argia.eus
INPRIMATU
«Lan agentzia pribatuak INEMen osagarri eta lagungarri dira»
2021eko uztailaren 19a
Pedro Luis Rio Oiarbide, INEMeko Bizkaiko arduradunari elkarrizketa
«Lan agentzia pribatuak INEMen osagarri eta lagungarri dira»
Pedro Luis Rio Oiarbide, INEMeko Bizkaiko arduraduna
Espainiako Lan Institutuko Pedro Luis Rio Oiarbidek ondo deritzo Lan Merkatuaren Erreformak ekarritako aldaketari. Hauetako batek, lan agentzia pribatuen sorrera ahalbideratzen duena, zuzenki ukitzen du erakunde hau. Abenduan, bestetik, langabetuen zerrenda inoiz baino gizenago agertu zen INEMen.
ARGIA. Aurreko abenduan marka berria lortu genuen langabetuen kopuruan.
PEDRO LUIS RIO. Baina gu ez ginen kaltetuenak izan. Hala ere, laster geldituko dela uste dut, egoera ekonomikoa hobetzen denean eta kontratazio berriak indartzen direnean. Noski, hau ez da goizetik gauera gertatuko. Hala ere, aurrikuspenak ez dira oso alaiak krisia industria alorrekoa dela ikusita. Bizkaiak, adibidez, azpiegitura ekonomikoa industria arlokoa du eta epe ertain batera langabetu kopurua igotzea espero da.
A. Lan Sustapenerako dekretu-lege berriaren arabera, INEMetik kontratatzeko beharra kendu eta lan agentzia pribatuen sorrera arautzen da. Ez al dira neurri hauek INEMen porrotaren adierazgarri?
P.L.R. Ez. Pertsona guztiek INEMera joan beharko dute, hau da, baja eta alta bertan emateko beharra mantentzen da. Bestetik, lan agentzia pribatu berrien arautzeak errealitateari erantzun dio, dagoeneko egon badaudelako. Hala ere, ez dut uste hauen ekimenak INEMen zeregina zalantzan jartzen duenik. Aitzitik, osagarriak eta lagungarriak direla pentsatzen dut. Kontratazioa, gure ustez, beste erakunde lagungarri batzuek egin dezakete.
A. INEM transferentzietan eztabaidatuenetarikoa dugu. Orain aldatzea erabaki da. Ez al da errazagoa INEMen gestioa elkarte autonomoek egitea?
P.L.R. INEM erakunde bizia da, hau da, berrikuntzak behar ditu eta horregatik dago hain sarri guztion ahotan. Transferentziei buruz zera esango nizuke: INEM da une honetan Espainiako erakundeetan deszentralizatuena eta gestio hori, beraz, bertakoa da. Gainera, esan dezakegu INEMek jendearekin harreman zuzena duela eta Eusko Jaurlaritza bera baino hurbilagoa dela. Transferitu behar denentz baloratzea ez dagokit niri.
Myrian Gartzia
24-25

GaiezEkonomiaLanaLangabezia
PertsonaiazRIO1