argia.eus
INPRIMATU
Joxe Mari Argoitia: «Beti izan naiz nahiko nahaslea musika kontuetan»
1994ko maiatzaren 22a
Joxe Mari Argoitia ETBko aurkezleari elkarrizketa
Joxe Mari Argoitia: «Beti izan naiz nahiko nahaslea musika kontuetan»
Ondarroakoa, 36 urtekoa, eta musikazalea betidanik. «Ikuskaria» saioko aurkezlea pantailetan agertzen digun iruditik oso urrun agertu zaigu elkarrizketa egiterako orduan. Literatura eta zinemazalea, ETBko langilea duela 10 urte, beti aritu da lanean musikaren inguruko saioetan.
ARGIA. Mutil modernoa ala klasikoa zara?
JOXE MARI ARGOITIA. Sandwich bat. Bien artean nago, nahasketa bat eginez.
A. Ainhoa Arteta, Maria Bayo ala Amaia Zubiria?
J.M.A. Natalie Merchant, 10.000 Maniacs-eko abeslari ohia.
A. Julian Gayarre edo Barricadako «Drogas»?
J.M.A. Julian Gayarre.
A. Zer dantzatzen duzu maiatzean?
J.M.A. Ez naiz batere dantzaria, herriko jaietan izan ezik. Saltsa eta Karibeko erritmoak atsegin ditut oso, txikitandik.
A. Aretoa edo dantzalekua nahiago?
J.M.A. Herriko plaza, txosna baten aurrean, ahal bada. Oso gutxitan joan izan naiz dantzalekuetara, eta are gutxiago aretoetara.
A. Kantatzen duzu dutxan?
J.M.A. Asko gainera. Aria batetik hasita, Mikel Laboaren edozein abestiraino. Telebistako sintonia desberdinak ere kantatzen ditut.
A. Belarri onekoa edo handikoa zara?
J.M.A. Harropuzkeria dirudien arren, belarri onekoa naiz. Hala diote behintzat.
A. Zer egiten du zuk bezalako mutil batek hain programa klasikoan?
J.M.A. Ongi pasatu. Betidanik gustatu izan zait musika, klasikoa zein modernoa. Etxean ere musika giroa bazen. Solfeoa ikasi, herriko elizako koroan abestu... Horiek ere egin ditut. Nahasle bat naiz musika kontuetan, baita jakinmin handikoa ere. Edozer gauza berri aurkezten didatela eta, beti entzuten dut.
A. «Ikuskaria»k eskaintzen duena ere horren adibide da.
J.M.A. Ezin da ahaztu azken aldian opera izugarrizko gorakada ezagutzen ari dela. Hurbilketa hori errazteko saioa ere egin dugu, ahalik eta errazen uler dezan ikusleak eskaintzen diogun ikuskizuna. Hori bai, lehendik zaletuak zirenen nahiak asetzea ahaztu gabe. Horregatik daude batzuetan saio ezagunak, eta beste batzuetan hain ezagunak ez diren ikuskizunak.
Amagoia Iban
63

GaiezKomunikabidTelebistaETBSaioak
GaiezKomunikabidTelebistaETBAurkezleak
PertsonaiazARGOITIA2
EgileezIBAN1Komunikabid