argia.eus
INPRIMATU
Belen Etxabe: «Ez naiz etxekoandrea, gure etxean guztiok egiten dugu lan»
1993ko azaroaren 14a
Belen Etxabe, ETBko aurkezleari elkarrizketa
Belen Etxabe: «Ez naiz etxekoandrea, gure etxean guztiok egiten dugu lan»
Bikoizketa lanean zazpi urte inguruz aritu ondoren heldu zen arroatar hau telebistara. «Begoñaren etxean» jarri zen bizitzen, eta ikusleei etxeko lan desberdinak erosoen nola egin erakusten zien bitartean, berak ere ikasi egin du. Hala ere, ez du denbora gehiegirik ematen emakume honek etxean sartuta. Guztira ezin da heldu eta.
ARGIA. Etxezuloa al zara?
BELEN ETXABE. Ez, inoiz ez naiz izan gainera. Beti izan dut lanbideren bat etxetik kanpo, eta ez dut denbora gehiegirik izan etxean sartuta egoteko.
A. Etxekoandre modernotzat jotzen zaituztenei zer erantzungo zenieke?
B.E. Ez naizela etxekoandrea. Gure etxean guztiok egiten dugu lan, etxetik kanpo egiten dugun bezalaxe.
A. Zein da gehien gorroto duzun etxeko lana?
B.E. Ez daukat bat berezia. Beno, agian bai. Lisatzea ez zait batere gustatzen. Azken aldian konturatu naiz horretaz, beti arropa zimurtu piloa nire zain edukitzen dudala ikustean.
A. Zein da Belenen etxean gehien erabiltzen den elektragailua?
B.E. Gehienetan gertatzen den bezala, telebista. Askotan egoten da piztuta. Horrez gain, garbigailua.
A. Nork konpontzen ditu matxuratzen diren tramankuluak?
B.E. Gizonak nik baino gehiagotan, baina normalean telefono dei bat egin eta norbait ekartzen dugu. Horrelako langileek ere lan egin behar dute noizbait.
A. Landareak ala elektrizitatea?
B.E. Landareak, zalantzarik gabe.
A. Badirudi erakusten dituzun hainbat gauza gizonezkoen lana izan direla orain arte...
B.E. Hori aldatzen ari da. Orain arte horrela izan da, baina gero eta emakume gehiago hasi dira ikastaro zein lagunen bitartez mota honetako lanak egiten ikasten. Modan dagoela dirudi. Ni, neure aldetik, ez naiz lan horien zalea.
A. Nola imajinatzen dituzu zure ikusleak, mantala ala buzoa jantzita?
B.E. Normal jantzita. Nik neuk ez dut mantalik etxean. Ez zait batere gustatzen. Emakume zein gizonezkoek ikusten nautela uste dut. Gazteen artean emakumeek batez ere, eta helduagoen artean gizonezkoek.
Amagoia Iban
63

GaiezKomunikabidTelebistaETBAurkezleak
PertsonaiazETXABE3
EgileezIBAN1Komunikabid