«Ez dugu fruta landatzetik soilik bizi den baserritarrik»
1993ko irailaren 05
Ikerne Zuloagari elkarrizketa nekazaritzari buruz
«Ez dugu fruta landatzetik soilik bizi den baserritarrik»
Ikerne Zuloaga, Bialka taldeko teknikaria
Bizkaiko Igali Azkuntzalarien Alkartasuna duela bost urte jaio zen. Bertan, Ikerne Zuloaga, nekazari-peritu bezala lanean aritzen den teknikaria aurkitu dugu. Bere lana elkartearen kide diren 370 frutazainei laguntza eskaintzea da. Fruta produkzio txikia merkaturatzen bada ere, gero eta gehiago dira frutarbolak lantzen dituzten baserritarrak. Bestetik, produktu berriek (kiwia adibidez) oso harrera ona izan dute bai baserritar zein kontsumitzaileen artean.
ARGIA. Noiztik behar dute baserritarrek laguntza teknikoa?
IKERNE ZULOAGA. Orain arte merkaturatu diren produkzioak oso txikiak izan dira eta gehienetan herriko azoketan edota etxerako burutzen ziren produkzioak ziren. Gaur egun horrekin ezin zara inora joan. Bilboko Hornidurarako Merkatu Nagusian (Merca-Bilbao), esate baterako, saltzeko 20-30 tona arteko produkzioa beharrezkoa da. Bestetik, itxura eta kalitatea ere zaindu beharreko gauzak dira. Produkzio, kalitate eta itxura maila batzuetara heltzeko, fruta komerziala egiteko behar dute laguntza teknikoa baserritarrek.
A. Dena den, Euskal Herrian ez da inoiz horrelako fruta kopuru handiak ekoizteko tradiziorik egon. Zer gertatu da?
I.Z. Duela 25 urte inguru Bizkaiko Diputazioak Zallan jarritako igali hazkuntzalaritzarako gune esperimentalaren emaitzak dira, nolabait. Duela bost urte inguru, baserritarrak landatze handiak izaten hasi ziren, eta gaur egun, adibidez, gure kideen %60 inguruk hektarea bat edo bi frutarbola dituzte. Horrela hasi ziren produkzio serioak, iraunkorrak eta erregularrak lantzen. Adibide bat jartzearren, Bizkaian 120 madari hektarea ditugu eta aurreko urtean 300 tona kiwi saldu ziren. Bestetik, kooperatiba bat sortu da Garaia izenekoa fruta produkzioak merkaturatzeko eta, zonaldeka, makinaria taldeak sortzen ari gara. Dagoeneko bi martxan daude eta beste bi burutzear. Baserritar talde batzuk antolatzen dira eta daudenen artean makinak erosi eta 20 hektarea bakoitzeko lanerako petsona bat kontratatzen da.
A. Hala eta guztiz ere, fruta landatze hauek, baserriko beste produktu batzuen krisiaren ondorioak dira?
I.Z. Ez. Gure bazkide gehienak, % 90 inguru, langile bikoitzak dira, hau da, lantegi eta buloegoetan lan egiteaz gain, baserria dute. Normalean ez dute lurra lantzeko denborarik eta frutak ez du baserriko beste produktu batzuk eskatzen duten hainbeste denbora eskatzen. Ez du denbora gehiegi kentzen, lurra zaindua duzu eta urte bukaeran gain-soldata bat ateratzeko beste ematen du, urte bukaeran bat edo bi milioi pezeta ateratzeko beste. Hau da, beste lan edota produktuen osagaia da, ez dugu fruta landatzetik soilik bizi den baserritarrik.
A. Kiwia bezalako produktu berriek oso harrera ona izan omen dute baserritar zein kontsumitzaileen artean.
I.Z. Kiwia eta madaria ditugu produkzio nagusiak. Baina jendeak ez daki euskal produktuak direla, jendeak ez daki Bizkaian fruta landatzen denik _Gipuzkoan sagardo sagarra landatzen da batez ere_. Lehia handia eta gogorra da. Euskal madarien kalitatea ona da eta kiwiarekin ikasten gabiltza, baina badauzkagu zenbait abantaila: gure produktua atzerritik datorrena baino lehenago merkaturatzen da, Italia edota Txiletik datorren kiwia hiru aste beranduago iristen da, adibidez. Aurreko urtean Garaian sartu ziren 300 tona kiwi merkeago saldu ziren, asko merkaturatu zelako.
A. Nola defini daitezke euskal produktuak? Zer egin behar da kontsumitzaileek euskal produktuak eros ditzaten?
I.Z. Label-a kaleratzea buruan izan genuen hasiera batean, baina ez dugu produkzio nahikoa label bat eskuratzeko. Eusko Jaurlaritzarekin batera, euskal produktua definitzeko etiketa edota marka bat atera nahi dugu baino oraingoz, gure produktuak beste edozein bezala merkaturatzen dira, diferentzia berezirik gabe, gure madariei ez baitzaie oraindik `txapelik' jantzi. Hemengoa izateak ez du oraingoz abantaila berezirik, hau da, Eroski bezalako saltoki handietan berdin saltzen da madari frantsesa zein hemengoa. Merkatuan bat gehiago besterik ez gara eta horregatik gure konpetitibitatea handitu eta gure kalitatea eta itxura hobetu behar ditugu. Orain arte, baserritarrak frutarbola aldatzen zuen eta hark ematen zuena ondo zegoen. Gaur egun merkatua dago eta teknikariak beharrezkoak dira kalitate, produkzio eta itxura maila hobetzeko. Horiexek dira BIALKAren helburuak.
Myriam Gartzia
20-21