argia.eus
INPRIMATU
«Estatuak atzerritarrengan eragiten dituen egoerak kafkiarrak dira»
1994ko uztailaren 24a
Javier Galparsoro Errefuxiatuen Laguntzarako abokatuari elkarrizketa
«Estatuak atzerritarrengan eragiten dituen egoerak kafkiarrak dira»
JAVIER GALPARSORO
Errefuxiatuen Laguntzarako Espainiar Batzordeko abokatua, mugetara heltzen diren pertsonen egoera latza eta hauek jasotako tratua gogor salatzeko ausardia du, nahiz eta onartu askotan `pasabide lana' egin behar izaten duela. Bere bulegora heldutako asko berak sinatutako `dokumentu' batekin dabiltza besteren ezean. Javier Galparsorok Bilboko portuan polizoien eskubideak defenditzen emandako orduak kontaezinak dira.
ARGIA. Zenbat Lucrecia Perez daude Euskal Herrian?
JAVIER GALPARSORO. Uff! Asko. Lucreciaren bizimodua bezalakoa daramatenak asko dira hemen ere.
A. Zerk dakarkie arrisku handiagoa, talde neonaziek edo jendearen jarrera xenofobo isilak?
J.G. Euskal Herrian, Madrilen gertatzen denaren kontra, ez daude talde neonaziak; nik behintza ez ditut ezagutzen. Aldiz, jendearen jarrera iruditzen zait gure artean latzena. Hiri handietan inkesta bat eginez gero, ziur nago emaitza erabat xenofoboa izango litzatekeela. Eta Euskal Herrian ez bada horrelako jarrera garbirik eman, ez dakit zein puntutaraino ez den izango bertan bizi diren atzerritar eta errefuxiatuen kopurua txikia delako.
A. Integrazio arazoak, jarrera politikoak jarritako oztopoetan oinarritzen dira?
J.G. Estatuak ematen ez dituen agiriak beharrezkoak dituzte integraziorako. Estatuak ez baditu ematen, akabo. Beraz, estatuak eragiten du ilegalitate egoera. Estatuak berak eragindako xenofobia da, eta herritarrek hori jaso egiten dute. Ezinezkoa da balorazioa egitea hasieratik desoreka hori mantentzen bada. Pertsona hauek beldurtuta bizi dira, eta babestu beharrean, babesik gabe uzten ditugu.
A. Ekainetik aurrera Babes Politikorako lege berria ezarri da, neurri murriztatzaile gogorrekin etorkin ekonomiko askok iruzurra egiten zutela aitzakia oinarritzat hartuta. Hala da?
J.G. Filosofia horrekin jaio zen. Azken bospasei urteotan Espainiara heldu diren etorkin kopurua, legalak zein ilegalak, 600.000 eta 800.000 artekoa dela kalkulatzen da; hauetatik soilik 14.000k eskatu zuten babesa 1993an. Beraz, proportzioa % 4ekoa izanik, ezin dut onartu babes legearen erabilera iruzurtian oinarritutako argudiorik.
Falazia bat da, umore beltzeko broma da esatea Espainian errefuxiatuak arazo larria direla, zerrendako azken postuetan baitago, Portugal eta Greziaren aurretik. Alemanian 600.000 errefuxiatu daude, eta Espainian 14.000rekin arazo larria!
Arazoa beste bat da: Espainia Europako hegoaldeko atea bihurtzen da eta Magreb eta Latinoamerikatik etorritako jendea geldiarazteko modua bilatu behar da. Gainera, babes politikoak ez ditu hainbeste abantaila. Babesa eskatzen duen pertsonak, adibidez, ez du lan edota erresidentzia baimenik, nahiz eta egoera legezkoa izan. Eskaeraren erantzun epea hiru hilabetekoa den arren, errealitatean bizpahiru urte pasatzen dira, eta bitartean ezin dute ez lanik egin ez dirulaguntzarik jaso. Orduan, nondik bizi? Galdera hau nik ministroei egin diet. Ez dit inork erantzun.
Lehengo batean emakume angolar batekin egon nintzen, hau dela eta: Estatuak dirulaguntza ukatu dio Angolarekin gai horretan akordiorik ez duelako. Angolak 30 urteko gerra bizi duela, nola izango da posible Espainiarekin akordiorik izatea? Estatuak atzerritarrengan eragiten dituen egoerak kafkiarrak dira.
A. Europak eragiten duen presioa handia da?
J.G. Bai, hegoaldeko atea delako. Neurriak gogortu ditu izugarri. Zer gertatu da Marokkotik ateratzen ziren txalupekin? Erabat desagertu dira Espainiak herrialde honekin sinatutako akordio batzuen bidez. Bulego honetan badauzkagu marokkoarrekin ezkondutako emakumeen hainbat kasu, eta ezin dituzte handik atera. Atzerriko arazoak ez dira estatuarenak, maila supranazionalera pasatu dira.
Hala ere, Europaren jarrera zera da: zure lurraldean dauden etorkinak zure arazoa dira, beraz, gorde itzazu zure mugen barruan. Kodigo informatiko bat dago une honetan pertsona `non grata' direnak zehazten dituena. Irizpide hauek dira Espainiako mugetan erabiltzen dituztenak. Kontrola izugarria da.
A. Erreformarekin, zer da mugetan gertatzen dena? Pertsona hauen oinarrizko eskubideen bortxaketaz hitz egiten da?
J.G. Erreformak agintzen duen bezala, egun ezinbestekoa da babes eskaera mugetan egitea. Prozedura hau zazpi egunez luza daiteke, eta epe horretan ezin zaitezke mugako postutik mugitu. Legeak ez du abokatu, mediku, epaile zein itzultzailearen presentzia aurrikusten. Artikulu hau inkonstituzionala gerta zitekeen baina ACNURrek (Nazio Batuen Errefuxiatuen Laguntzarako Goi Mailako Komisionatua) informatzeko beharra eta honen presentzia, hala nahi badu, aurrikusten duenez, kontzientzia garbitu dute. Badirudi ez dutela mugetan inor nahi. Honek pentsarazi digu mugetan gertatzen dena larria izan daitekeela. Une honetan, babes eskubidea arriskuan dago.
A. Beraz, Estatu espainiarrak ez ditu pertsona hauen oinarrizko eskubideak errespetatzen?
J.G. Estatu espainiarrak esango du Europan gertatzen dena dela. Ez du berak bakarrik politika hau eramaten. Inmigrazio eta Justizia ministroek hartutako erabakiak dira, Europa beteta dagoela esaten baitute. Hegoaldetik eta Ekialdetik datoz eta ateak itxi behar dira eta ekintza hau lege itxuraz mozorrotzen da. Estatuek oso egoera larriak eragiten eta onartzen ari dira, nazioarte mailako hitzarmenak betetzen ez direla; Ginebrako Hitzarmena, kasu. Nazio Batuen arabera, 20 milioi pertsona errefuxiatu eta 25 milioi desplazatu daude munduan. 45 milioi pertsona dira; beraz, ezin dugu txantxetan ibili. Europak, ostera, mila aitzakia eta trikimailu asmatzen ditu arazo honen aurrean. Europa beldurtuta dago, krisi ekonomiko batean murgilduta, balore krisiak jota... Eta jarrera hauekin xenofobia eta beldurra baino ez da eragiten. Areago politikariek esaten dutenean lege hauek sentiberatasun sozialaren isla direla.
Atzerritarren mundu honetan ez dago ezer baketsua, dena borrokatu behar duzu; ez dago bide arruntetik lor daitekeen ezer. Gai honen inguruan egin diren kongresuetan izan naizenean, maiz pentsatu izan dut bertan azaltzen den guztia gezurra dela. Errealitatea, nik eta batez ere eurek bizi duten errealitatea bestelakoa da. Egoera hau eragiten duenak badaki zergatik egiten duen. Lucrecia asko ezagutzen ditut egunero, suntsituta, beldurtuta, negarrez, koadro psikologiko larriekin topo egiten dut egunero. Ez diete baimenik eman nahi, nahita atzeratzen dute... Honen aurka borrokatzea gogorra da; estatua eta, eurek esaten dutenez, herritarren zati garrantzitsu baten aurka.
A. Duela gutxi Bosniako familia asko etorri ziren Euskal Herrira; nola ulertzen da Estatuaren jarrera bikoitz hau?
J.G. Legea erabat elitista delako. Babes politikoa oso ondo dago Nelson Mandelarentzat, baina napalm bonbardaketak jasan eta diktadura baten pean 30 urtez bizi izan den pertsona xume eta anonimo batentzat ez dago horrelakorik.
A. Zein dira Europaren irizpideak gai honetan?
J.G. Askotan esan dut Europak errefuxiatuak epaitzen dituela, europar erara. Hau da, edozein gauza frogatzeko agiriak behar dira. Jatorrizko herrialdean espetxeant egona zarela? Espetxeko agiria eskatuko dute; estatu kolpe batean parte hartu duzula? Egunkaritan agertutako notizia nahi dute... Zentzuzkoa denez, bere herritik ospa egin duen pertsona batek ez du denborarik ezer hartzeko, are gutxiago pasaportea egiteko bertako aginteak harrapa dezan beldur bada. Alegia, agiriak baldin badakartza da susmagarria, nire ustez, ez bestelako kasuetan.
Askotan ez gara konturatzen munduko beste tokietan badagoela jendea izarren pean bizi eta hiltzen dena, bere sinesmenari dion atxikimenduaren arabera ezkondu dela... Berdin zaigu, guk agiriak behar ditugu. Estatu dokumentarioetan bizi gara eta hauxe da errefuxiatuek gainditu behar duten oztopo handienetakoa. Agiririk ez badu, orduan etorkin ekonomikoa da. Azken bost urteetan egin diren babes eskaeretatik % 5 baino ez dira onartu. Nik 800 bat ezagutzen ditut eta badakit gainerako % 95ek ez nauela engainatu. Oso egoera gogorretan ikusi dut jendea, eta ez dit inork esango pertsona hori ez dela errefuxiatua.
A. Egokia da, zure ustez, legeak egiten duen banaketa: etorkin ekonomikoa eta errefuxiatu politikoa?
J.G. Planteamendu horrek oso azalpen sakona eskatzen du. Une honetan, gizartean begi onez ikusia da errefuxiatu politikoa, hau da, bere herrian kartel batzuk jartzeagatik aldegin behar izan duen pertsona bat, adibidez; eta ez, aldiz, goseak hiltzen den pertsona. Bigarren hau oker tratatua izango da, etorkin ekonomiko bezala. Ekonomia eta politikaren arteko parekotasunak egiten hasten naizenean galdera hau bururatzen zait: politikoki iraunkorra den munduko zein herrialdek txirotzen ditu bertan bizi diren herritarrak? Edo, bestela, ekonomikoki aberatsa den zein herrialdek mantentzen du errepresio egoera? Hau da, bosniarrak, zairetarrak, angolarrak, georgiarrak... gerra bat bizi dute eta goseak hiltzen dira. Ekonomia eta politika nahasten dira, ezin da egoera aztertu biak kontuan izan gabe.
Datozenak ez datoz oporretara, beraz, ekonomikoki zein politikoki zerbait oso larria gertatzen da euren herrian. Hona datorren jendea jantzitakoarekin dator, hanka eginda dator. Are gehiago, lehenengo aukeran ospa egiten dute: afrikarrak Afrikara begira bizi dira, asiarrek beren sinesmenak eta kultura mantentzeko ghetto-ak eratzen dituzte. Hau ez da paradisua, eta hori badakite.
A. Zein da pertsona hauen egoera? Nola bizi dira?
J.G. Hitz batez esanda: oinazea. Egunero sufritzen duten pertsonak dira, ez dute lanik, laguntza galdu dute, pisuetan bizi dira beste zortzi edota hamar pertsonarekin batera, egunero jan dezaketenek janari bakarra egiten dute, askok aterbeetara eta jatetxe publikoetara itzuli behar izaten dute. Egunetik egunera, gainera, etorkin hauen egoerak okerrera egiten du.
Euren egoera hain da larria ezen askotan pentsatu izan baitut norbait hiltzen bada, nire telefonoa behintzat gainean eramango duela eta gorpua eskuratzeko aukera bat izango dudala, eta honela duintasunez lurperatu edo euren familiari abisatu.
Myriam Gartzia
34-38

GaiezGizarteaSektore bazPobreziaElkartasuna
PertsonaiazGALPARSORO1
EgileezGARTZIA3Gizartea