argia.eus
INPRIMATU
Anabel Alduntzin: «Karrape Irratiak Leitzan zegoen euskarazko informazio hutsunea betetzen du»
1993ko abenduaren 5
Anabel Alduntzin, Leitzako Karrape Irratiko esatariari elkarrizketa
Anabel Alduntzin: «Karrape Irratiak Leitzan zegoen euskarazko informazio hutsunea betetzen du»
Nafarroako herri irratien lorategian kimu berria jaio da: Leitzako Karrape Irratia. Orain arte Xorroxin, Euskalerria, Lekunberri eta Irati irratiek osatzen zuten familian ahizpa txikia sortu da herri ekimen bati esker. Bi neska, Anabel Alduntzin eta Abeli Zabaleta, ari dira eguneroko berriketari lanak egiten.
ARGIA. Azkenean, lanean hasi zarete.
ANABEL ALDUNTZIN. Lau inaugurazio egin ondoren badirudi oraingoan bidean gaudela.
A. Herrian zer nolako harrera izan du irratiak?
A.A. Arrakasta izan du. Oraindik ere bazeuden herriko zati batzu Euskal Telebista eta Euskadi Irratia jasotzen ez zutenak. Egun, behintzat, Karrape Irratiari esker, bertako berriak euskaraz entzuteko parada badago eta gainera, gure programazioa amaitzen denean Euskadi Irratiaren seinalea emititzen dugu. Beraz, ulergarria da jendearen erantzun ona. Orain arte zegoen euskarazko informazio falta hori nolabait Karrape Irratiak betetzen du.
A. Egunean emititzen dituzuen bi ordutan nola dago osatua programazioa?
A.A. Oraingoz 10etatik 12etara emititzen dugu. Saio bakarra egiten dugu eta bertan, musikaz gain, prentsa irakurketa, zorion agurrak eta lehiaketa bat ere tartekatzen ditugu. Gaiei dagokienez, herrian eta inguruan sortzen direnak izaten ditugu hizpide.
A. Noren proiektua izan da orain Karrape Irratian gauzatu den hau?
A.A. Herri ekimen bat izan zen, euskarazko komunikabide bakarra toki askotan «Egunkaria» baitzen. Irrati honen sortzean euskara zerbitzuak zeresan handia izan du eta noski, Udalak berak ere bai.
A. Arazorik izan al zenuten euskara hutsean emititzeko?
A.A. Bai. Udaletxearen iniziatiba denez eta dirua bertatik datorrenez, alderdi politikoek zeresana badute irratiaren moldaketan. UPNko zinegotziek erdara tartekatu nahi zuten. Baina azkenean beste alderdiek euskara hutsean emititzea lortu zuten.
A. Nola moldatzen zarete biok mikrofonoaren aurrean?
A.A. Ez dugu arazorik, orain arte behintzat. Bien artean egiten dugu saioa, bat estudioan eta bestea kontrolean. Baina biek hitz egiten dugu. Irratian lan egiteko jendea aukeratzean, Udaletxekoek neska eta mutila izan zitezen nahi omen zuten, baina azkenean gu biok izan ginen hautatuak.
A. Leitzara bakarrik mugatzen al da irratia?
A.A. Ez, aipatu digutenez Tolosaraino iristen omen da. Horrez gain, korrespontsalak ere baditugu zenbait herritan eta horrek aberastu egiten gaitu.
Iñigo Herce
63

GaiezKomunikabidIrratiaKarrape irr
PertsonaiazALDUNTZIN1
EgileezHERCE1Komunikabid