argia.eus
INPRIMATU
«Gure bezeroak diren baserritarrak enpresariak dira»
1993ko azaroaren 14a
Itziar Unzueta, Inkoa Sistemas-eko gerenteari elkarrizketa
«Gure bezeroak diren baserritarrak enpresariak dira»
Itziar Unzueta, Inkoa Sistemas-eko gerentea
Sondikako Bizkaiko Enpresa eta Aurrerapen Zentroan (BEAZ) dago kokatuta Inkoa Sistemas. Automatizazioa eta kontrolpeko sistemak egiten dituzte baina hauen berezitasuna zera da, nekazaritza arloari aplikatutako software-a egitea. Hau dela eta Itziar Unzuetari, bertako gerenteari, 1992ko Enpresari Gazteen Saria eman dio Eusko Jaurlaritzak. Berarekin aritu gara azken bi urte hauetako jardunaz.
ARGIA. Zer da Inkoa?
ITZIAR UNZUETA. Inkoa ingeniaritza enpresa da,eta batez ere nekazaritzan eta abeltzantzan aritzen gara. Gure sistemen bidez posible da negutegietan eta granjetako klimatizazio eta ureztapena automatizatzea, datuen kontrola eramatea eta abar, nekazaritzari dagokionez. Abeltzantza sektorerako animalien elikatzea kontrolatzeko ala hiltegietarako sistemak egiten ditugu. Noski, ez dira beti proiektu berdinak, kasu bakoitzak oinarrizko sistema hauen moldatzeak eskatzen baitu. Kasu bakoitzak dituen beharrak aztertu eta produktu osoa eskaintzen dugu, hau da, automatozazioaz gain, negutegia ere egiten eta instalatzen dugu.
A. Dena den, eta Euskal Herriko baserrien tamaina ikusita, zeintzuk dira zuen bezeroak? Nolakoak dira zuen zerbitzuen eske datozen baserritarrak?
I.U. Gaur egungo baserritarrak ez dira duela 20 urteko baserritarrak bezalakoak. Gaur egungoak enpresariak dira eta enpresari bezala kostuak murrizten eta produktuak hobetzen saiatzen dira. Ildo honetatik, Europako Komunitateak arau batzuk ezartzen ditu eta hauen arabera merkatua antolatzen da. Merkatu horretan lehiatzen diren enpresek, besteak beste, azpiegituren modernizazioa behar dute errentabilitatea lortzeko. Gure bezeroak ez dira egun erdiz lantegi batean eta gainerako denbora baserrian ematen dutenak; aldiz, enpresariak dira.
Negutegiei dagokienez, adibidez, gehienbat 1.000 m2 negutegiekin aritzen gara. Ez da superfizie handia baina Euskal Herrirako ez dago txarto. Badauzkagu 5.000 m2 ala 10.000 m2koak ere, baina normalean milakoak izaten dira. Abeltzantzari dagokionez, zerriekin aritzen gara batez ere, eta hauen tamaina 2.000 zerri dituzten etxaldeena izaten da, eta ganaduarekin aritzen garenean 200etik gorako etxaldeak izaten dira. Halako instalazioek, normalean, bospasei langile behar dituzte. Automatizazioari esker, pertsona bakar batek kontrola dezake dena. Bestetik, esku lanaz gain, kontsumo energetikoa ere % 50 inguru murriztea lortu dugu. Guzti honekin, eta kasuen arabera, nekazariak milioi bat edo bi pezeta aurrez ditzake.
A. Zuen arrakasta hori da, errentarritasuna?
I.U. Bai, baina produktuaren kalitate aldetik ere asko hobetzen da, batez ere itxura aldetik. Honi esker posible da, garaia ez izan arren, produktua merkatuan izatea, honek ekar lezakeen produktuaren garestitzea kontuan hartuta.
A. Nola ohartu zineten guzti honetaz?
I.U. Arrasateko Ingeniaritza Eskolan egon ginenean sektore honetara zuzendutako zenbait proiektu egin genituen. Euskal Herrian izugarrizko hutsunea zegoen nekazaritza elikagaien alor honetan, teknologiari zegokionez, eta hala abiatu ginen gauden tokira.
A. Beraz, ez duzue konpetentziarik?
I.U. Euskal Herrian ez. Baina Frantzian eta Europako beste herrialde batzuetan aspaldiko kontua da hau. Espainian bertan, batzuetan Valentziatik eta Lleidatik zenbait proiektu eskatu dizkigute nahiz eta han nahiko aurreratuta egon zentzu honetan.
A. Hasieran nolako harrera egin zizueten baserritarrek?
I.U. Lehen esan bezala, gaur egungo baserritarrak desberdinak dira. Haiek ondo dakite zer den makina bat. Are gehiago, eurak izan dira Inkoaren berri izan dutenean euren beharrekin gugana jo dutenak. Egia da, bestetik, guk ere behar horiek sortu ditugula; baina sektorearen garapenerako derrigorrez eman behar diren urratsak dira.
A. Nahiz eta Inkoak bi urte izan, fakturazio nahiko onak lortu dituzue.
I.U. Polita izan da egin diguten harrera. Aurreko urtean 28 milioi pezetako fakturazioa egin genuen, eta aurtengoa 30 milioikoa da. Aurten ere Eusko Jaurlaritzako Derioko Nekazaritza Eskolarentzako lan egingo dugu, 30 milioiko negutegi proiektu batean.
Myriam Gartzia
20-21

GaiezEkonomiaLehen sektoNekazaritza
GaiezGizarteaientziaInformatika
PertsonaiazUNZUETA3
EgileezGARTZIA3Ekonomia