German Garbizu: «Ongi egindako publizitateak inoiz ez du gezurrik esaten»
1994ko urtarrilaren 16a
German Garbizu ETBko publizitarioari elkarrizketa
German Garbizu: «Ongi egindako publizitateak inoiz ez du gezurrik esaten»
Publizitate titulua atera zuenetik, lanean dihardu donostiar honek. BSB nazioarteko agentzian ari da egun. Bezero desberdinen artean, ETB du. Bere betebeharra entearen programazioaren publizitateaz arduratzea da. Plater tiroketa asko gustatzen zaio, baina ez omen du denbora askorik, publizitatearen inguruko gaiek direla eta.
ARGIA. Free-lance bezala aritu izan zara orain multinazional batean lan egiten duzun arren. Zertan desberdintzen dira bi mundu hauek?
GERMAN GARBIZU. Bezeroen aldetik dira desberdinak batez ere. Free-lancen bezala beste publizitate agentziak edota diru gutxi duten bezeroak datozkizu. Oraingo agentzian askoz ere pisu handiagoko bezeroak ditugu.
A. ETB zuen bezeroetako bat da.
G.G. ETBk dituen lanak ahalik eta erakargarrien eskaintzen saiatzen gara, beste bezeroekin egiten den bezalatsu. Horretarako, bere helburuak, ahalmenak eta ikusleak kontuan hartu behar izaten ditugu. Hori kontuan hartuta, astero hiruzpalau aldiz, bere produktuen iragarkiak egiten ditugu. Asteko gauzarik erakargarrienak aurkeztuz.
A. Horrela, txarra den filme bat, zeharo erakargarri aurkez diezaiokezue ikusleari. Etikoki nola mantentzen da oreka?
G.G. Ondo egindako publizitateak ez du etika arazorik ematen inoiz. Publizitateak seduzitu egin behar du, eta gauza onak ahalik eta ondoen erakutsi, gezurrik esan gabe. Publizitate onak inoiz ez du gezurrik esaten.
A. Zer eskatzen du ETBren ikusleak?
G.G. ETB-1 eta ETB-2 bereiztu egin behar dira. ETB-1 ikusle euskaldunentzat egina da. Ziur erdal katekoentzat bertako publizitatea ez dela batere erakargarria, izaera desberdinekoa delako. Programazioa ere horren adierazgarri da. Uste dut ETBk erakutsi nahi duela euskalduna izatea pello bat izatea ez dela inolaz ere.
A. Beti esan izan da euskarazko publizitateak ez duela dirurik ematen. Ados al zaude horrekin?
G.G. Euskarazko publizitatearen arazoa hartzaileena da. Hau da, oso jende gutxi dago euskarazko publizitatea jarraitzen duena. Lehen egiten zen akats handiena iragarkiak erdaraz pentsatu eta elebitasunaren izenean euskarara itzultzea zen. Egun ez da horrela egiten. Gero eta profesional euskaldun gehiago daude. Ahal den joko handiena ateratzen zaio euskarari, eta itzulpen literariorik ez da egiten, ideiena baizik.
Amagoia Iban
63