Maialen Iriarte ETBko aurkezleari elkarrizketa
Maialen Iriarte: «Ez dut neure burua ikusten lehiaketa bat bideratzen»
Adostasun bila edo, «Ados» saioaren ardura bere esku hartu zuen bere garaian emakume honek. Hilabete luzez ETBko estudioetatik kanpo egon ondoren, «Harira» saioaren ardura du orain. Aintzane Bolinaga eta Maribel Aizarna izango ditu lankide. Hiru emakume, hari desberdinetatik tiraka hasteko.
ARGIA. Goazen harira... Zein litzateke hasi berria duzuen saioaren funtsa?
MAIALEN IRIARTE. Informazioaren harira, hari horretan egon daitezkeen pertsonaiak elkarrizketatzea.
A. Beti politika munduko pertsonaiak izango al dira?
M.I. Hasiera batean bai. Politikari sorta bat elkarrizketatzeko asmoa dugu. Baina ez dugu baztertzen beste inor elkarrizketatzea ere.
A. Politikariena ez ote da izango hari hauskorregia?
M.I. Ez dut uste. Elkarrizketa tertulia batzuk egingo ditugu. Hiru kazetari politikaria elkarrizketatzen arituko gara. Denetarik galdetuko diogu berari, ikusentzuleentzat erakargarria izan daitekeena.
A. Hiru emakume zarete lankideak. Arraroa dela ere esango dute batzuek.
M.I. Esango duenik egongo da, baina bazen garaia. Oso formula ona izango dela uste dut, baina ez hirurak emakumeak garelako, baizik eta informatiboetan urte asko daramatzagulako kazetari lanetan.
A. Zure azken lana «Ados» en eman zenuen. Hortik «Harira»ra zeintzuk lirateke zure ustez desberdintasun nagusiak?
M.I. Erabat ezberdinak dira. «Ados»en eztabaida bat bideratzen nuen, partaide askotakoa. Horrek, gonbidatuei zukua ateratzeko aukera mugatu egiten zuen. Orain, ordubete dugu pertsona bat elkarrizketatzeko eta, alde horretatik, zuku gehiago atera dezakegula uste dut.
A. Hari motzez ala luzez lotuko dituzue elkarrizketatuak?
M.I. Motzez zein luzez. Gustuko eta ez hain guztuko galderak egingo dizkiogu.
A. Informatibo sailean beti, irudi serioa eskaini duzu lanean. Ez al duzu beste zerbait egiteko asmorik?
M.I. Norberak jakin behar du zer egin dezakeen ondoen. Ez dut neure burua ikusten lehiaketa bat egiten. Ez gutxiesten ditudalako, maila horretan gatz gutxi xamar dudala uste dudalako. Informazioarekin zerikusia duen saio bat egiten ikusten dut nire burua.
A. «Txoko-Latex» ala txokolatea?
M.I. Une honetan, «Txoko-Latex». Telebistaren bidean urrats bat dela uste baitut. Besteak beste, gure buruaz barre egiten ari garelako iruditzen zait baikorra. Gure telebista kulturaren barruan urratsa dela uste dut.
Amagoia Iban
63
GaiezKomunikabidTelebistaETBAurkezleak
PertsonaiazIRIARTE3
EgileezIBAN1Komunikabid