Kilometroak jaia ospatu behar dela eta Antonio Camposeri elkarrizketa
«Egoera berriak birdefinizioa eskatzen du»
Antonio Campos, Ikastolen Elkarteko lehendakaria:
ARGIA. Egin iezaguzu ikastolen mugimenduaren egungo egoeraren diagnosia.
ANTONIO CAMPOS.
Egoera berriak birdefinizioa eskatzen du. Galdera hor dago: eta orain ikastolak zer? Horri erantzunez etorri beharko du antolakuntza berriak, ikastola pribatu eta publikoen arteko harremanak. Ikastolak zertan garen aztertu beharko da, zein helburu ditugun eta horietatik zeintzuk diren talde bezala eta zeintzuk ikastolak berak bete beharrekoak. Hori definituta, ikastolak eta taldearen artean zein konpromezu dagoen ikusi behar da.
A. Nola bildu, baina, sare pribatuan eta sare publikoan banaturiko ikastolak?
A.C. Gauzak aldatzen ez badira behintzat, guk orain arteko kongresuak ditugu oraindik erreferentzia, eta horiek ikastola guztiena izan beharko lukete. Aukerak aztertu behar dira, eta behar diren bideak ireki. Egoera zeharo ezberdinak daude, eta hurbilketa puntuak aurkitu behar dira. Federaziotik begiratuta, protagonismoa ikastolei eman behar zaiela uste dut. Batzuetan, martxa azkarraren eraginez, protagonismoa kentzen baitzaio jendeari. Partehartzea ikastolen historian ezaugarrietako bat izan da, eta horri heldu behar zaio berriz. Ez dadila kontu hau Federazioarekin identifikatu. Eztabaida guzti honek gauza onik izan du, urrun samar zegoen jende asko berriz bildu eta hurbildu egin dela.
A. Zein esanahi du Ordiziako egunak?
A.C. Hasieran zuen esanahi bera hartuko du aurtengo festak. Batetik, sare pribatuko ikastolek diru premia dute. Eta hor ditugu Nafarroa eta Ipar Euskal Herrikoak ere. Elkartze leku beharko luke izan, ikastola guztien eguna. Batzuk oso argi ari dira ikastolak zatitu nahian.
Alberto Irazu
25