«Jada ez da nahikoa produzitzea, saltzeko irudimena behar dugu»
1993ko abenduaren 12a
Diseinuzko esperientzien elkar trukeko jardunaldiak hizpide
«Jada ez da nahikoa produzitzea, saltzeko irudimena behar dugu»
Ion Sojo Garate, Industri Diseinurako Zentroko gerente zuzendaria
Aurreko astean Bilbon Akitania eta EAEren arteko diseinuzko esperientzien elkar trukeko jardunaldi batzuk burutu ziren, bigarren atala urtarrilaren 11n Bordelen gauzatuko dela. Produktu berrien eta ohizkoen ikerketa eta garapenerako zein hauen merkaturaketarako tresna beharrezkotzat jotzen da gaur egun industri diseinua, nahiz eta Euskal Herriko enpresek ezer gutxi jakin honetaz.
ARGIA. Zeintzuk dira jardunaldi hauen helburuak?
I. SOJO. Jardunaldiok egitea EAE eta Akitaniaren arteko akordioen ondorioa da; eta gure asmoa industri diseinuaren inguruan mugaren alde bietan genituen esperientziak trukatzea. Horretarako DZ (Industri Diseinurako Zentroa) eta 4D (Bordeleko 4 unibertsitate biltzen dituen taldea) elkartu ginen, beti ere enpresa eta industri diseinuarekin zerikusirik duen edozein ekimen praktiko aztertzeko.
A. Zer ikasi behar dugu Hegoaldekook Iparraldekoengandik, eta alderantziz, hango sektore nagusia zerbitzuzkoa eta hemengo sare ekonomikoa industriala izanik?
I.S. Alde batetik, Akitaniak ez ditu zerbitzuak soilik, Bordele ingurua oso industriala baita. Eta ikasteari dagokionez ez ditugu, printzipioz, desberdintasun handiegiak, berrikuntza eta balore berdintsuak baititugu. Adibidez, konpetitibitateaz asko aritzen gara, gure arazo guztiak konponduko dituen edabe magikoa bailitzan, baina ez da horrela. DZ eta 4D ondorio batera heldu gara, hau da, enpresa barruan eman behar da kultura aldetiko aldaketa bat: enpresa bat kudeatzeko ohitura eta jarrera berriak behar ditugu eta hauen artean dago industri diseinua. Akitaniatik ikasi behar duguna zera da, enpresa antolaketa berriaz, zentzu honetan gu baino aurreratuagoak daude eta.
A. Aldaketa garaia bizi dugu eta askotan enpresek ez dakite aldaketa horiei aurre egiten. Industri diseinua lagungarria gerta al daiteke?
I.S. Alor honen eraginkortasuna neurtzea nahiko zaila da, publizitatearena neurtzea zaila den bezala. Nork daki publizitateari esker produktua saldu den ala merkatu liderra blokatu den? Industri diseinua antzekoa da. Produktuaren kalitatea, irudia, banaketa, merkatua aztertzen ditu. Azken batean, jada ez da nahikoa produzitzea, merkatu baten arabera produzitu behar da eta produktu bat merkaturatzeko behar duzun informazioa biltzen du industri diseinuak. Ez da nahikoa produktua estetikoki baloratzea, areago doa, enpresa osoa inplikatu behar du diseinu horrek.
A. Akitanian aurreratuagoak daude arlo honi dagokionez?
I.S. Euskal enpresetan oso diseinu gutxi egon da eta dago. Ez da nahikoa diseinatzaile talde bat izatea, prozesu bat da. Enpresa antolatzeko edota produktuak merkaturatzeko irudimena behar da, ohizko ereduak porrot egin dute eta hori da diseinuzko prozesu horren zeregina.
A. Euskal ekonomiak bide horri heldu behar dio?
I.S. Ez dugu beste irtenbiderik. Gune teknologikoak, langile koalifikatuak, industri oinarri garrantzitsua dugu. Orain egin beharrekoa zera da, guzti honi sormen ahalmena eta irudimena gehitu gure produktuak saltzeko, kalitate irizpideak galdu gabe. Arazoa ez da produzitzea, hori nonnahi egiten da, gauza da merkatu liderra den produktua izatea. Eta industri diseinua faktore garrantzitsuenetakoa da.
A. Krisi garaiak bizi ditugula, ez al da zaila enpresariengandik hori itxarotea?
I.S. Oso zaila da. Hedapen egoera batean enpresariek inbertsioak egiten dituzte beldurrik gabe, eta orain arte teknologian inbertitu izan da. Baina Euskal Herrian aspaldidanik bizi dugun krisialdiak egoera larriak ekarri ditu enpresari gehienentzat. Gaur egun enpresariek itolarritik ateratzeko egiten dituzte saioak eta egunetik egunera bizi dira. Gainera, diseinua ez da makineria edota teknologia bezala, uki daitekeen zerbait. Euskal enpresariak orain arte produzitzeaz arduratu dira bakarrik, berezko merkatua zutelako, baina Irungo muga zabaldu denetik, merkatu hori aldatu egin da eta gaur egun ez dakigu nola, non eta zer saldu. Garrantzitsua da hemen produzitzen diren produktuak merkatu berri horretara egokitzea. Ez dago beste irtenbiderik. Saltzeko orduan irudimena behar dugu.
Myriam Gartzia
24-25