Ali Iriart-eri elkarrizketa argazkigintzari buruz
«Gure herria ezagutzeko tresna ederra da argazkia»
Ali Iriart, argazkilarien biltzeko xedea bultzatu nahian
Donibane Garazin, irailaren hamabian, argazkilarien lehen biltzarra egingo da. Ekitaldiaren muntatzen aritutako Ali Iriart dentista garaztarrarengana jo dugu ulertzeko nola bururatu zaion zirkulu klasikoetatik at horrelako iniziatiba bat bultzatzea, kultur bide berri batzuk urratuz.
ARGIA. Noiz hasi zinen argazki mundu honetan ibiltzen?
ALI IRIART. Aspaldidanik hasi nintzen mendian ibiltzen, inguru hori asko maite dudalako eta bide beretik noiz behinka argazkiak ateratzen nituen, baina amateur moduan. Gehien gustatzen zitzaizkidanak handitzen nituen. Gauza asko gaizki egiten nituela konturatzearekin, egiten nituen argazkiak lantzen serioski hasi behar nintzela ohartu nintzen. Beraz, azken hiru urte horietan argazkigintza ikasten aritu naiz, beti ere amateur moduan.
A. Orain erakusketak ere egiten dituzu.
A.I. Iaz, Garaziko festen karietara egin nuen nire lehen erakusketa eta Agustin Zamorari gustatu zitzaizkion, eta geroztik Euskal Herrian zehar erakusten ditut.
A. Ba al da argazki azpiegiturarik Iparraldean, gazteak formatzeko edo?
A.I. Momentuko ez dago deus, ez argazki elkarterik, ezta leku berezirik argazkiak egiten ikasteko ere. Horrexegatik, aurten antolatzen dugun erakusketaren ondotik, elkarte bat sortu nahi dugu argazkiak egiten aritzen direnak biltzeko. Gertatzen da hemen, adibidez, Garazin bertan bi argazkilari profesional dauzkagula, baina ez dute ez horiek ez besteek gauza handirik egiten mundu hori ezagutarazteko. Profesional gehienek dirua bildu behar dute; beraz, argazki artistikoa ez zaie sobera interesatzen.
A. Zein da argazkilari amateurraren profila hemen?
A.I. Gehienetan mendian ibiltzen den jendea da, argazkiak egiten dituzte eta familian edo lagunen artean erakusten. Herri hau maite duen jendea da, argazki bat egiteko bihotza eman behar da.
A. Profesionalek nola hartu dute zure ekimena?
A.I. Profesionalek erreakzio oso ona izan dute helburuak aurkeztu dizkiedalarik, harriturik pixka bat, baina ikusi dutelarik inongo talderik ez zela ekimena lotzen, prest izan dira laguntza ekartzeko. Gisa guziz erran behar da ere horrelako bideak urratzeko erokeria piska bat izan behar dela, eta hori ere gustatu zaie.
Gogoratu behar da Iparraldean eta gehienbat barnealdean kultur basamortua bizi dugula, euskararen inguruan dauden antolaketen alboan ez dago deus. Beraz, kostaldera jo dut argazki artistikoan ari diren batzuk ezagutzeko: Etxandi, Martinez, Tuirs... Elizondotik bi heldu dira. Orotara hamabost bat profesionalek parte hartuko dute erakusketa horretan. Gero gaia mugatua zen, alegia, Euskal Herriko argazkiak izan behar ziren.
A. Bestalde, amateurrei zuzendutako lehiaketa dago.
A.I. Momentuko ehun bat argazki bildu ditugu lehiaketa honetan parte hartzeko, baina eskainiak izanen diren sariak, aurtengoz bederen, ez dira oso inportanteak. Nagusia mila liberakoa da. Baina gisa guztiz, datorren urtean esperantza dugu eskaintza handiagoak izanen direla. Aurtengoa entseiu bat da eta ondoko urteetan ate gehiagotara joko dugu. Momentuko erran behar dut deus eskatu gabe Garaziko herriko etxeak eta bertako babesleek lagundu didatela. Jakina aurrekontu oso ttikia dugula eta ekitaldi guzia kittorik dela.
A. Zer nolako elkartea sortu nahi zenuke?
A.I. Lehenik, elkarte horrek bere gain hartu beharko du argazkilarien biltzar horren antolaketa, urtero irailaren bigarren asteburuan iraganen dena. Seguraz ere, horren inguruan, beste erakusketa batzuk, urtean zehar. Baina beste sail interesgarri bat litzateke formakuntzaren inguruan, hemen, Garazin, lizeo bat izatea. Ikasleak flipper-ren inguruan ikusteko ordez, argazkigintza haiekin garatzea interesatuko litzaidake.
Gure herria ezagutzeko parada ezin hobea da argazkia. Argazkien bitartez jendea ohartuko da herri zoragarria dugula eta bertan interes gehiago emateko gogoa etorriko zaiela uste dut.
Ixabel Etxeberria
48-49