argia.eus
INPRIMATU
«Gaztea izatea da enpresari gazteon arazoa»
1994ko uztailaren 03a
Jose Luis Vilas Enpresari Gaztea saridunari elkarrizketa
«Gaztea izatea da enpresari gazteon arazoa»
Jose Luis Vilas, 1994eko Enpresari Gaztea sariduna
B este lau langilerekin batera, Jose Luis Vilasek, Compoplas SAL sortu zuen duela bi urte. Aurten Enpresari Gaztea Saria jaso du. Itsasuntziak egiten dituen enpresa honek karbono-zuntza eta antzeko material berrien sartzea du ezaugarri nagusia.
ARGIA. Proiektu berria duzue esku artean, karbono-zuntzez egindako lehen trainerua hain zuzen. Material berriok dira zuen arrakastaren giltzarria?
J.L. VILAS. Material berri horiek aspaldidanik erabiltzen dira aeronautikan, hegazkinen hegoak egiteko adibidez. Baina gu izan gara Euskal Herrian material hauek erabilita goi mailako lehiarako itsasuntziak egin dituzten lehenak. Traineruak duen egituragatik zaila suertatzen da, baina erronka polita zen. Espainiako belauntziko talde olinpikorako bederatzi modelu berri ere egin behar ditugu. Materialaz gain, lantze prozesuan ere emaitza ona lortu dugu.
A. Badirudi material hauek izugarrizko etorkizuna dutela.
J.L.V. Hala da. Gure helburua material hauek beste merkatuetara zabaltzea da, industriara batez ere, abantaila handiak dituztelako.
A. Zergatik hartu zenuten SAL egitura?
J.L.V. Zerga mailan abantaila handiagoak eskaintzen zituelako eta, bestetik, bertan ari garenon konpromezu zuzena bermatzen duelako, batez ere krisi garai hauetan, soldatak murrizteko orduan adibidez. Errazagoa da SAL batekin aritzea bestela baino.
A. Krisi garai hauetan ez al da zaila enpresa bat sortzea?
J.L.V. Bai, baina horregatik hain zuzen ere, krisi garaietan gaudelako eta ez genuelako besterik, hasi ginen proiektua lantzen duela lau urte. Bi urtez merkatu ikerketak eta plangintza estrategikoetan murgilduta egon ondoren, enpresa sortzea erabaki genuen, 1992ko urtarrilean. Krisi garai gogorrak ziren, baina gogorragoa da lanik gabe egotea.
A. Zeintzuk dira enpresari gazteek dituzuen arazo nagusiak?
J.L.V. Hain zuzen hori, gaztea izatea. Ez ditugu gure proiektuak aurrera ateratzeko bermeak, eta bankuetara jotzean, gazte ikusten bazaituzte, nahiz eta proiektua ona izan, bermerik ezean ez duzu zer eginik.
A. Zer esan nahi du Enpresari Gaztea Saria jasotzeak?
J.L.V. Ez genuen espero, nire ustez gu baino hobeto ari diren beste batzuk badaudelako. Azken batean, saria azken bi urtetan egindako lanaren ezagutza da; oso pozik gaude eta, nolabait, bide onean ari garela baietsi digu.
Myriam Gartzia
23

GaiezEkonomiaIndustriaBesteak
PertsonaiazVILAS1
EgileezGARTZIA3Ekonomia