Belen Aizpurua ETBko aurkezleari elkarrizketa
Belen Aizpurua: «Marinel onak topatu ditut untzi honetan»
Zarautzen jaioa, baina hemeretzi urte luzez Bilbon bizitzen, ETBko saiorik berezienetako baten aurkezlea dugu Belen Aizpurua. Sorginak eta esoterismoa gustuko ditu, eta itsasoen aniztasuna frogatu asmoz hartu du untzi hau. Norabidea? «Itsaso guztiak». Astero desberdina.
ARGIA. Itsaso guztiak desberdinak al dira?
BELEN AIZPURUA. Ez dakit, nik Kantauri eta Mediterranioa ezagutzen ditut. Hala ere, uste dut itsaso guztiak desberdinak izaten direla, eta itsaso bera ere desberdina izaten dela. Batzuetan oso lasaia, besteetan ekaitz handikoa. Eta uste dut pertsonak ere horrelakoak garela, beti ezberdinak.
A. Horren bila ere joan zarete, korrontearen aurka doazen arrainen bila.
B.A. Ez dakit lortu dugun, baina horren bila joan gara. Gainera, oso gutxitan egiten dira elkarrizketa luzeak, pertsona batekin, luzez hitz egin ahal izateko berarekin. Normalean oso labur eta gai konkretu bati buruz hitz egiten da jendearekin, eta gure saioan korronte guztiei jarraitzen saiatzen gara gonbidatuarekin.
A. Zarautzen ikasitakoa Bilbon ez ahanztekotan?
B.A. Zarautzen ikasi nuen, baina hemeretzi urte daramatzat Bilbon eta hemen ere asko ikasi dut. Benetan. Eta lehorrekoa izan arren, itsasoa ez dago hain urrun.
A. Ar eta eme izaera eman diezu zure itsasoei. Bederatzi batekoak, bederatzi bestekoak.
B.A. Ahaleginak egiten ditugu emakume euskaldunak ateratzen, baina asko kostatzen zaigu. Emakumeak irekiagoak garela diote, baina gure gauzak oso publikoak egitea ez zaigu gustatzen. Nahiago dugu lagun artean mintzatzea. Azkenean lortu dugu, baina kostata.
A. Ez al duzu hainbeste uretan itotzeko beldurrik?
B.A. Ez dakizu zenbat aldiz ito naizen! Askotan. Oso zaila da elkarrizketaren haria ordu erdiz mantentzea paperik gabe. Baina horretan gidoilariak, Edorta Jimenezek, lan handia egin du. Askotan, dena den, elkarrizketa berak eraman egiten zaizu, eta ito egiten zara nolabait.
A. Marinel onak topatu dituzu, beraz, untzi honetan.
B.A. Bai, kamerariak ere oso ongi portatu dira, baita errealizadoreak ere.
A. Itsasoak ba al du esperantzarik?
B.A. Beti. Ez da esperantzarik galdu behar, bestela urak eraman eta hondoratu egiten baitzaitu. Beharrezkoa da aurrera egiteko, ez itotzeko. Ekaitz zein barealdian igeri egiten jakin behar da.
Amagoia Iban
63
GaiezKomunikabidTelebistaETBAurkezleak
PertsonaiazAIZPURUA7
EgileezIBAN1Komunikabid