Manu etxezortu Euskadi Gaztea saioko esatariari elkarrizketa
Manu Etxezortu: «Gazteentzat praktikoa izango den informazioa eskainiko dugu»
Andoainen ongi jasotzen da Euskadi Gaztearen seinalea. Horri erantzunez heldu da 24 urteko Manu Etxezortu irrati honen programazio berrian agertzen den «Gazte gara gazte»ren arduradun izatera. Euskadi Irratiko langilea duela hiru urtetik hona, irrati formula batek ere informazio ona eskain dezakeela frogatzera dator.
ARGIA. «Goizean behin» saiotik «Gazte gara gazte» saioaren arduradun izatera igaro zara. Zeintzuk lirateke aldaketa nagusiak?
MANU ETXEZORTU. Euskadi Irratian egiten nuen saio horretan erreportaitxoak egiten nituen batez ere, elkarrizketak... Oraingoa guztiz berria da. Guztiontzat. Bai ni, baita Bilboko lankidearentzat ere. Sortzen diren ekimen desberdinen informazioa bildu behar dugu egunero.
A. Euskadi Gaztearentzat ere aldaketa izan da.
M.E. Irrati formula izanik gazteentzako informazio zehatza emateko saio berezia egin dute. Berria delako da erronka. Arrazoia garbi bat dago. Gazteek ere informazioa behar dute, eta euren munduan informazio mota batek du leku berezia. Adibide bat jartzearren, langabezia hain arazo larria izanik gazteen artean batez ere, egunetik egunera sortzen doazen lanpostuen berri puntuala ematen saiatzen gara egunean bitan.
A. «Seinale On!» da Euskadi Gaztearen programazio berriaren lema. Baina ez al da seinale txarra gazteei mota honetako informazioa eman behar izatea?
M.E. Seinale txartzat har daiteke, baina errealitateak agindutako gauza bat da. Hala ere, badira seinale onak ere. Ikasketa bekak, elkarrizketa laburrak, kultur agenda... Hori ere entzuten dute gazteek.
A. Erantzungailu automatiko bat jarri duzue gazteek dei dezaten bertara. Zein da lehen egun hauetan jaso duzuen deirik harrigarriena?
M.E. Gehienak kantu edota talde zehatzak eskatzeko deiak dira. Baina oraindik goizegi da, eta aurrerantzean behintzat dei horiek zerbait saldu, erosi, edota trukatu nahi duen edonorenak izan daitezen ere nahiko genuke. Edota zerbait antolatzen dutenek ere. Finean, gazteentzat praktikoa izango den zerbitzua eskaini nahi dugu, euskaraz eta gure gizartearen errealitateari egokitua.
Amagoia Iban
63
GaiezKomunikabidIrratiaEuskadi irrEsatariak
PertsonaiazETXEZORTU1
EgileezIBAN1Komunikabid