argia.eus
INPRIMATU
"Deustuko Unibertsitatean ez dago borroka politikorik"
2007ko otsailaren 21
Jesus Maria Egiluz Deustuko Unibertsitateko errektoreari elkarrizket
"Deustuko Unibertsitatean ez dago borroka politikorik"
Jesus Maria Egiluz
Azken zortzi urteak ditu Jesusen Lagundiko kide honek Deustuko unibertsitateko errektore lanean. Ikasturte hasieran harrapatu dugu, azterketa garaian, unibertsitateak 'zintzilik' dituen ikasgaiez hitz egiteko. Deustuaren zeregina, euskararen presentzia, Jesusen Lagundia eta beste hainbat gaiz solastu gara.
ARGIA. Euskal Herriko unibertsitate publikoetako zeri begira diezaioke inbidiaz Deustuko Unibertsitateak?
J.M. EGILUZ. Mintegi desberdinetan dauden irakasle on eta koalifikatuak; baina, zehazki, unibertsitate publikoek duten `lasaitasun ekonomikoa' da inbidiarik gehien sortzen diguna. Ez da txikia unibertsitate publikoek jasotzen duten dirulaguntza, eta honek gure ikasleengan eragiten du.
A. Deustuko Unibertsitatetik gaur egungo buruzagi asko pasatu dira. Oraindik ere bada egungo eta etorkizuneko buruzagitzaren hezitzaile?
J.M.E. Bai eta ez. Hots, logikoa da unibertsitatetik pasatu den jendea izatea maila ekonomikoan, politikoan, kulturalean eta sozialean buruzagitza horretako partaide, goi mailako ikasketak burutu ez dituenak baino aukera gehiago dituelako. Deustuko Unibertsitatea izan dugu euskal gizartean erroturik zegoen bakarrenetakoa. Eta horren ondorioz, unibertsitate honetatik pasatu den jendeak buruzagitza horretan sartzeko aukera handiagoak izan ditu. Errelitate horri jarraipena emango dioguDeustutik eta EHUtik ere, baina honek ez du esan nahi Deustua lobby bat denik.
A. Hala ere, Deustuko Unibertsitateak badu elitista ospea.
J.M.E. Izan du, baina ez dut uste gaur egun hala denik. Lehen aipatu dudanagatik, beste garai batzuetan biztanleen % 2k soilik zuelako unibertsitatera joateko aukera, eta hauexek ziren gizartean botere gehien zutenak. Deustuan ibili ziren unibertsitate bakarra zelako. Gaur egun ez da horrela gertatzen.
Gure ikasleen jatorri sozialari buruzko inkesten arabera, gaur egun Deustuan dauden pertsonen ezaugarriak eta unibertsitate publikotik pasatzen direnenak antzekoak dira.
Elitea zer den jakiteko adibide bat erabiltzen dut askotan. Hau da, pertsona multzo bat hartu, hezi eta elite bihurtzeko asmoa baldin badago, berdin da pertsona multzo hori txiroena izatea, heziketa prozesuaren emaitza eliteak `produzitzea' bada. Helburu hori ez dago Deustuko Unibertsitatearen xedeen artean. Aldiz, gure plangintzek diotenaren arabera, besteekiko zerbitzu eta elkartasunezko jarrera izatea da Deustuaren helburua, Jesusen Lagundiaren irizpideak hala diotelako. Deustua ez da elitista, ez jatorrian ez helburuetan.
A. Deustuko Unibertsitatean dauden ikasketetatik soilik ikasgaien % 4,5 irakasten dira euskaraz. Euskaldunek ez dute Deustuan ikasterik?
J.M.E. Ez dugu ahantzi behar Deustuak duela asko Euskal Filologiako ikasketak hasi zituela, Francoren garaian; Eusko Ikaskuntza sortu zuela; fonetika laborategia dugu; Arkeologia Eskolan mintegi berezia dago Euskal Historia lantzen duena; euskal irakaslegoa eta euskaltegi indartsua ditugu; hainbat hitzaldi, ikerketa eta abar egiten ditugu... Lan hauek oso sakonak, serioak eta ordu eta borroka asko eskatu dituztenak dira. Alegia, ezin dugu euskararen gaia Deustuak dituen euskarazko ikasgaietara laburtu.
Hala ere, Deustuko oinarri ideologikoaren ikuspuntutik zera esango nuke: argi dago egokiena dela euskara denon hizkuntza izatea, baina horraino heltzeko ahozko hizkuntza landu, bizi eta aberatsa behar dugu. Zientifikoki eta gure gizartearen garapenaren ondorioz, euskara ez da izan hizkuntza kultua. Eta hau da unibertsitatearen papera: euskararen formazioa eta garapena bultzatu behar dugu, euskara tresna baliagarria izan dadin. Beraz, gure helburua ez da euskararen erabilera bultzatzea baizik eta honen aberasgarritasuna eta garapena bultzatzea. Hizkuntza bat ez da unibertsitatean ikasten, lehendik ikasi behar dugu; eta ez da unibertsitatearen helburua euskara irakastea.
Beste gauza bat izan behar dugu kontuan. Deustua bere ikasleek ordaintzen duten diruari esker bizi da, eta zentzu horretan oreka mantendu behar dugu diru kontuetan. Edozein zerbitzu emateko gure baliabide ekonomikoei begiratu, eta aztertu behar ditugu. Eta ezin dugu euskaraz irakatsi edozein modutara, hau da, kalitate akademiko bat mantendu behar dugu.
Une honetan, Bizkaian UBI ikasten ari direnen artean % 14k soilik euskaraz ikasten dute. Unibertsitatean egindako inkesten arabera, hori da euskaraz ikastea nahiko luketenen kopurua. Kopuru horren arabera, eta handitzen den heinean, guk ere ikasgaien kopurua handituko dugu. Guk ezin dugu bosteko batentzat klase bat mantendu ondoko ikasgelan ikasgai berarekin 60 ari diren bitartean. Hori ezin da defenditu, beste ikasleentzat mingarria gerta daitekeelako.
A. Ikuspegi horretatik, Deustuko Unibertsitatea euskal gizartearen ispilu da?
J.M.E. Ez nuke ezetz esango. Hala ere, unibertsitatea ez da soilik gizarte baten isla, motorea ere bada.
A. Jesusen Lagundian jarrera desberdinak daude euskara, abertzaletasuna eta Euskal Herriaren ikuspegiaz hitz egiteko orduan.
J.M.E. Jesusen Lagundiak duen abantaila handia horixe da, bertan ari garenok erabakiak hartzeko eta pentsamolde desberdinak izateko askatasun handia dugula.
A. Batzuen iritziz, Deustuko Unibertsitateak errektore euskalduna behar du.
J.M.E. Ongi deritzot horri. Batzuen iritzia da eta errespetoa merezi du, baina argi dago ni hemen nagoela instituzio horretako gehienek hala nahi dutelako eta lehentasun batzuen alde egiten dutelako. Beraz, ondo dago iritzi desberdina izatea eta publikoki hala adieraztea, beti ere gehiengoak hartu duen erabakia errespetatzen den bitartean.
Deustuko Unibertsitatean hori lorpen handia izan da, bertan aritzen garenok iritzi desberdinekoak baikara. Hala ere, Deustuko Unibertsitatean ez dago borroka politikorik, eta hori eskertzekoa da.
A. Atzerrian dauden zuen kide askok borroka desberdinetan parte hartu dute. Zein da zure iritzia Askapenaren Teologiari buruz?
J.M.E. Justizia eta elkartasuna Jesusen Lagundiaren oinarriak dira. Hala ere, kontuan izan behar da zein herritan eta zein borrokatan ari diren. Eredu guztiak ez baitira alderagarriak. Askapenaren Teologia ondo dago, non eta nola ulertzen den arabera.
MYRIAM GARTZIA
22-26

Gaiez\Gizartea\Irakaskuntz\Unibertsita\Deustuko
Pertsonaiaz\EGILUZ2
Egileez\GARTZIA3\Gizartea