«Geldialdi arriskutsua ikusten dut zenbait talde eta argitaldaritan»
1994ko uztailaren 10
Ruper Ordorika musikariaren Hiru Truku taldeari buruzko elkarrizketa
«Geldialdi arriskutsua ikusten dut zenbait talde eta argitaldaritan»
Hiru Truku osatu du Ruper Ordorikak Joseba Tapia eta Bixente Martinezekin batera
Kantu zaharrak ardatz izango dituen Hiru Trukun murgilduta dago Ruper Ordorika. Bixente Martinez eta Joseba Tapia dira gainerako partaideak, eta datorren astean hasiko dira zuzeneko emanaldiak egiten. Hiru Trukuri buruz hitz egiten hasi ginen, eta Mugalaris taldearekin batera gauzatuko dituen proiektuak ere aipatu zizkigun kantariak elkarrizketan.
ARGIA. Zer da Hiru Truku?
RUPER ORDORIKA.
Hirukote bat. Bixente Martinez, Joseba Tapia eta hiruron artean antolatu dugu, neurri batean, neure aspaldiko asmo bati bidea emateko. Nire fobia izan da beti kantu zaharrena. Urte hauetan zinta batzuk biltzen ibili naiz, eta iaz, kanpoan nintzela, hori aurrera ateratzea erabaki nuen. Kantu narratiboen inguruan jardun dugu, hori da grabatu nahi duguna eta gure zerrendaren oinarri funtsezkoena: baladak.
A. Kantu zaharrak dira.
R.O. Ez da gauza itxia. Geure asmoa da kantu narratiboekin soilik, baladekin, disko bat grabatzea. Gerora hasiko ginateke kantu lirikoekin. Bigarren proiektua izango litzateke. Josebak baditu bere lanak, Bixentek ere, eta guzti honek taldeari noizbehinkakotasuna ematen dio.
A. Bizkaieraz kantatuak.
R.O. Bai. Teoria baten arabera kantu hauek bertsolarien aurreko mundu bat erakusten dute. Bertsolariak indarrean egon ez diren lurraldeetan iraun dute kantuok. Bertsolaritzak guzti hau ordezkatu du, berritu, eta kronikaren ardura guztia eurek bideratu dute. Bertsolaria egon den lurraldeetan, normalean berak kantatu ditu egunerokotasunak. Baladak beste lurraldeetan gelditu dira, Zuberoan esate baterako. Erdararen mugetan gelditzen dira halako perla batzuk.
Nire ustez, euskaldun jendeak oso ideia esoterikoak izan ditu askotan bere folkloreari buruz. Berarengandik oso urrun daudenak gauza zahartzat hartu izan ditu, eta askotan ahaztu edo apur bat albora utzi du gertu izan duena. Ni horrelako testuinguru linguistikoan hazi naiz, estima handia diot, eta hor topatu dut bizirik dagoen bide bat.
A. Baduzue diskoa egiteko asmorik.
R.O. Bai, baina ez daukagu plan zehatzik. Materiala badago, baina ez daukagu presarik. Aste honetan egingo dugu lehenengo emanaldia jendaurrean Torrelavegan eta biharamunean Lekeition. Kantu zerrenda eraiki nahi dugu poliki. Proiektu akustikoa denez, mugikortasun handia dauka. Ni horrekin ia ahaztuta nengoen, beti talde elektrikoetan sartuta izan naizelako. Beste mundu bat da, nik asko bereizi nahi dudana gainera.
A. Ez duzu alde batera utzi Ruper Ordorika & Mugalaris.
R.O. Ez, jotzen gabiltza. Uda guztian ibiliko gara gainera. Aurten grabatu nahi dut.
A. Ideia berririk topatu al duzu?
R.O. Baaina aspaldidanik ez naiz ibili berri horren atzetik. Nire moduan, apur bat norberaren lanetan mugituz gero hari bat topatu eta horren inguruan ibiltzen zara. Aurten eratu dugun taldean beste soinu bat lortu dugu eta ildo horri jarraitu nahi nioke, nahiz eta hurrengo grabaketarako zehazketa batzuk izan.
A. Aldaketa nabarmenik ez da izango orduan.
R.O. Uste dut baietz, baina iruditzen zait musikaren gainean ari garenean «berri» eta horrelakoak oso kazetari kontzeptuak direla. Aldaketak «berri» baino beste zeozer dira askotan, faktore askoren nahasketa. Nire taldea asko aldatu da azken urte honetan, eta oraindik ez dut egin diskorik eurekin. Diskoa egiteko erabakia hartuta daukat, kantuak baditugu baina argitaratzeko sistemaren bila nabil. Disketxeekin ez dut garbi ikusten nondik jo behar den. Ez zait iruditzen oso egokiera onean gaudenik disketxeen munduan, eta hori konpondu bitarte kantuak prestatzen nabil.
A. Amnesty Internationalek argitaratutako diskoan parte hartu duzu.
R.O. Madrileko musikari batzuk aritu dira horren atzetik, deitu egin zidaten, kantu bat bidali nien, eta asko gustatu zitzaien. Ez dauka ezer berezirik. Askotan, egiten ditugun gauzak, paper bat barruan daukaten botilak itsasora botatzea bezala izaten da. Badakit zein gauzak dauden guzti horren ondoan, baina proposamena jaso eta bidali egin genuen kantua nahasketa berriak egin ondoren.
A. Zer ikusi duzu azken aldian interesgarri Euskal Herriko munduaren barruan?
R.O. Talde gazteak ikusteko gogoa daukat, baina iaz kanpoan egon nintzen eta aurten oso lanpetuta ibili naiz. Lehengo hilabetean egon nintzen Atxagarekin Madrilen eta Granadan kantu batzuk ematen berak egiten dituen irakurtaldi batzuen barruan. Horrelako gauzetan ere oso gustura ibiltzen naiz. Orain iritsiko da gauza horiek ikusteko momentua. Zenbait taldetan eta argitaldarien munduan geldialdi oso arriskutsua ikusten dut, ni bereziki asko kezkatzen nauena. Samur da hori esaten orain dabilkigun diru gora-ehera horietan, baina ez dut ikusten eragin handirik, geldirik ikusten ditut disketxeak. Traba handia ikusten dut guk dauzkagun asmoetarako.
Joxi Goikoetxea
48-49