Fernand Perret, Loreki kooperatibako gerenteari elkarrizketa
«Ekimen ttikiak ez dira mesprezatu behar»
Fernand Perret, Loreki kooperatibako gerentea
Hortikulturan ingeniaria, Itsasun dagoen sei langileko Lorekiren emaitza onen berri eman digu Fernand Perretek. 86aren hasieran ekin zioten, baratzetako lur beltzak eta sail horretako produktuak sortzen eta saltzen. Zortzi urteren buruan irabaziak dituzte.
ARGIA. Zer harreman duzue beste kooperatibekin?
FERNAND PERRET. Gure enpresa martxan jarri genuelarik, kooperatiba bat antolatzea zen gure asmoa, guretzat autogestioa, berdintasuna, elkartasuna.. hitz horiek garrantzia baitzuten. Garai hartan jadanik erraten zen proiekturik ez zegoela, gurea behintzat hor zegoen. Gisa guziz mugimendu horretan kokatzen ginen. Denborarekin SEIk ezagutu dituen zailtasunak eraginik izan dute kooperatiben artean, SEI baitzen kooperatiben nolabaiteko garaipenaren isla. Horrek moralki hunkitu gaitu. Kooperatiba guztiekin harreman esturik ez badugu ere, mugimendu horretan kokatua izatea lagungarri da. Kooperatiba baikotza abentura berria da.
A. Enpresa munduaren egoerak hain zaila iduri duela, edo behintzat horrela agertzen zaigula, Lorekik irabaziak ditu; nolaz?
F.P. Eremu berezi batean kokatzen garelako, hasteko; bestalde, bolontarismo asko jarri dugu zenbait urtez, biziki motibatuak ginen. Mementuko bezero mugatuak ditugu eta beste gauza batek lagundu gaitu, alegia, gure sailean produkzio lekuak urrun daudela; beraz, gure eskualdea ez da sobera landua beste enpresetako komertzialen aldetik. Honen ondorioz, bertako bezeroak interesatu dira aski laster. Aldiz, guk kanpora joateko zailtasunak ditugu, Hegoaldean merkatuak bilatzeak ere arriskuak sortzen ditu, bereziki pezetaren jaitsieragatik. Lan anitz egin dugu hasieran, astean sei egunez eta hamaika orenez; biziki motibatuak ginen, eta hilabete-sari gutxienekoa jasoz!
Egokitzea izan da aterabide nagusi bat, proiektu batzuk bertan behera utzi behar izan baditugu ere. Golfak ukitu ditugu kasualitatez, eta horiek publizitate polita egin digute ondoren. Hots, irabaziak ditugu.
A. Ipar Euskal Herriko garapena anitzetan aipatzen da. Nolako garapena ikusiko zenuke hemen?
F.P. Nire ikusmoldea da iniziatiba ttikiei leku berezia utzi behar zaiela. Taldean sor daitezkeen ekimenetan sinesten dut; iniziatiba ttikiak ez dira mesprezatu behar. Sortu ginela askorentzat ez ginen interesgarriak, ez baikinen zur arloan ari, beste motako enpresa baikinen. Gaur egun 3,8 milioi liberako zenbakiarekin hertsi ditugu aurtengo kontuak, sei langilerendako. Leku bat bazen guretzat. Horrelako iniziatibak lagundu behar dira, azpiegitura bat sortu behar litzateke, bakarrik zaudela enpresa bat sortzea titan baten lana baita.
Ixabel Etxebarria
23