argia.eus
INPRIMATU
«Gure garapena ez da urtetako kontua, hamarkadetakoa baizik»
1994ko martxoaren 06a
Jon Azua Industria sailburuari elkarrizketa
«Gure garapena ez da urtetako kontua, hamarkadetakoa baizik»
Jon Azua, EAEko lehendakariordea eta Industria sailburua
Pasatu den ostiralean Jon Azuak EAEko industria politikaren 1993ko emaitzen balorazioa egin zuen Gasteizko Legebiltzarrean. Industria sailburuaren ustez, Euskadik badu industri politikarik eta hori Eusko Jaurlaritzaren politika dugu. Ez da politika hau langabetuen zerrendan islatu. Azuak aipatzen dituen emaitzak eta lorpenak non dauden bakoitzak neur ditzala.
ARGIA. Zeintzuk izan dira Eusko Jaurlaritzaren industri politikaren lorpenak azken urte honetan?
JON AZUA. Euskadik badu industri politikarik, agente ekonomiko, sozial eta instituzionalek parte hartzen dute eta zentzu honetan partehartze eta koolaborazio maila altuak lortu dira. Sare garrantzitsuak osatu dira azpiegitura, finantza, teknologia, fiskal eta giza baliabide mailan. Tresnak eta baliabideak sortu dira testuinguru produktiborako. Euskadi industriala izan da, da eta izango da. Gure etorkizuna industria arlokoa da.
A. Zeintzuk izango dira etorkizun horren motoreak?
J.A. Funtsean, gaur egun lantzen ari garen industria taldeak izango dira. Erraminta-makina, energia, talde ondasunak, ingurugiroa, automozioa, software-a... Hauek izango dira aberri industrial berri baten oinarriak jarriko dituztenak.
A. Azken urteotan Madrilek eta Brusselak ekintza zehatzak burutu dituzte Euskal Herrian politika ekonomiko mailan. Gobernu hauen ekimenak dira Eusko Jaurlaritzaren industria politikaren mugak?
J.A. Ez, gure ekimenaren muga errealitatea bera da, hau da, proiektu berritzaileak aurkitzeko ahalmena, proiektu hauek burutzeko diru iturri nahikoak aurkitzeko ahalmena eta denbora. Denbora dugu etsairik gogorrena. Gure garapena ez da urtetako kontua, hamarkadetakoa baizik.
A. Sindikatuek parte hartu dute politika ekonomiko horretan; nola baloratuko zenuke kooperazio hau?
J.A. Orokorrean esan genezake elkartasuna adierazi dutela Eusko Jaurlaritzaren industria ekimenekiko eta gainera hauen parte hartze eta onespenik gabe ezinezkoa izango litzateke ekimen hauek aurrera eramatea.
A. LABek eta ELAk lan harremanetarako euskal esparrua aldarrikatu zuten duela pare bat aste. Esparru hau beharrezkoa iruditzen zaizu Euskal Herriaren industriarekiko?
J.A. Lan harremanetarako euskal esparrua bada aldarrikatzen dutena, bai. Eusko Jaurlaritzak betidanik lagundu eta bultzatu izan du lan harremanetarako esparru autonomoa. Gainera, nazioarteko ekonomiaren joera hori da, hots, agenteen arteko gertutasuna bilatzea, hitzarmen kolektiboa eraginkorragoak izan daitezen. Agian herren geratzen zaie bilatzen dituzten helburuak ez direla argiegiak, eta LAB eta ELAren arteko batasunaz ari naiz. Hala ere, orokorrean, baikorra da oso sindikatu biek lan harremanen esparrua bultzatzea, marko instituzionala baten barruan.
Myriam Gartzia
24-25

GaiezPolitikaEuskal HerrErakundeakJaurlaritza
PertsonaiazAZUA1
EgileezGARTZIA3Politika