«Ez dut MCC berririk ikusten kooperatiben artean» P
1994ko ekainaren 26a
A.Mendiola Euskadiko Kooperatiben Federazioako zuzendariari elkarrizk
«Ez dut MCC berririk ikusten kooperatiben artean» P
Agustin Mendiola, Euskadiko Kooperatiben Federazioko zuzendaria
Pasatu den astean munduko 53 herrialdeko kooperatiba enpresen 500 ordezkari izan ziren Euskal Herrian. Bertan esandako tesien artean, euskal kooperatibismoa munduan erreferentzia dela. Agustin Mendiolarekin aritu gara gai honetaz.
ARGIA. Dirudienez, kapital sozialeko enpresak modan jarri dira. Kooperatibismoaren garai berri baten lekuko gara?
A. MENDIOLA. Azken urteotan neurririk gabeko liberalismoak eta erraz eta bizkor lortutako irabaziak goraipatzen ekin eta ekin ibili ostean, logika guztien arabera, zorabioak harrapatu du gure gizartea, azken bi urteotan ekonomiak jasan duen krisi sakon eta orokorraren ondorioz. Kooperatibek, behar bada, aipatutako jarrera ekonomiko tamalgarri horien antitesia direlako edo, urte batzuk lehenago baino erakarpen gehiago dute gizartearentzako, nahiz eta euren eginkizuna berbera izan.
Kooperatiben etorkizunari dagokionez, bestalde, bermatuta dagoela uste dut, balio handiko giza baliabideak ditugulako eta ideia liluragarri bat dutelako kooperatibetako gizon-emakume horiek: gizarte zehatz batean konprometituta dauden enpresak garatu nahi dituztela.
A. Aurreko astean egindako jardunaldietan euskal kooperatibismoa erreferentzia dela esan omen zen. Hala al da?
A.M. Arrasateko kooperatiben esperientzia munduko kooperatibismoaren erreferentziarik onenetakoa da. Funtsean lan elkartuko kooperatiba delako, Europa eta munduko beste herrialdeetan nagusi den kooperatibismoaren alderantziz; oro har kontsumo kooperatiba legez ulertzen den errealitatean errotzen baitira hauek. MCCk ekarpen handiak egin ditu lan elkartuaren barruan, industria alorreko kooperatibez gain, beste eremu batzuetan sartu direlako _banaketa, maileguak, irakaskuntza, eta abar_.
Bestalde, munduko beste inon baino maila handiagoa lortu da integrazioa eta ahalmen ekonomikoa kontuan hartzen badira.
A. Euskal kooperatibismoaren arazo nagusia, MCC izan ezik, enpresen tamaina da.
A.M. Handicap horren menpe dauden kooperatibek zailtasun galantak izango dituzte egoera gainditzeko. Puntu-puntuan jarri behar dira, eta horretarako ez dago txatxarkeriatan ibiltzerik ahaleginak eta sakrifizioak egiteko orduan.
A. MCC euskal kooperatibismoaren giltzarria dugu; noizko berririk?
A.M. Nahiago nuke oker banenbil, baina ez dut MCC berririk ikusten epe ertainera. Ez diot uko egiten ilusioari, baina egun ez dut nabaritzen MCC korporazioak lortu duen kooperatibaren neurri berdineko enpresa egitasmo berririk.
A. Nolako eragina izan du kooperatiben lege berriak?
A.M. Interes handiko ekarpenak izan ditu, finantzaketarako zein egitura organiko eta funtzionalei dagokienez. Bestetik, enpresak elkarrekin lotzeko beste era batzuk ere arautzen ditu, korporazioak edo bitariko kooperatibak adibidez.
Myriam Gartzia
21