«Konfekzioaren % 78 EAEko mugetatik kanpo egiten dugu»
1994ko ekainaren 12a
Lande Martin Euskal Moda elkarteko lehendakariari elkarrizketa
«Konfekzioaren % 78 EAEko mugetatik kanpo egiten dugu»
Lande Martin, Euskal Moda elkarteko lehendakaria
Modaren industriak ez du inoiz indar handirik izan gure BPGn. Berpizte eta antolaketa prozesuan dabil orain eremu hau. Antolaketa hau Euskal Moda elkartearen ondorioa dugu, Lande Martinek azaldu digun bezala.
ARGIA. Orain arte modaren sektorea nahiko sakabanatuta aritu da. Elkarte batean hainbat fabrikatzaile biltzeak fruituak eman al ditu?
LANDE MARTIN. Bai, batez ere promozio lanetan, eta honek noski fakturazioa eragin du. Hainbat azoka eta festetan parte hartu dugu, Valentzian, Madrilen, Parisen, eta abar. 1991n sortu zenez geroztik, elkartea gure produktua, euskal moda ezagutzera emateko oso tresna baliagarria izan da, eta 47 fabrikatzaile txiki eta handi bildu ditugu. Azken urteko sektorearen fakturazioa, adibidez, 51.000 milioi pezetakoa izan da; ez da kopuru makala. Honek lanpostuak eta aberastasuna sortzen ditu eta horregatik ere euskal erakundeen laguntza jaso dugu, batez ere Bizkaiko Diputazioarena. Asko animatu gaitu elkartea aurrera ateratzen.
A. Hala ere, sortutako aberastasun gehiena Euskal herritik kanpora gelditzen da, konfekzioaren % 75 inguru gure mugetatik kanpo egiten delako.
L.M. % 78ra ere helduko da. Fabrikatzaile eta diseinatzaileek produktua sortzen dute, baina hauen konfekzioa Portugalen, Marokkon eta Galizian eta Asturiasen egiten da. Guztira 10.000 bat langile izango dira euskal modaren industriari esker bizi direnak EAEtik kanpo. Hemen ez dago azpiegiturarik, hemengo eskulana oso garestia delako. Hala ere, gure helburuetako bat azpiegitura hori bultzatzea da. Dagoeneko egin dira saio batzuk eta Jazkilan Koop-ek zazpi bat tailer hedatu ditu Gipuzkoan eta Bizkaian, eta beste hiru egiteko asmoa du. Dena den, oso zaila da konfekzio horren erdia ere Euskal Herrira ekartzea.
A. Non saltzen da euskal moda?
L.M. Espainiako iparraldean beti izan dugu oso ospe ona. Tunisia, Marokko, Suitza, Alemania eta Belgikan. Harrigarria da zenbat saltzen dugun Belgikan.
A. Nola dakusazu sektorearen etorkizuna?
L.M. Ondo, eta krisi egoera honetan zaila da hori esatea, baina uste dut bide egokian gaudela eta hori ez da gutxi.
Myriam Gartzia
25