«Euskal Herriko eraispenak ez du munduan parekorik»
1994ko uztailaren 24a
Mikel Zurbano UEUko ekonomia saileko arduradunari elkarrizketa
«Euskal Herriko eraispenak ez du munduan parekorik»
Mikel Zurbano, Udako Euskal Unibertsitatearen Ekonomia Saileko arduraduna
Datorren uztailaren 25ean, Udako Euskal Unibertsitatearen ikastaroen barruan, Euskal Herriko krisi ekonomiko eta industriala ulertzeko zenbait hitzaldi izango dira. Arrazoi hauek bilatzeko Historia eta Ekonomia sailak bildu dira, gure krisia ulertzeko ezinbestekoa baita sustrai historikoetara jotzea.
ARGIA. Zergatik erabaki duzue krisi ekonomikoa ikuspuntu historikotik aztertzea UEUn?
MIKEL ZURBANO. Industrializazioaren bilakaera historikoa jakitea beharrezkoa dugu egungo porrota ulertzeko. Ezin dugu industriaren krisia hartu eta sustrairik gabe, zerotik hasita aztertu. Gainera, Euskal Herriko industrializazioaren historia eredugarria da, erakusten digulako nola eman diren krisiak eta hauek izan duten eragina industrializazioaren bilakaeran.
A. Zeintzuk dira, zehazki, krisi ekonomikoaren arrazoi historikoak?
M.Z. Gure industrializazio prozesua oso bizkorra izan zen Europako beste herrialde batzuekin alderatuz. Honek finkatu zuen oinarrizko industria astuna: altzairugintza, untzigintza, siderurgia eta abar. Hauek izan ditugu gure industriaren eredu eta hauek izan dira, zehazki, nazioarte mailan krisi gogorrena jasan dutenak. Honen zergatia bilatzeko, Asiako hego ekialdeko herrialdeetara jo behar dugu, bertara eraman baitira produkzio prozesu hauek.
Nahiz eta egoera hori izan eta eredu produktiboak zaharkitutzat jo diren, badaude Europan bertan zenbait adibide sektore hauen defentsarako. Adibidez, Alemaniak bere altzairugintza defenditzen du eta horregatik arazoa ez da bakarrik zein produktu mota garatzen den, baizik eta nola garatzen den.
Beraz, produkzio prozesu hauen internazionalizazioa aztertu behar da, baina baita industria hauen lehiakortasuna ere.
A. Euskal krisiaren ikurra industria izan da; desindustrializazioa ere bai?
M.Z. Gure ekonomiaren ikurra da argi eta garbi, eta horregatik desindustrializazioak izan duen eragina gure apaltze ekonomikoan izugarria izan da. Aztertu behar dena zera da, desegituraketa edo desindustrializazioa ezinbestekoa izan den ala ez, halabeharrezkoa ote zen ala bazegoen beste aukerarik. Badirudi nahiz eta zenbait produkzio mota zaharkitutzat jotzen diren, zenbait elementu berriztagarri sartuz gero, gure industria lehiakorra izan daitekela nazioarte mailako merkatuetan. Egia da industrializazio ereduak baldintzatu duela desindustrializazio prozesua, baina uste dut instituzioetatik edota ekonomi bilakaera eskuetan zutenak utzikerian ibili direla; eta Brusselako aholkuekin bat etorri dira besterik gabe. Eta hala etorri da sektore batzuen eraispena inongo aukerarik gabe, gainera posible zenean sektore hauetan lehen aipatutako elementu berritzaileak sartuta, lehian jarraitu ahal izatea.
A. Sektore zehatzetan emandako nazioarteko krisiaz gain, gurea industria ereduaren krisia da baita ere?
M.Z. Bai, gure industria ereduak ez duelako dibertsifikazioa landu. Enpresak edo enpresa multzoak orain konturatu dira dibertsifikaziora jo behar dutela krisitik ateratzeko. Gure enpresariak ez dira oso dinamikoak izan eta ildo honetatik desoreka izan dugu beste herrialde batzuetako krisiarekiko. Izan duen dinamika autarkikoa izan da, ez du kanporako joera izan eta ez da konkurrentzian egon behar bezala. Duela zortzi urte Estatu espainiarra Europako merkatuetara zabaldu zenean dugu data klabea. Frankismotik eta dinamika autarkiko horretatik, merkatu zabal eta lehiakor batean sartu ginen eta egoera erabat aldatu zen. Ordudanik ez dugu burua jaso eta enpresariek barne merkatuetan pentsatzen dute oraindik.
A. Brusselak, Madrilek eta Gasteizek izan dituzten ekimenek nola eragin dute krisi honetan?
M.Z. Ezinbestekoa zen krisi prozesua bizkortu eta areagotu dute, erreflexiorako paradarik gabe. Egungo krisia ezin da ulertu aipatu gabe Europa osoan hedatu den politika ekonomikoa erabat neoliberala izan dela. Praktika ekonomiko neoliberalek zenbait sektore babesik gabe utzi dituzte. Brusselak ezarri dituen ekimen neoliberalak ez dira mundu mailan beste inon eman, ezta Estatu Batuetan ere, Reaganek berak, neoliberala izan arren, politika babesleak erabili baitzituen industriarekiko. Brusselak erabat sinetsi izan du neoliberalismoaren doktrinan, gure kalterako.
Irizpide politikoak erabili dira kuotak ezartzean, eta Eusko Jaurlaritzak egin duen gauza zera izan da: eraispen honek dakarren kostu soziala balaztatzen saiatu da. Eta horretara etorri dira 3-R, Garapen eta plangintza desberdinak, orokorrean aztertuz gero kostu sozial horiek leuntzera etorri direnak. Gainera, deskontrol izugarria egon da.
Gertaerek instituzioak gainditu dituzte, eta honen ondorioz ez da gure industria ereduen inguruan eztabaida sendo eta sakonik eman. Seguraski, Euskal Herrian gertatu den eraispenaren bizkortasunak ez du munduan parekorik. Sozialki ere zartako handia eragin du eta honek berpizte prozesuan ondorio latzak ditu.
A. Badago aukerarik oraindik?
M.Z. Euskal Herriak industriala izaten jarraitu behar du. 80ko hamarkadan galdu genuen eztabaida hori burutzeko aukera, birziklaia prozesuari aurre egiteko aukera. Ez ziren garapen bideak zehaztu, norantz jo behar genuen esan. Langileen koalifikazio altua baliatzeko jakin behar dugu nora jo, eta denbora eta diru asko galdu da ezjakintasun horrengatik.
Nik uste dut oraindik ez dela berandu, eta soseguz pentsatu beharra dago zein den gure alternatiba produktibo zehatza.
Myriam Gartzia
22-23