argia.eus
INPRIMATU
Elena Azpeitia: «Kirolaria baino gehiago azpian dagoen pertsona baloratzen dut»
1993ko urriaren 03a
Elena Azpeitia, ETBko aurkezleari elkarrizketa
Elena Azpeitia: «Kirolaria baino gehiago azpian dagoen pertsona baloratzen dut»

Kirolari beti lotua egon da. Zarauztar honek hamar urte eman zituen eskubaloian jokatzen eta euskal filologiako ikasketak burutu ondoren, kirol munduan murgilduta dabil. Atuna tomatearekin gogoko duen eskorpio honek, hamaika kirolari elkarrizketatu ditu, futbolariengandik hasi eta arraunlarienganaino. Zinema zaletasunetako bat du eta kolore gogokoenak zuria eta beltza. Azken aldi honetan telebistan ari bada ere, irratian lan egin izanak asko lagundu dio.
ARGIA. Zer gorrotatzen duzu gehiago, «zango-trabatzea» edo «mikroan trabatzea»?
ELENA AZPEITIA. Zango-trabatzea.
A. Emakumeen Tourra noiz izango da gizonezkoen pareko?
E.A. Nire desioaren arabera, berehala. Baina errealitatean ez dela inoiz izango iruditzen zait.
A. Sauraren «Maraton» filmea, Hugh Hudsonen «Carros de fuego» edo John Hustonen «Evasion o victoria»?
E.A. «Evasion o victoria».
A. Maite Zuñiga, Rosi Talavera edo Maria Luisa Irizar.
E.A. Maria Luisa Irizar.
A. Kirol saio batean egon beharrean, «Begoñaren etxean» egon beharko zenukeela oihukatu dizun pertsonari, zer esango zenioke?
E.A. Aukera bat merezi dudala gutxienez, ez da hala?
A. Emakumeak «manolaz» jantzita edo «zezenak» toreatzen?
E.A. Norberaren pertsonalitatea errespetatzen.
A. Epaile bazina, Katrin Krabberi zigorra kenduko al zenioke?
E.A. Ezin da dopinaren jokoa legeztatu, kontrolatu egin behar da. Tamalez, dopina arinago doa berau kontrolatu behar duten «hankak» baino.
A. Kontxako estropadetan, traineruen ongi etorrian zer sentitu zenuen?
E.A. Oso hunkigarria izan zen. Kazetari batentzat, hor egotea, disfrutatzea da.
A. Bertsotan, Arantzazu Loidi, Estitxu Arozena ala Maialen Lujanbio?
E.A. Hirurak. Bertsolariekiko mirespen berezi bat sentitzen dut.
A. Zein kirolari gustatuko litzaizuke elkarrizketatzea?
E.A. Jende asko. Kirolaria baino gehiago pertsona baloratzen dut. Baita itzalean jarduten diren pertsonak ere.
A. Ikusi ahal duzu emakume bat kirol arduradun?
E.A. Bai noski, zaila den arren.
A. Lanean hasi aurretik urduri jartzen zarenean zer egiten duzu?
E.A. Azkazalak jateko bizioa gaindiezina egiten zait.
Jon Odriozola
79

GaiezKomunikabidKazetariak
PertsonaiazAZPEITIA3
EgileezODRIOZOLA3Komunikabid