argia.eus
INPRIMATU
«Ez ditugu elkarrizketa helburuak bete, eta zentzu honetan, frakasatu egin dut»
1993ko urriaren 10
Eusko Ikaskuntzako lehendakariari, Gregorio Monreali elkarrizketa
«Ez ditugu elkarrizketa helburuak bete, eta zentzu honetan, frakasatu egin dut»
Gregorio Monreal, Eusko Ikaskuntzako lehendakaria
Euskal Herriko Unibertsitateko errektore ohia eta Zuzenbide Fakultateko katedraduna, Eusko Ikaskuntzaren gidaritzak ez dio lasaitzeko aukerarik eman. 75 urte bete dituen erakundeak herren dauzka proiektua eta laguntzak; ez ordea, etorkizuna, Gregorio Monrealek dioenez. Frogatzeko eskatu diogu eta honen harira eman dizkigu adibide gehienak. Euskal kulturaren ikuspegi zabalagoa ere eskaini digu, kritika zorrotzen artean.
ARGIA. Eusko Ikaskuntzako lehendakari izendatu zintuzten iazko ekainean. Potestas izateko? Ohorezko kargua betetzeko? Administrazioen eta beste erakundeen aurrean bitartekari izateko?
GREGORIO MONREAL.
Elkarte honetan, organu legitimatzailea asanblea orokorra da. Kargu bakarra aukeratzen du berak, lehendakaritzarena. Asanblea honetan onartzen den programa betetzeko nago, gero praktikan, batzorde iraunkorraren bitartez bideratzen dena. Nire lidergoa, beraz, oinarrian demokratikoa izateaz gain, bi erabakigune nagusi horiei loturik dago.
A. Eusko Ikaskuntzako korronte guztiak biltzeko gai izan al zara?
G.M. Ez dakit daudenik ere, ez ditut antzeman. Antzeman dudana zera izan da, hainbatek lan egiten dutela eta beste hainbatek ez. Bestela, inoiz ezagutu dudan batzorde iraunkor baketsuena dugula aitortu behar dizut. Ia akordio guztiak aho batez hartzen dira.
A. Instituzioekin izan dituzuen hika-mikak eta gero, nola geratu da zure kargua eta erakundea, indartuta ala ahulduta?
G.M. Gure aldetik ez da egon, ez dago eta ez da egongo, inorekin, are gutxiago instituzioekin, istiluka aritzeko gogo izpirik. Elkarrizketarako jarrera azaldu da hasieratik, azkeneraino saiatu gara elkarrizketaren bidean, eta horretan jarraituko dugu.
Agian, ez ditugu elkarrizketa helburuak bete, eta zentzu honetan, frakasatu egin dut, espero zen giroak huts egin duelako, ez garelako gai izan aurrera egiteko. Ez dugu arrakastarik izan.
A. Hego Euskal Herriko lau diputazioek sortu zuten erakundea. Orain, hiru diputazio eta Nafarroako Gobernuarekin ari zarete. Baina soluzio eske edo, Ardanzarengana jo duzue. Zergatik, besteek huts egin dizuetelako?
G.M. EAEko Gobernuarena harreman faktikoa da, eta nahiz eta gure dokumentuetan loturarik ez daukan, diputazioen gaineko zuzendaritza morala dagokio.
Juridikoki, une honetan, gehiago ahal du Nafarroako Gobernuak EAEkoak baino. Ez dezakegu pentsatu, ordea, Nafarroako Gobernuak gure erakundea buru belarri defendituko duenik EAEko Gobernuaren borondatearen aurka. Bi gobernuena behar du, noski, kontsentsua. Eta hori bilatzen dugu.
A. Eusko Ikaskuntzaren arazo nagusia diruarena al da? Edo proiektuarena?
G.M. Gure elkartearen kontraesan nagusiak ez dira kanpokoak barrukoak baino. Modu egokian aztertu al dugu gizartearen bilakaera? Mugen suntsitzeak herria eraikitzeko ematen dizkigun erraztasun izugarriak? Unibertsitateetako marko berriak? Mass-mediaren inguruan datozen aldaketak? Nola heldu behar dio guzti honi gizarte zibilak? Eta Eusko Ikaskuntzak?
Proiektuaren definizioan aurrera egin behar du elkarteak eta hainbat arlotan lanean ari diren gizarte taldeak proiektura erakarri. Hau horrela egiten bada, politikari batek aurka bota ditzakeen kanoikadek (hori bai, egundoko boterea dute eta hori beldurgarria da oso) ez dezakete ito ondo definituta eta gizartearen sostengua duen instituzio bat. Honen testigantza Oñatin eman genuen.
A. Euskaltzaindiak 75 urte bete ditu eta euskara batua dauka aurrera atera beharra. Zuek ere 75 urte bete ondoren zer egin behar duzue?
G.M. Euskaltzaindiaren zeregina argi dago, hizkuntzaren sustatzea eta lantzea. Euskal kulturaren definizioa egitea, ordea, askoz ere zailagoa da. Gure ustez, Euskal Herriari eragiten dion oro da kultura. Oso zabala, beraz.
Euskal komunitate zientifikorik ba al dugu? Fisikoki badago, baina joan zaitez klaustroetara eta aztertu nola pentsatzen den eta egiten diren lan zientifikoen proiektatzeko naziotasunaren ikuspegirik badagoen. Instituzioen barruan ez dago herrigintzara jarritako dinamikarik. Hori da oinarrian huts egiten duena.
Adibide bat: ez dago unibertsitateen arteko gune bateraturik. Beste bat: gurea bezalako herri txikiak behar duen nazioarteko proiekzioa bultzatzeko aldizkaria falta zaigu, munduko liburutegi eta unibertsitate nagusienetan zabalduz, Euskal Herriko kultura ikuspegi zabala eskainiko duena.
Europako Komunitateak ikerketa programa aukerak eskaintzen ditu. Horietan parte hartzeko sare neutroak behar dira, unibertsitateak koordinatu eta guztien parte hartzea bideratuko dutenak. Dibulgazioa dago gero, kulturaren ikuspegi osoa eskainiko dituzten materialak osatu behar dira, historia dela, geografia...
Baina, zein da jokamoldea? Hor ditugu administrazioak zein unibertsitateak, eta zertarako besteak? Plataforma hauek gabe ez baitago aurrerapen zientifikorik, kontrasterik, komunikaziorik.
A. Noizbait aipatu duzu alderdi politikoek ez dituztela instituzio kulturalak baloratzen. Baloratu al zaituzte?
G.M. Gerra aurreko euskal politikariek liburuak idazten zituzten, oraindik ere guretzat erreferentzia direnak; gaur egun, ez dut ezagutzen libururik idatzi duen politikaririk. Orduan, kultura erakundeei errespetu ia sakratua zitzaien. Egun, politika munduak gizarte zibila jan digu eta erretiratzera behartu du.
Alderdi guztiek jokatu dute honela, ez dira jabetu Euskal Herriaren eraikitze prozesuan gizarte mailako ekimenek duten garrantziaz, eta lagundu behar direla, sustatu, ez mesprezatu, gertatzen den moduan.
A. Ez al zaudete gizartetik urrunegi?
G.M. Eusko Ikaskuntza ez da inoiz jakintsu talde `itxia' izateko asmoz aritu. Herriarekin harremanetan jarri eta dinamizatzaile papera betetzeari heldu dio. Egia da, gerra aurrean orain baino harreman askoz ere estuagoa zuela eta egun gizartetik oso urrun gaudela. Hauxe dugu oraingo defizit larrienetarikoa.
A. EHUn errektore zinela, unibertsitateaz etsita bukatu zenuen. Orain, unibertsitateen koordinazioaz mintzatzen zara.
G.M. Koordinatzearena gaizki ulertu dela uste dut. Guk plataforma eskaintzen dugu eta nahi duenak parte har dezake, inolako inposiziorik gabe. Norbaitek pentsatu baitu megalomaniak jota ari garela, gizarteak gure orbitan mugitu behar duelakoan. Ezta gutxiago ere.
Hala ere, unibertsitateari buruz ezkorra naiz. Guk antolatutako unibertsitatearen diseinua Euskal Herriaren beharretatik oso urrun dago. Ez dut esaten jende onik ez dagoenik, bai noski, baina oro har, irakasleen maila kaskarra da. Kalitate izugarria dakarren belaunaldia badago, zientziarekiko interesa duena, baina kalean daude... Bien bitartean, barruan, beste hainbat, bokazio faltan eta produktibitate emankorrik erakutsi gabe ari dira.
J.J. Petrikorena
46-49

GaiezGizarteaIrakaskuntzUnibertsitaEHUIrakasleakBesteak
GaiezKulturaKultur ErakEusko Ikast
PertsonaiazMONREAL1
EgileezPETRIKOREN1Kultura