argia.eus
INPRIMATU
«Bere freskotasuna, zintzotasuna eta egiazaletasuna jendearengana heltzen ziren»
1993ko urriaren 10
Anjel Zelaieta EHUko irakasleari elkarrizketa Arestiri buruz
«Bere freskotasuna, zintzotasuna eta egiazaletasuna jendearengana heltzen ziren»
Anjel Zelaieta EHUko irakasleak liburu bat idatzita dauka Gabriel Arestiri buruz:
ARGIA. Noiz ezagutu zenuen Gabriel Aresti?
ANJEL ZELAIETA.
Ez dut data ondo gogoratzen, baina 1965. urtean izan daiteke. Euskararen arazo eta gorabeherekin kezkatuta nengoen garai horretan, Juan San Martin ezagutu nuen, eta bisitatu egiten nuen batzuetan. Behin, bisita batean aurkitu nuen Gabriel Aresti. Bere idatzi eta artikuluen bidez ezagutzen nuen, batez ere «Harri eta Herri» ordurako argitaratuta zegoelako, baita «Zeruko Argia»ko artikuluak zirela medio, eta han topo egin genuen.
A. Zein izan dira zure bizipen garrantzitsuenak berarekin?
A.Z. Orduan apaiz ikasten nengoen. Bilbo ondoan den Etxebarri herritxora joan nintzen behin apaiz lanak egitera, hor zegoen hiribarren batera eta berak handik gertu zegoen enpresa bateko bulegoan lan egiten zuen. Nik tailerrean ziharduten langileak ezagutzen nituen eta horrela gure harremanak estutu egin ziren.
Artikulu batzuk idatzi nituen behin «Zeruko Argia»n inmigrazio munduaren inguruan, egun batean eztabaida sortu zen aldizkarian eta berak artikulu bat idatzi zuen ildo horri jarraituz, eta lerro beretik gindoazela ikusten zen. Ideologia edo giza arazoetara hurbiltzen ginen.
A. Zure ustez, zein izan da Gabriel Arestiren literatur lanen balio nagusia?
A.Z. Bera bizi zelarik, eta berak idazten zuenean, komunikatzeko gaitasun handia zeukan. Gogoratzen dut Ibon Sarasolak artikulu bat idatzi zuela orduko denboretan, esanez gazteak liburutegi batera joaten zirenean euskarazko testurik eskatu behar bazuten Arestirena eskatzen zutela. Beraz, orain esaten den moduan, komunikatu egiten zen orduko gazteria eta era guztietako jende bihurriarekin. Bere freskotasuna, zintzotasuna eta egiazaletasuna jendearengana heltzen ziren.
Garai horietan Mikel Zaraterekin behin berbetan egon nintzen eta berak hauxe esan zidan: «Aresti orain oso modan dago, baina ez da geldituko gerorako». Nire ustez erresistituko du denboraren indarra. Bere literaturtasunak segitzen du orduko lekuan egoten. Bere egiatasuna, zintzotasuna, naturalitatea eta ia profetikoa ziren bere indarrak.
A. Arestiren euskara ereduak zer garrantzi izan zuen bere garaian? Zertan uste duzu eragin duela ondorengo literaturan?
A.J. Literatur zaletasun handia zuen eta aurkitu zuen erdal poesian bideak oso landuta zeudela, eta euskaraz, berriz, oso gutxi landuta zegoen mundu zabala aurkitu zuen. Euskara batuaren arazoa ere. Villasantek esan bezala, esan daiteke berak erabili zuela lehenengoz euskara batua, berak eman zituela lehenengo urratsak.
Joxi Goikoetxea
44

GaiezGizarteaIrakaskuntzUnibertsitaEHUIrakasleakBesteak
GaiezKulturaArgitalgintArgitalpenaLiburuakBesteak
PertsonaiazELAIETA1
EgileezGOIKOETXEA7Kultura