«Euskararen azpiegituraren eraikuntzan elkartu beharra dago»
1993ko abenduaren 12a
Eusenor proiektua eta entziklopedien gerra hizpide
«Euskararen azpiegituraren eraikuntzan elkartu beharra dago»
Andoni Sagarna Eusenor proiektuko zuzendaria eta Joseba Intxausti harreman arduraduna
Besterik ez da entzun asteotan: `entziklopedien gerra'. Eusenor proiektua kritiken ardatz harturik, Lur argitaletxeak luzatutako kexu eta salaketek zabaldu diote guztiari atea. Eusenorreko Andoni Sagarna eta Joseba Intxaustiri egitasmoa argitu diezaguten eskatu diegu.
ARGIA. Non hasi eta bukatzen dira zuen asmoak?
ANDONI SAGARNA. Gurea, azken hogei urteetako euskalgintzako esperientzia jakin batzuen ondoriozko proiektua da. Ez gelatxo batean jaioa: eguneroko lanaren eta langile askoren esperientziaren fruitu formulatua baizik. Ez da ahantzi behar Elhuyar Elkartea 1972an sortu zela, eta UZEI, 1977an: berorien katalogoetan ikus liteke horrek zer esan nahi duen. Egindako lanek erakutsi diguten zerbait zera da: euskararen azpiegituraren eraikuntza, talderik onenak ere ezin duela bakarrik aurrera eraman. Elkartu beharra dagoela. Horixe ikusi da, erreferentzi obren lanketan, eta zer esanik ez hizkuntzari lagun diezaioketen teknologia berrietarako.
JOSEBA INTXAUSTI. Hain zuzen, arrazoi horiengatik heldu zitzaion Eusenor proiektua prestatzeari. Alde batetik, talde-indarrak biltzeko, eta, bestetik, berehalako hamarkadan guztiz oinarrizkoak izan litezkeen hizkuntzaren kultur beharrei aurre egiteko. Horretarako, egin beharreko produktua definitzeari ekin zitzaion, eta dena babestuko zuen antolamendu juridikoa bilatzeari.
A. Zergatik piztu da `entziklopedien gerra' deitu dena?
A.S. Kazetari irudimentsuren batek sortu du `entziklopedien gerra' hori? Orain-oraingoz ez dago gure artean entziklopedia errepikaturik: daudenak elkarren osagarriak dira. Argitaletxe jakin batek obra jakin baten salmenta hobea segurtatu nahi izan du, eta, Eusenor proiektua kaltegarri izan zezakeela uste izanik etorri da erasoa.
J.I. Eusenor proiektua ez da sekula obra entziklopediko jakin baten asmotan agortu. Erreferentzi obrak burutzeko egitura instituzional bat sortu, eta etorkizuneko teknologia berriak euskararen zerbitzuan jartzea da muina. Beti ere, hori dena, gainera, lankidego sozio-instituzional zabal baten barnean. Gure aldetik, beraz, ez dago `gerrarik'.
A. Eztabaidaren ardatz bati eutsiz, ekonomikoari, Zabaltzen-i buruz esandakoez eta zuen proiektua gauzatzeko behar diren diruez zer diozue?
A. S. Zabaltzen-ek 3.000 milioi irabaziko omen ditu... Hori dena berriemailearen nahaste-borraste handi bat baizik ez da, Eusenorrek ez baitu utzi bere argitalpen-programa osoa banatzearena inoren eskuetan. Eusenorrek Zabaltzen-ekin duen harreman bakarra zera da, «Gazteen Entziklopedia»ren zabalkunderako eskubidea irabazi zuela lehiaketa batean. Deitutako hamar banatzaileen artean, esaterako, Lur ere bazegoen. Lehiaketaren arabera, Zabaltzen-ek urtebeterako eskubidea du eta 2.000 bilduma erostera behartu zen. Gainera, baldintza ekonomiko gogorrak jarri zitzaizkion: normalean, kredituzko liburuetan salmenta-prezioaren % 60 80rekin egiten den lana, %50ekin egitera behartuta dago kasu honetan.
J. I. Aurrekontuak proiekturako aurrikusita duen diru kopurua 3.022 milioi pezetakoa da, hamaika urtetan banatuta. Azken buruan, horietako 2.200 milioi autofinantzaketa-bidez bilduko lirateke, eta 800 bestelako iturrietatik; eta 800 horietatik 400 eskas dira erakunde publikoei legozkiekeenak.
A. Nola ulertzen duzue hainbat komunikabideren Eusenorren aurkako hitza?
A.S. Erdal kazetaritzako puntu batzuetatik etorri da, batez ere. Alde batetik, badago euskal kulturaren ezagumendu eskas bat hor, baina agian baita puntu horietara `berriak' emanez joan direnen interesik ere. Zabaldutako informazio batzuk kontrastatu gabeak izan ziren; horregatik, guk geuk prentsaurrekoan datuak mahai gainean garbi jarri genituenean, biharamuneko prentsak guztiz bestelako argibideak eman zituen.
A. Hizkuntz eredua inposatu nahia leporatu dizue Euskaltzaindiko hainbatek.
A.S. Guk Euskaltzaindiaren arauak goitik behera segitzen ditugu, orain eta betidanik. Euskaltzaindiak batasunerako emandako irizpide eta erabakietatik at, eredu definiturik ez du inork ikusten. Salaketa hori iradoki dutenak eta Eusenor proiektuaren arduradun eta kide batzuk elkarren lankide gara Euskaltzaindiko lan batzordeetan, eta harmonia ederrean daramagu egitekoa. Ulergaitza gertatzen da, beraz, salakuntza jarrera hori, eta okasiorako argudioa ote den nago.
A. Proiektuarentzat hainbat erakunderen babesa bilatu duzue. Zabaldu denez, batzuek atzera egin dute. Zertan dira gauzak?
A.S. Erakundeetan bakoitzak bere jarrera du, eztabaidaren aurretik eta orain. Erakundeen une honetako isiltasuna zuhurtziari dagokion zerbait da, noski, eta proiektuaren egokitasuna ikusia dutenek dagokion unean hitz egingo dutela uste dugu.
J.I. Izan ere, proiektua sozialki guztiz irekia da: fundazio bezala definitua eta, beraz, lukro-asmorik gabea. Egiteko produktua guztiz beharrezkoa denez, nahitaez heldu beharko zaio, eta ez gara gu izango Eusenorren nortasun juridiko hau edo bestea ezarriko dugunak, eta gutxiago irizpide itxi eta itsu batekin. Hortaz, zaila da erakundeak orain edo geroxeago baiezkoa eman gabe nola gera litezkeen ulertzea, batzuk berehala urratsak emateko prest daudenean, gainera.
A. Jakina da Mari Karmen Garmendiak Eusenor besarkatu duena. Ez da modu berean ulertzen Joseba Arregik jokatu duen papera.
A.S. Proiektuaren lehengo aurkezpena Kultura sailburuari egin zitzaion, eta gure beste harremanetan sailburuaren aipua erabil genezakeela adierazi zigun. Geroztik, Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko beste zenbait sailekin ere izan da harremanik _Hezkuntza eta Industria, adibidez, Hizkuntza Politika ahantzi gabe_. Proiektuaren harreman irizpide zabal hauei erantzutzeko, Lehendakaritzak hartu zuen asmoaren gidaritza instituzionala. Hortik joan dira gero gauzak: HPIN Lehendakaritza Sailean dagoenez, Mari Karmen Garmendiak hurbilagotik jarraitu behar izan du asmoa. Horrela, bada, proiektuak Eusko Jaurlaritzaren oniritzia du.
J.I. Eusenor proiektua ez da sekula pentsatu, eta gero gestionatu, EAErako bakarrik. Euskal Herri osorakoa da, hizkuntza bera bezala, eta beraz, Nafarroa eta Iparraldea ere komeni da, eta nahi da, hasieratik bertan esku izatea.
J.J. Petrikorena
45-48