristak zirela esaten zitzaigun eta tartean ez zegoela arazo politikorik, baina diktadurapean izandako preso guztiak ere gaizkileak ziren. 54 uruguaytarretik bat espetxetik pasatu zen, eta hori ez du onartzen apur bat pentsatzen duen inork.
Zeuk ere 13 urte egin dituzu espetxean; zer geratzen zaizu garai haietatik?
Txalapartak argitaratutako liburua, «Memorias del Calabozo», eta Eva Forestek bere argitaletxearekin argitaratutako eleberria, «Evataras». Garai hori borrokaren ondorioetako bat moduan hartu behar da. Badakizu bala batek jota bazter batean gera zaitezkeela, tortura jasan dezakezula, espetxea... Borrokaren zati da hori guztia eta ez du sakoneko ideia aldarazten; aitzitik, tinko mantentzen laguntzen digu.
XABIER LETONA
14-15