Karmelo Vivanco ETBko "Egunbete" saioko zuzendariari elkarrizketa
Karmelo Vivanco: «Ez goaz morboaren atzetik, eta alde horretatik, modaren aurka joan gara»
Bilbotarra, kazetaria eta «Egunbete» saioa egiten duen lan talde gaztearen zuzendaria, Karmelo Vivancok ez du egun bat bera ere lanik gabe igarotzen. Hori dio behintzat. Gogorra dela lana, atseginez egin arren. Hain gustukoa duen bidaiatzea ere ezin duela egin. Baina ez da kexatzen. Egun beteko lanak oraindik ez du itotzen.
ARGIA. Beste telebista kate batzuek erabilitako formula erabiliz sortu zen «Egunbete».
KARMELO VIVANCO. Baina horrek ez du esan nahi gaizki egina dagoenik. EEBBetan eta Europan jada erabiltzen zen formula euskal gaietara egokitzen saiatu gara.
A. Euskal gaietara egokitzea ez du eragotzi atzerrira joan behar izana.
K.V. Baina horrek diru asko gastatzea ekarri du. Kontuan hartu Rwanda, Bosnia zein Saharan egon garela, adibideak jartzearren, horrek dakarren gastuarekin.
A. Nola erantzuten du jendeak euren bizitzetan egun batez sartzen zaretenean?
K.V. Gogorra da hasiera batean. Jendea bere egunerokotasunean dela, gu kamera eta fokoz gainezka joaten gara, hori haustera nolabait. Hasiera batean, lehen bizpahiru orduetan, lehor agertzen da jendea, baina gero lasaitu egiten dira, eguneroko jarduna manten dezaten nahi dugula ohartzen direnean. Zerbait ikasi dugu gainera ekipokook: euskal herritarrak ez direla dioten bezain itxi eta hotzak. Atea irekitzen asmatzen baduzu, zabal zabalik uzten dizute.
A. Zein izan da irekitzeko aterik zailena?
K.V. Ez dakit... Bitxia izan zen, adibidez, karmeldar komentu batean sartu ginenekoa, klausurako mojak baitziren.
A. Jendearen jarrera gauza bat da, eta bestea, zuena.
K.V. Ez gara morboaren atzetik joaten, jendeak askotan hori uste duen arren. Basurtoko ospitalera joan ginenean, adibidez, errazena odola eta oinazearen bila joatea zen, baina ez genuen horrelakorik egin. Alde horretatik, modaren aurka joan garela esan daiteke. Hala ere, aditzen ditugu «hemen datoz putreak» eta antzekoak.
A. Bi urtez zaudete jada programazioan. Ikusleak erantzun ona eman duela dirudi.
K.V. Ez dakit. Egia esan, hona heltzen zaizkigun ikusle kopuruez ez gara gehiegi fidatzen. Gehiago fidatzen gara kalean jaso ditugun iritziez.
Amagoia Iban
63
GaiezKomunikabidTelebistaETBSaioak
GaiezKomunikabidTelebistaETBuzendariak
PertsonaiazVIVANCO1
EgileezIBAN1Komunikabid