Joseba Leizeaga: «Hamar urte hauetan gure eredua jorratzea lortu dugu»
1994ko urtarrilaren 23a
Joseba Leizeaga, Zintzilik Irratiko esatariari elkarrizketa
Joseba Leizeaga: «Hamar urte hauetan gure eredua jorratzea lortu dugu»
Duela hamar urteko azaroan eskaini zuen bere lehen emankizuna Errenteriako Zintzilik irratiak. Hamarkada bat airean. Joseba bertan izan da hasierako hilabeteetan izan ezik. Irrati librea izateak oraindik ere kontrakoak dakartzala adierazi arren, bere betiko planteamenduekin jarraitzen du irrati honek.
ARGIA. Hamar urte beteko dituzue aurten Zintzilik irratikoek. Nola baloratzen duzue hamarkada honetan egindako bidea?
JOSEBA LEIZEAGA. Gure irrati eredua poliki gauzatzen joan da hamar urte hauetan. Hasiera batean irrati libre bat egin nahi genuen. Hego Euskal Herrian irrati libreak garatzen ari ziren, eta herri mailako komunikabide bat gauzatu nahi genuen, bertan gertatzen eta inon agertzen ez ziren gauzak agertuz.
A. Gorabeherak ere izango zenituzten...
J.L. Noski. Hasiera batean partaide asko ginen, gero urritzen joateko. Baina ikasi dugu kantitateak ez duela zerikusirik kalitatearekin. Eta lortu dugu gure eredua jorratzea, hasierako planteamenduei uko egin gabe.
A. Zein ezaugarri ditu eredu horrek?
J.L. Kontrainformazioa da oinarri bat. Profesionalak ez garenez, denbora baldintza gogorra da, jende gehienak ezin duelako nahi duenean irratia egin. Iraultzarako tresna bezala ulertzen dugu irratia.
A. Zintzilik oraindik hitz egokia al da zuen irratia definitzeko?
J.L. Guztiz egokia. Beti egon gara pixka bat zintzilik, bai lege aldetik, bai partaidetza aldetik ere, nahiz eta egun nahiko talde bermatua dugun. Gu beti zintzilik gaude.
A. Euskarririk topatu duzue ordea...
J.L. Iaz berrikuntza teknikoak ezarri genituen. Beharra bazegoen, baina irrati txikia izaten jarraitzen dugu. Orereta eta bere bailara osoa hartzen ditugu 30 watioko potentziaz. Gure asmoak ez doaz areago. Jendearen laguntza da garrantzitsuena eta zerbait antolatzen dugunean erantzuna sumatzen da.
A. Zenbat lagun zaudete zintzilikario legez?
J.L. Hogei inguru, 12 gizonezkoak eta 8 emakumezkoak. Emakume kopuru honek badu garrantzirik, beste ikuspegi bat eman baitigu. Irrati iraultzaile bat egitean emakumeena ere borroka bat da.
A. Euskarak gero eta presentzia handiagoa du zuen irratian.
J.L. Hori iaz lortu genuen. Egun programazioaren erdia baino gehiago euskaraz doa. Garai batean, euskaraz jakin arren, aurkezle batzuk erdaraz aritzen ginen. Egun, euskaraz dakiena euskara hutsez aritzen da.
Amagoai Iban
63
GaiezKomunikabidIrratiaintzilik i
PertsonaiazLEIZEAGA1
EgileezIBAN1Komunikabid