«Normalean interes ekonomikoa bakarrik izaten dute ordezkariek, eta beste guztia bost axola»
1993ko irailaren 05
Markox Juaristi, Akelarreko baxujoleari elkarrizketa
«Normalean interes ekonomikoa bakarrik izaten dute ordezkariek, eta beste guztia bost axola»
Markox Juaristi, Akelarre taldeko baxujolea:
ARGIA. Herriko festetako jaialdietan kontratazio agentzia edo ordezkarien bidez jotzen dute taldeek gehienetan.
AKELARRE. Guretzat eta gu bezalako taldeentzat ez dut beren beharra ikusten. Euskal Herria txikia denez, denok ezagutzen dugu elkar eta ez dugu behar beren laguntza edo lapurreta.
Azken batean, beraiek prezioa loditzen dute eta inongo zerbitzurik ez eman horren truke. Beren lana, gehienetan, telefono dei bat besterik ez baita izaten. Guk lan hori oso eskasa ikusten dugu eta horren truke diru pila bat irabazten dute, ia guk baino gehiago.
A. Ezberdina da talde baten managerraren jarduera.
A. Talde batzuekin bakarrik manager bezala ibiltzen direnak ezin dira konparatu pezeta batzuk ateratzea helburutzat dutenekin. Lehenengoek lan sakona egiten dute, baina oro har, hemen dauden 30 edo 40 agentziek telefonoz egiten dute lana. Dei bat eta kitto. Gainera, beren interesak aurrera eramateko askotan trikimailuak eta gezurra erabiltzen dituzte udaletxeetan, «talde honek egun horretan ezin du, beste hau libre dago» esanez.
A. Zuen kasa aritzen zarete, ordezkarien laguntzarik gabe.
A. Ez du pena merezi agentzia batekin jarduteak. Gehienetan, ordezkariari ez zaio axola oholtza hausita dagoen ala ez. Normalean interes ekonomikoa bakarrik izaten dute, eta beste guztia bost axola. Euskaraz egitea modan baldin badago, euskarazko taldeak bultzatuko dituzte, baina bihar moda erdara baldin bada, ez zaie axola Espainiako taldeak ekartzen hastea. Salbuespenak badaude, eta kasu bakoitza aztertu beharko litzateke, festak nola antolatzen diren ikusi... Baina nire ustez talde gehientsuenak pixka bat nazkatuta daude jende horrekin.
Joxi Goikoetxea
43