argia.eus
INPRIMATU
«Irakaskuntza serio baten oinarria testuliburua da»
1993ko irailaren 26a
Jose Ramon Etxebarria EHUko irakasleari elkarrizketa
«Irakaskuntza serio baten oinarria testuliburua da»
Jose Ramon Etxebarria, EHUko irakasle kaleratua
ARGIA. Gaur egun gaindituta dago erabat euskararen gaitasun eza gai teknikoei dagokionez? Posible da edozein ikasgai euskaraz jaso eta ematea?
J.R. ETXEBARRIA. Gehienbat bai, gainditu dugu arazo hori. Euskara teknikoaren azterketa sakona egin da eta lexikologia eta lexiko berria sortzeko teknika asko eta ondo landu direlako. UZEI, Elhuyar eta espezialista talde garrantzitsu hauek estilo bat sortu dute, eta oreka mantentzea lortu. Honi esker zientzia eta jakintza arloan gabiltzan euskaldunok, arlo batzuetan gehiago eta beste batzuetan gutxiago, badakigu norantz jo dezakegun arazo bat daukagunean. Etengabe gaude lexiko berria sortzen.
A. Beste arazo bat testuliburuen falta da. Orain arte egindakoak baliogarriak al dira? Erabiltzen dira?
J.R.E. Unibertsitatean lan egiten duten irakasleak euren ikerketei buruz idatzi nahi badute posible dute, hizkuntzak ahalbidetzen du hori. Testu liburuekin beste horrenbeste. Orain arte egindakoak erabilgarriak dira eta erabiltzen dira. Neu naiz horrela egitera edoznor animatzen lehena. Euskarazko erreferentziarik gabe oso zaila egiten zait eskolak ematea. Horrela aritu naizenean, testulibururik ezean, testua sortzea izan da egin dudan lehenengo gauza, ikasle eta irakaslearen arteko hizkuntza garbia eta zehatza izan dadin. Eskuliburuak, kontsulta liburuak, testuliburuak tresna oinarrizkotzat jotzen ditut. Nire inguruan Zientzia fakultateko irakasleen lanetako bat testuliburuak sortzea da. Irakaskuntzarako hiru elementu nagusi behar dira: ikasleak, irakasleak eta eskuliburu bat erreferentzia garbi bezala. Hau gabe oso zaila da irakaskuntza serioa antolatzea. Oraindik gutxi dira dauden liburuak, baina erabili erabiltzen dira.
A. UEU ari da testuliburuak kaleratzen.
J.R.E. Bere funtzio nagusietako bat hori da, testuak argitaratzea, eta horregatik bihurtu da euskal testu zientifiko-ekonomikoen argitaletxe handiena, testu gehienak bertan argitaratzen baitira. Euskal unibertsitaterako azpiegitura prestatzen ari da.
24

GaiezGizarteaIrakaskuntzUnibertsitaEHUIrakasleakKaleratuak
PertsonaiazETXEBERRIA2
EgileezGARTZIA3Gizartea