argia.eus
INPRIMATU
Jorge Gimenez: «Ez daukat telebistan profesionalki aritzeko asmorik»
1993ko urriaren 10
Jorge Gimenez-i elkarrizketa
Jorge Gimenez: «Ez daukat telebistan profesionalki aritzeko asmorik»

Alberdania argitaletxearen sortaileetako bat dugu Irungo Udaletxean Euskara Zerbitzuko burua den gizon hau. Itzulpengintzan eta literaturgintzan ere aritua, kasualitatez heldu da ETBko kameren aurrera. Gonbidatu gisa «Ados» saiora etorri zena «Zeuk Erabaki»ko aurkezlea dugu egun. Zeuk erabaki merezi ote duen.
ARGIA. Zeintzuk dira «Zeuk erabaki» saioaren oinarri nagusi eta erabakiorrak?
JORGE GIMENEZ. Saioaren nahia ikusleak erabaki arraro batzuk hartzera bultzatzea da. Ez da «reality show» bat, egoera asmatu egiten baita.
A. Saioan eztabaidarako gaiak izango direnak dagoeneko erabakita daude ala gaurkotasunik bizienaren arabera hautatuko dituzue?
J.G. Badaude programa batzuk dagoeneko erabakita daudenak. Beste sorta bat, ordea, Euskal Herrian gertatutako egiazko gertakizunetan oinarrituko da egoera hauek osatzeko. Dena den, oro har, fikziozkoak izango dira ugarienak.
A. Partehartzailerik kuttunenak zeintzuk dira zuretzat, kameraren aurrean beraien iritzia ematen dutenak ala telefonoz parte hartzen dutenak?
J.G. Garbi dago. Telefonoz deitzen duen jende guzti horren ezean, saio hau ezinezkoa litzateke. Dena den, kamera aurrera gonbidatu batzuk ekartzen badira, bizigarri gisara, egoki gerta litezke, jendeari elementu eta iritzi berriak eskaintzeko.
A. Batetik, ikusle mordoska bat telefonoz deika; bestetik, estudiotan bertan gonbidatu batzuk berriketan. Eta tartean zu zeu...
J.G. Neure burua joko honetan ikusterik baneuka! Nik ez daukat batere esperientziarik eta ikasten ari naiz orain. Dena den, saio honetan nire papera aurkezle hutsa izatera mugatzen da.
A. Behin ere telebistan lanik egin gabea eta zuzeneko saio batekin ausartu zara.
J.G. Uste dut zuzenekoarena mitoa ere badela. Nire ustez, ez dakit momentu honetan errazagoa izango litzatekeen grabatuan egitea. Zuzenean egiteak badu abantaila bat, badakizu noiz hasiko zaren eta noiz amaituko. Eta nik telebistan profesionalki aritzeko asmorik ez dudanez, ezin diot dedikatu beste era batean dedikatuko niokeen adina denborarik.
A. Telefonozko erantzun horiek uler al daitezke euskal gizartearen isla moduan?
J.G. Batetik, kontuan hartu behar da saio hau euskaraz dela. Beraz, iritzi hori euskara erabiltzen dutenen iritziaren isla izan liteke. Euskal gizartearen iritziaren isla dela esatea gehiegitxo iruditzen zait.
Arantxa Iraola
63

GaiezKomunikabidTelebistaETBAurkezleak
GaiezKomunikabidTelebistaETBSaioak
PertsonaiazGIMENEZ1
EgileezIRAOLA5Komunikabid