«Zinema maite dugulako egiten den errito antzua da laburmetraiarena»
1993ko uztailaren 11
Iñaki Dorronsoro zinemagileari elkarrizketa
«Zinema maite dugulako egiten den errito antzua da laburmetraiarena»
Iñaki Dorronsoro Etorkizuneko Zinemagileen Oscarren finalista geratu da
Hollywoodeko Arte eta Zientzien Akademiak banatzen dituen Etorkizuneko Zinemagileen Oscar sarietako atzerriko filmerik onenen artera eraman du «Argazkilariaren begia» laburmetraia Iñaki Dorronsorok. Jarraian, bere lehen luzemetraiaren gidoia osatzeko laguntza jaso du European Script Fund elkartetik. Gasteizko Irudi eta Teknologia Berrien Zentroko ikaslea den gasteiztarra, bere onenak emateko sasoian dagoelako elkarrizketatu dugu. Zorionak emanez hasi gatzaizkio.
ARGIA. Eskua luzatu eta saria jaso.
IÑAKI DORRONSORO.
Ez, Oscarra ez baitut nireganatu. Izendapenarekin oso pozik nago, baina hori baino ez da.
A. Iritsi zaren lekura iristea askorentzat amets, ordea.
I.D. Dudarik ez, baina Hollywoodeko sari hau bezain inportanteak direnak ere badaude, Mexikokoa adibidez, irabazi genuena, edo Hoberhausen-ekoa. Askoz ere publizitate gehiago egiten da honekin, hala ere.
A. Zinema aretoetan ikusteko aukerarik izango al dugu?
I.D. Laburmetraia laburra denean, pelikula baten aurretik jar dezaten saia zaitezke, nahiz eta oso mundu zaila izan. Baina nireak 45 minutu irauten du eta ezinezkoa da filme batekin batera ematea. Ez dugu saiorik egin.
Duela bost urte saio bat egin zuen hainbat jendek, ordu t'erdiko denbora osatu arteko laburmetraiak bildu eta areto komertzialetan eman zituzten. Formula hau baliagarria gerta daiteke.
A. Baliagarria bada, zergatik ez da erabiltzen?
I.D. Ez delako, inondik ere, komertziala. Iniziatiba hau Kultura Ministerioak hartuko beharko luke bere gain, diru etekinak bilatu beharrean urtean egiten diren ekoizpenak ezagutzera emateko.
A. Oraingoz, baina, sariren bat irabazten ez baduzu...
I.D. Galduta zaude. Laburmetraia kurrikuluma gizentzeko egiten duzu, diru eske zoazenean zerbait egin duzula esateko.
A. Malko asko isuri al dituzu eskean?
I.D. Beste edonoren antzera. Zure produktuaren % 50 babes dezakete, asko jota. Beste erdia ekoizle batek jarri behar du. Kontuan hartuta dirurik ematen ez duen produktu bat egiten ari zarela, geratzen zaizun irtenbide bakarra zorrak pilatzea da.
Frantzian martxan dagoen babes eta mezenazgoaren legeak, adibidez, kulturan inbertitutakoa zergarintzeko aukera ematen du. Eredu honetaz baliatu beharko genuke.
A. Kamikazearena omen zuen ofizioa?
I.D. Modu batera edo bestera hasi nahiak, horrelako zerbait ematen dit pentsatzera. Izan ere, zinema maite dugula demostratzeko egiten den errito antzua da laburmetraia. Inora ez doan zerbait. Norbaitek, historian zehar egin diren laburmetraien zerrendatxo bat eskatuz gero, inork ez luke izenik gogoratuko. Desagertzen dira, nahiz eta kalitatez izugarriak izan.
A. Zerbait ikasten al da martxan dauden bideo eskoletan?
I.D. Okasiorik badago, behintzat. Ez dakit jendea zertaz kexu den, luxua baita gurea! Gasteizko eskolarekin zerikusi zuzenena duen zentro bakarra Katalunian dago eta pribatua da. Gurea, berriz, doakoa. Espainia osoan ez dagoena daukagu.
A. Europatik etorri zaizu orain eskaintza.
I.D. Filmea egiten utziko diguten ikusteke dago. Orain gidoia egingo dugu, European Script Fund elkarteak dirulaguntza bat eman baitigu horretarako. Sei hilabetean bukatu nahi dut eta hortik aurrera...
Europar elkarte hau oso selektiboa da, hau da, produktua egingo dela zein produkzio mailan euskarri onak dituela ikusi arte ez du aldeko hitzik ematen.
A. Produkzioarekin jarraituz, Euskal Mediak zertan laguntzen du?
I.D. Diru publikoa pribatizatzeko ahalegina da, baina jartzen dituzten baldintzak ikusita, orain arteko akatsak errepikatzen direlakoan nago. Ez dut uste soluzioa denik. Azken batean, subentzioak ematen jarrai zezaketen, oinarrian gauza bera baita.
A. Laburmetraiatik luzemetraiara zer salto ikusten duzu?
I.D. Oraingoan, polizi filmea baino suspentsekoa izango da. Erdaraz egingo dugu. Pertsonaiak dira ardatz nagusiak. Aurretik ere, luzemetraietarako gidoiak prestatu izan ditudanez, ez dit beldurrik ematen. Zuzentzeak bai, ordea.
A. Euskal Herriarekin zerikusirik izango al du?
I.D. Pertsonaiek, gizartetik jasotzen duten biolentzia psikiko handia bizi dute. Hala ere, ez dut Euskal Herriko errealitatearekin identifikatzen.
A. Hemengo zinemagintzaren gorakada egiazko fenomenoa al da?
I.D. Katalunian baino pelikula gutxiago egiten ditugu, 4 edo 5, baina egiten direnak zinema aretoetara iristen dira, arrakasta maila ona lortuz. Aldiz, katalanek guk baino zinema askoz ere gehiago egiten badute ere, % 25 baino ez dute estreinatzen. Atera kontuak.
Zinema ona egiten da. Baina ez da hutsetik sortu. Urtetako lana dute bizkar gainean arrakastaz dabiltzan zuzendari hauek. Noizbait gailurrera iritsi behar zuten, eta beste asko --isilean ari direnak-- ere iritsiko dira, denboraren poderioz.
J.J. Petrikorena
42-43