argia.eus
INPRIMATU
Karmen Balentziaga: «Zahartuta ere, gustura dabilen emakumea naiz»
1993ko azaroaren 07a
Karmen Balentziaga "64" saioko aktoreari elkarrizketa
Karmen Balentziaga: «Zahartuta ere, gustura dabilen emakumea naiz»
Zumaiarra sortzez. Antzerki eta imintzioen mundukoa afizioz. Aktore berantiarra dugu Karmen Balentziaga, hirurogeita bost urte bete ondoren hasi zena eginkizun hauetan. Orain buru-belarri murgilduta dabil ETBn ikus daitekeen «64» telesailean. Leporaino sartuta baina, hori bai, bere gogo eta gustuz.
ARGIA. Nor da Karmen Balentziaga?
KARMEN BALENTZIAGA. Saio honetan atso zahar oso gaiztoa naiz. Ezpain-estu bat. Baina berez ez naiz horrelakoa.
A. Nola nahi izaten duzu deitzea? Aktorea, artista ala telebistako izarra?
K.A. Telebistako izarra? Izatekotan, ilargia. Baina ez. Ni Karmen naiz. Zahartuta ere gustura dabilen emakumea.
A. Zuk esan al zenuen umetan: «Ama nik artista izan nahi dut»?
K.A. Ez, esan ez, baina sentitu bai. Niri afizio hau barrutik kanpora ateratzen zait, eta hau aspaldidanik da horrela.
A. Zein paper beteko zenuke pozez zoratzen?
K.A. Andre edo amona on batena. Eta ez orain daukadanaren modukoa. Bere giroan ondo eta gozo konpontzen den emakumea izan nahiko nuke. Gazteriarekin ondo konpontzen dena. Izan ere, ni neu, gazteriarekin oso ondo konpontzen naiz, bai hamabi urtekoekin, baita hogei urtekoekin ere.
A. «64» egiten duzuen koadrilakoei, nola deitu behar zaizue? Nagusiak, zaharrak ala edadetuak?
K.A. Nik uste zaharrak garela, eta zergatik kendu izen hori? Orain hirugarren adina eta antzekoak esaten dira, baina hitz berriak dira horiek. Gu, zahar, erdipurdiko eta gazteak gara.
A. Gainontzekoak baino lotsagabeagoak al zarete zuek?
K.A. Lotsagabeak ez, baina jendeari harrigarria egiten zaio. Nola izan liteken, inoiz honelako lanik egin gabeak, eta aktore lanetan hastea hirurogei urtetik aurrera. Baina gu honelaxe gabiltza gustura, jendeari ondo pasatuarazten.
A. Esaiguzu umore horren sekretua.
K.A. Honek barrutik irten behar du. Garrantzitsua da elkarri lagundu eta ondo konpontzea. Gainera, guk telesail honekin ez dugu zahar egoitzetan eta antzekoetan dauden lagunen lepotik barre egin nahi, haiekin barre egitea baizik, han gertatzen diren kontu arraro eta bereziekin. Eta horrek duen sekretu bakarra umorea da.
Arantxa Iraola
63

GaiezKomunikabidTelebistaETBSaioak
GaiezKomunikabidTelebistaETBAktoreak
PertsonaiazBALENTZIAG1
EgileezIRAOLA5Komunikabid