argia.eus
INPRIMATU
«Label-a Eusko Jaurlaritzaren irudi kanpaina izan da»
2021eko uztailaren 19a
Manu Marañon EHNEko idazkari nagusiari elkarrizketa
«Label-a Eusko Jaurlaritzaren irudi kanpaina izan da»
Manu Marañon, Euskal Herriko Nekazarien Elkarteko idazkari nagusia
Azken abenduaren 15ean sinatutako GATT akordioak larri zaurituko du euskal nekazaritza. Hala ere, Euskal Herriko Nekazarien Elkarteak ondo ezagutzen ditu Europako Batasunaren nekazaritza politikaren ondorioak eta hauek nola areagotuko diren merkatuen mundutartzearen eraginez.
ARGIA. Azken zazpi urteak latzak izan dira euskal nekazarientzat. Ez zenuten halako jipoirik espero?
M. MARAÑON. Europako Batasuna errelitate bihurtuko zela aurrikusi genuenean Europako Nekazarien Elkarteko kide egin ginen, orain dela zazpi bat urte. Ordutik, asko eztabaidatu dugu merkatuen liberalizazioaz eta honen ondoriez.
A. GATTek ez dio mesederik egingo gure nekazaritzari. Hau dena aurrikusten bazen, zergatik ez dira martxan jarri euskal produktuak babesteko neurriak?
M.M. Jatorrizko eta kalitatezko label-ak horretarako arautu ziren, gure produktuak merkaturatzeko eta izaera bereziz definitzeko. Hor ditugu Errioxako ardoen label-a eta berriago den Ibaizabal gaztarena. Hala ere, euskal nekazari produktuen label-a Eusko Jaurlaritzaren irudi politika izan da, eta ez ditu ekarri espero ziren emaitzak. Administrazioak ez du kontuan hartu nekazarien eta merkatarien iritzia.
A. Europatik bultzatzen den nekazaritza industri ereduak eta euskal ereduak kontraesan handiak dituzte. Nola konpondu hori?
M.M. Ezinbestekoa da euskal produktuen babes estrategia bat, filosofia hau GATTen politikaren aurka joan arren. Euskal produktuak anitzak, kopuru txikietan egindakoak eta kalitate handikoak dira. Honen ondorioz, produktu hauek inportatuko direnak baino hobeak izan arren, garestiagoak izango dira eta, beraz, saltzeko zailagoak.
A. Zein herrialde izango dira gure ekoizpenen etsairik handienak?
M.M. Askotan aipatzen da EEBB lehiakide nagusi bezala, baina oso kontuan hartu behar ditugu Hirugarren Munduko herrialdeak, hauek gehienetan, duten kanpo zorrak behartuta, esportatzeko produzitzen baitute. GATTi esker, esportatzea askoz ere errazagoa izango da eta honek eragin zuzena izango du euskal merkatuan eta euskal produktuen salmentan
Myrian Gartzia
22-23

GaiezEkonomiaSindikalginSindikatuaEHNE
GaiezEkonomiaLehen sektoNekazaritza
PertsonaiazMARAÑON1