argia.eus
INPRIMATU
Jon Andueza: «Ez dut neure burua izar ikusten, ezta informatiboetako aurkezle ere»
1993ko urriaren 31
Jon Andueza ETBko aurkezleari elkarrizketa
Jon Andueza: «Ez dut neure burua izar ikusten, ezta informatiboetako aurkezle ere»
Kalean egotea asko gustatzen zaio, kirola egitea baino, nahiago du kirolariak jardunean ikustea. Idazle izateko esperantzarekin beti, irakurtzera behartu du bere burua azken aldian, irakurketa gustatzen ez zaion arren. Amerikatik Arrasatera etorria, Arrasatetik ETBko «Hor dago koska» saiora. Izar berri bat jaio ote da?
ARGIA. Zer egiten du zuk bezalako amerikar batek Arrasaten?
JON ANDUEZA. Aita lesakarra Oregon-era joan zen artzain legez lan egitera, eta han ezagutu zuen nire ama. Hau arrasatearra zen. Ezkondu eta gutxira ni jaio nintzen. Sei hilabete nituela aita hil egin zen eta ama hona etorri bizitzera. Horrela heldu nintzen Euskal Herrira. Kasualitatez jaio nintzen han.
A. Ez zen horrela izango kazetaritza ikasketak egitea erabakitzea. «Arrasate Press» eta Arrasate Telebistan lan egina zara ETBra heldu baino lehen.
J.A. Idazketarekin antza gehien zuelako aukeratu nuen kazetaritza. Euskal filologia ere hor zegoen, baina ez zuen sormenerako hainbesteko betarik uzten.
A. Idazle izateko asmoa hor duzu, baina irakurtzea ez omen zaizu gustatzen.
J.A. Oso kaletarra naizelako izango da agian. Ez dut etxean denbora gehiegirik ematen, eta horrelakoetan nahiago dut idaztea irakurtzea baino.
A. Zer nahiago duzu, hitz egitea ala entzutea?
J.A. Hitz egitea.
A. Azken boladan jende askok entzuten dizu, «Hor dago koska» saioan. Beste mota bateko best-seller-a lortu duzu.
J.A. Baina ez zait ospea gehiegi gustatzen. Ongi dago jendeari nire lana gustatzea, baina gainontzeko guztia saihestu nahiko nuke. Zerbait apreziatzen badut, hori naturaltasuna da, eta izar izaerak ez dut uste hori gehiegi ahalbidetzen duenik.
A. Kazetaritza ikasketak egitea pentsatu zenuenean ETBko izar ikusten zenuen zure burua?
J.A. Izar ez, baina informatiboetako aurkezle ere ez dut neure burua ikusten hemendik hogei urtera. Horregatik ez nau hain jokoz kanpo harrapatu lan honek, Arrasate Telebistan bi urtez bildutako esperientzia bainuen. Gainera, hau ere amaituko da.
Amagoia Iban
79

GaiezKomunikabidTelebistaETBAurkezleak
PertsonaiazANDUEZA2
EgileezIBAN1Komunikabid