argia.eus
INPRIMATU
«Jaunartzeetako menua ezteietakoarekin parekatu egin da»
Ritxi Lizartza 1993ko ekainaren 13a
Pelix Sarasola sukaldariari elkarrizketa
«Jaunartzeetako menua ezteietakoarekin parekatu egin da»
Pelix Sarasola, Txartel Txoko jatetxeko sukaldaria:
ARGIA. Zertan aldatu dira jaunartzeetako tradizioak jateari dagokionez, azken urte hauetan, jatetxe bateko sukaldariaren ikuspegitik?
PELIX SARASOLA. Lehen etxe inguruan antolatzen ziren festak, familiartea elkarturik. Ez ziren bazkari izugarriak izaten, baina bazuten gauza berezirik. Gaur egun jatetxeetarako bestelako zaletasunik dago eta bazkari ederra antolatzen da, jate aldetik zein jende kopuru aldetik.
A. Zenbat jende inguru biltzen da jaunartzeetako mahai baten inguruan?
P.S. Normalean hogeita hamar inguru izaten dira, batzuetan berrogei, eta gehienak familiartekoak. Krisi larrian bagaude ere, eta jaiotza kopuruak behera egin badu ere, jatetxera etortzeari ez zaio uko egiten eta horrelako ospakizun handiak ugalduz doaz.
Bestalde, itxurakeria apur bat ere badago, neure seme edo alabaren jaunartzeak auzokoarenak bezain handia eta dotorea izan behar baitu.
A. Zer nolakoa izaten da bazkari hori? Ezteietako menuaren mailara iristen al da edo badago alderik?
P.S. Jende kopurua ez bezala, menuak lortu du dagoeneko ezteietakoarekin parekatzea. Umeentzako menua frijituek eta solomoak osatzen dute. Adin nagusiekoentzat, berriz, hiru bat zizka-mizka hotz eta beste hiru bero; arraina eta, nahi izanez gero, haragia ere bai; amaitzeko tarta eta txanpaina. Beraz, ez dago alderik.
A. Zenbateko kostua izaten dute umeen ospakizun hauetan prestatzen diren menuek?
P.S. Normalean bospasei mila pezeta, eta umeena erdi prezioan. Beraz, alde horretatik ezteietakoaren adinakoa da jaunartzeetako menua.
Ritxi Lizartza
29

GaiezGizarteaIharduerakSukaldaritz
PertsonaiazSARASOLA3