«Baserritarrak azpiegitura enpresarialak behar ditu»
1993ko abuztuaren 01
Mikel Arriaga, Behiki Kooperatibako gerenteari elkarrizketa
«Baserritarrak azpiegitura enpresarialak behar ditu»
Mikel Arriaga, Behiki Kooperatibaren gerentea
Behiki kooperatiba duela bost urte sortutako enpresa dugu. Euskal Herriko Nekazari Elkartearen laguntzarekin hasieran, gaur egun bizitza propioa du eta baserritarrak ditu bazkide. Zornotzako enpresa honek baserrian ekoiztutako behiki eta txahalkiaren komerzializazio sareak zabaltzeaz arduratzen da. Mikel Arriagarekin izan gara sektore honek dituen lehiakide eta merkatuaren egoerari buruz solasean.
ARGIA. Une honetan, euskal okela saltzeko dagoen zailtasun handienetako bat atzerriko inportazioak dira. Behikik nola egiten dio aurre konpetentzia honi?
MIKEL ARRIAGA. Atzerriko inportazioak bi eratara ulertzen ditugu. Alde batetik Estatu espainarretik etortzen den okela, batez ere Kataluniatik eta, bestetik, Europatik datorkiguna. Hauen eta Euskal Herriko ustiapen sistemak oso desberdinak dira. Baserriaren inguruan naturalki eta modu ez hain intentsiboan produzitzen den okela dugu eta, aldiz, Kataluniakoak produkzio handiak dira, intentsiboak, hormona adulterazioz egindakoan eta abar. Europatik datorrena normalean soberakin-produktua da eta oso prezio merkeetan saltzen da merkatuan. Beraz, prezio aldetik konpetentzia ez-zilegi batekin topo egiten dugu, kalitatearen aldetik, baserriaren inguruko produktuak naturalak eta, beraz, kalitate handikoak direlako. Krisi garai hauetan kontsumitzaileak kalitateari baino prezioari erreparatzen dio eta, honen ondorioz, estatu mailan okela eskasia dagoen bitartean, bertako jendea hemengo okela saldu ezinik dabil. Euskal Herrian une honetan dagoen okelaren % 60 kanpotik datorrena da, eta gainontzeko % 40, hemen produzitzen dena, saltzeko arazoak ditugu.
A. Bestetik, okelaren adulterazioak mesfidantza handia sortu du kontsumitzaileengan. Nola sinestarazi zuen okela besteena baino kalitate hobeagokoa dela?
M.A. Jendeak badaki zer eta non erosten duen. Gaur egun okelaren identifikazioa non erosten denaren araberakoa da, hau da, kontsumitzaileak badaki non saltzen den kalitatezko okela. Guretzat bi baldintza daude okela merkaturatzeko unean: naturala eta kalitaztezkoa izatea.
Bestetik, label-aren borroka oraindik ez da bukatu.
Label-a izan daiteke bertako okela ezagutzeko modu oso egokia. Gu bezalako enpresa txiki batentzat oso zaila baita kontsumitzailea kontzientziaraztea, hau da, enpresa handiek badute indar hori, kontsumitzaileari zer erosi eta non erosi behar duen bideratzeko. Guretzat ez da erreza hori egitea, ez bada Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzaren bidez.
Label-a lortzen badugu, eta honek esan nahi du produktua kalitatezkoa izango dela eta baldintza batzuk betetzen dituela, orduan desberdinduko dira gure produktuak eta besteenak. Horretarako lan handia egin beharko da baserritarrarekin.
A. Gaur egungo egoera, duela 10 urte baino txarragoa da? Zeintzuk dira dituzuen aurrikuspenak?
M.A. Egoera ez da batere ona inorentzat, baina okelaren munduan duela 10 urte baino okerrago gaude. Duela hamar urte ez zen horrenbeste okela sartzen kapotik eta, jendeak erostera baserrira gehiago jotzen zuen. Egun, kalitatezko produktuak saltzeaz gain, baserritarrak bere tokia aurkitu behar du merkatuan. Hemengo alternatiba espezializazioa da. Ezin dugu horrelako okelarik ekoiztu, hori beste batzuek egiten dutelako askoz ere merkeago. Kontsumitzailearen konfiantza berreskuratu behar dugu, eta horretarako naturaltasuna eta kalitatea eskaini behar dugu.
A. Baserritarrek Behiki bezalako kooperatibak behar dituzte euren produktuak merkaturatzeko? Zeintzuk dira kontsumitzailearengana heltzeko bideak?
M.A. Merkatuak esango du zeintzuk diren sareak, merkatua dinamikoa delako. Gauzak ondo definituko balira, ez dut uste arazorik egon beharko litzatekeenik gure produktua enpresa handi zein txikien bitartez saltzeko; hau da, definitu zein den kalitatezko okela zein ez. Merkatu sistema honetan beharrezkoa da zerbitzua eskaintzea. Baserritarrak orain arte ez ditu bere jeneroa saltzeko hainbeste arazo izan, baina gaur egun merkatutik baztertuta sentitzen da, ez du gaia menperatzen eta horretarako azpiegitura enpresarial eta profesionalak behar ditu.
Myriam Gartzia
22-23