argia.eus
INPRIMATU
«Hainbeste argitaldarirentzat merkaturik ez dago»
1993ko abuztuaren 01
Fermin Iraolagoitia Euskal Editoreen Elkarteko lehendakariari elkarri
«Hainbeste argitaldarirentzat merkaturik ez dago»
Fermin Iraolagoitia, Euskal Editoreen Elkarteko lehendakari berria
Azken 30 urteotan ikastolen munduan lanean aritu zaigun apaiza dugu Fermin Iraolagoitia, zuzenbide doktoradutza egina, Ibaizabal argitaletxeko arduraduna eta Eusko Editoreen Elkarteko partaidea, sortu zenetik. Jose Maria Sorsek utzitako lehendakari posturako aukeratu dute, oso momentu zailean, egin berri duten ikerketa lanak hitz handitan adierazten duenez.
ARGIA. Euskal Editoreen Elkartearen aurkezpena egingo al zeniguke?
F. IRAOLAGOITIA.
17 partaide gara, eta produkzioari begira, Euskal Herrian kokaturiko editorialeen %80 - 90 osatzen dugu. Kanpoan geratzen dira, azken 2 urteotan etorri diren enpresak.
Sartzeko baldintza batzuk daude, gutxienez urtean hainbat liburu euskaraz ateratzea, sortzea. Gure helburuak hauek dira: elkartekideei informazioa eta laguntza ematea, nola ekonomia hala komertzial aldetik edo tekniko eta juridiko aldetik. Gero, promozioa eta propaganda egitea, eta horretarako, merkatua ezagutu premia sortzen da, eta premia hori ikusita, burutu da Sayma etxeak egindako estudioa.
Eskaintza kolektiboak sortzen ahalegintzea dugu, guzti honekin batera, gure ardatzen artean.
A. Guzti honetan zertan asmatu eta zertan huts egin du?
F.I. Azken puntu horretan ez dugu ekintza aipagarririk egin. Orain artean, lan aipagarriena erakunde publikoekin (Eusko Jaurlaritza eta EAEko diputazioekin, batipat) harremanak eduki eta dirulaguntza zenbait bideratzea izan da.
Baina, ikerketa horretan agertu den legez, beste arazo batzuk ditugu. Gehien nabaritzen den hutsunea da argitaldariek enpresa itxura txikia dutela. Enpresa gestioa ez dute, gehientsuenek, behar bezala egiten. Beti aritu gara kulturaren asmo kutsu horrekin, enpresa bigarren mailan utziz, eta etorkizunari begira, alderantziz izan behar duela uste dut; bestea ahaztu gabe, noski.
A. Nola tajutu, baina, etorkizuneko urratsak?
F.I. Egungo egiturari begira, ekonomia, administrazioa edo komertzial arloetan hutsune askodun gestioa dugula nabarmentzen da. Erosketak eta salmentak egiteko orduan ez dugu irizpide bateraturik, bakoitzak bere ghetto-an funtzionatzen du.
Etorkizunari begira, elkar laguntzen saiatu beharko genuke, enpresa heziketa jorratu eta erreziklatuz. Erosketak egiterakoan, elkartzeko gai bagara, kasu, asko irabaziko dugu; eta barrutik, salmenta kontuak (ez gara iristen eta stock izugarriak ditugu pilaturik), marketina, publizitatea... Zuzentzeko alternatibak osatuz gero, egungo egoera aldatzeko bidean litzateke.
A. Zeintzuk dira zailtasunak?
F.I. Ideia aldetik premia sentitzen da; beharbada ez daukagu proiektu argirik. Momentu honetan, adibidez, hamar-hamabi argitaletxe gabiltza eskola materialak sortzen, eta gure merkatua gainetik ezagututa, horretarako, hiru argitaletxe nahikoa ginateke. Orduan, modu batera edo bestera, bide berriak jorratu beharrean gaude, gestio eta elkartzearen alorretan edo aliantza batzuk sortuta; bestela, batzuk pikutara joan beharko dugu.
A. Merkatuak al du errua?
F.I. Ez dago merkaturik hainbeste argitaldarirentzat. Gestioaren aldetik, bide batzuk ikasi eta erabaki batzuk hartzen ez baditugu, hiru-lau urtera, batzuk, ez daukagu zer eginik. Ez da posible horrela jarraitzea.
Gai izango bagina, Elkartearen bitartez, ikerketak egin, proiektu batzuk atera eta mailaka, gaur erosketak, bihar salmentak eta etzi elkargo batzuen bitartez lana egiteko, beharbada tokia egongo litzateke lanerako, eta aurrera egiteko.
A. Euskal Editoreen Elkartea al da horretarako tresna?
F.I. Izan daiteke horrelako bide bat bideratzen hasteko tresna. Orain artean, erakundeekin hitz egiteko bildu izan gara, baina, askoz ere inportanteagoa da, erakundeei eske eta eske joan beharrean, proposamen batzuk eskaintzen joatea. Joan gaitezen enpresa modura, hau edo hura sortzeko laguntzak eskatzera. Hori dugu bide egokiena, probetxugarriena, aurrera begira.
Horretarako, flexibilitate piska bat behar da gure artean, errezelo handiak izaten ditugu, beldurrak... eta gainditu behar ditugu.
A. Instituzioekin egun daramazuen dinamika ez dela egokia diozu?
F.I. Arriskutsua da. Momentu honetan, dirulaguntza horiek eduki ez bagenitu porrotean egongo ginateke hainbat editorial; baina, dirulaguntza horiek goitik behera badoaz, laster goaz porrotera. Aurre egiteko beste formularik bilatzen ez badugu, beltz dator etorkizuna.
A. Zer funtzio betetzen dute dirulaguntzek?
F.I. Hemengo liburua defizitarioa denez, parekatzekoa. Baina, hori ere, goitik behera doa, alde guztietan. Estudio horretan ikusi denez, dirulaguntzarik ez balego, momentu honetan elkartekide guztiok zorretan egongo ginateke, premiei erantzuteko posibilitaterik gabe.
A. Beraz, pastela ez da handitzen eta banatzeko gutxiago duzue.
F.I. Estudio serioekin, merkatua ondo ikasi eta eskatzen duena betez gero, ugaritu egin daiteke. Egun, ikastola eta ikastetxeetan, badakigu euskaraz erakusten dela. Gero eta gehiago sortzen dugu guk ere. Produktu egokiak sortu behar dira, ordea, eta honi aurre egiteko orduan ez daukagu egiturarik, denok denetik sortu eta saltzen dugu...
Editoreen Elkartearen helburuak ondo daude, beteko badira; hor sartzen dira aipatu ditugun bide guztiak, ekintza kolektiboak sortzearena barne. Indarra hortik etor dakiguke.
J.J. Petrikorena
48-49

GaiezKulturaArgitalgintBesteak
PertsonaiazIRAOLAGOIT1
EgileezPETRIKOREN1Kultura